2018-02-16 12:34

EAEko Auzitegi Nagusiaren epai berri horrekin batera hiru gehiago ditugu, Gasteizko epaitegietan emandakoak, auzi-jartzaileen aldekoak, zeinetan kontratuak legearekin bat ez zetozela ebatzi den.

Epai berri horien artean behin-behineko kontratua duen langile baten kasua dugu. Artean kontratua indarrean zegoela, langile horrek bere iruzurrezko egoera salatu zuen enpresan bertan, lan-ikuskaritzan eta epaitegian. Enpresan ELAko ordezkari izatea onartu zuen, behin-behineko langileen kidegoa ordezteko, eta egoera prekario hori salatzeko. Ordezkari izendatu eta egun gutxira enpresak kaleratu zuen, Lan Ikuskaritzak, ordurako, kontratua mugagabe bihurtzeko errekerimendua enpresara bidalita bazeukan ere.

Kasu horretan, enpresak, epaiari helegitea jarri badio ere, bitartean epaia betetzea erabaki du, eta langileari laneratzeko eskatu dio, gaur bertan gertatu dena.

ELAn sinetsita gaude langileen aldeko epai gehiago helduko direla. ELAk Mercedesen iruzur hori salatzen jarraituko du. Enpresako Zuzendaritzak, gertaerak onartu beharrean, gezurti hutsak garela esaten digu guztiz agerikoa dena salatzeagatik.

Tamalgarria iruditzen zaigu hori bezalako enpresa batek, inoizko egoerarik onenean dagoela, ekoizpenaren eta etekinen aldetik, guretzat ere pozgarri dena, baina horrelako kontratazio-politika izatea, behin-behineko langileen kaltetan, berez nahikoa zigorturik dagoena, azken hitzarmenetan galdu dituzten eskubide ugariak galduta.

Tamalgarria iruditzen zaigu beste sindikatu batzuek, ustez langileak ordezteko eta zaintzeko direnek, ez ikusiarena egitea Mercedesko kontratazioaren lege-iruzurraren aurrean beren ABLE/ETTen txiringitoari eusteko, Mercedesen lan egiten dugun guztiok ezagutzen duguna, kontratu mugagabeak sindikatu horietan afiliatzearen truke saltzen jarraitzeko.

Tamalgarria iruditzen zaigu politikari gehienek ―udalean, aldundian eta eusko legebiltzarrean―, lankide askoren egoera ezagutu arren, beste aldera begiratzea, eta Mercedes aipatzean, dena goraipatzea, nahiz eta kontratazioan, esate baterako, eredugarri izatetik oso urruti geratu.

Deitoragarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak aho betean esatea kontratazioko iruzurraren aurka ari dela, eta Lan Ikuskaritzak egoera horri aurre egiteko behar dituen baliabideez eta tresnez hornitu gabe uztea. Eta gure ustez oso larria da horrelako gauzak gertatzea gaur egun ziur aski den Euskadiko enpresa nagusian.

Egoera larri hori onbideratzeko gauza asko egin daitezke, norberaren aldetik, sindikatuen aldetik, politikaren aldetik eta baita herri-erakundeen aldetik ere, egiterik ez dagoen gauza bakarra beste aldera begiratzea da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.