2018-03-24 12:49

Martxoaren 24a “Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna” izanik Egiari Zor Fundazioak estatuaren biolentzia anitzak jasandako 10 pertsona bildu ditu egiak duen indarraren inguruan hausnartzeko. Emaitza Nagore Otegik eta Axun Lasak aurkeztu dute Bilboko “La Bolsan”.

“Egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehundaka eta ehundaka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko baliagarria da. Biktimak erreparatzeko ezinbesteko tresna da. Horrela bada, egia justizia da”. Ideia horren inguruan hausnartzeko espazio bat eskaini nahi izan dugu ekimen honen bidez. Emaitza hiru bideo laburretan bildu dugu:

1. Zer da egia zuretzat? Idoia Muruaga, Ibon Garate eta Olatz Etxaberen arteko elkarrizketa.
2. Justizia eredu berri bat: Martxelo Otamendi, Ane Muguruza, Axun Lasa eta Nagore Otegiren arteko elkarrizketa.
3. Egiarik gabeko kasuak: Ane Ayestaran, Eneko Etxeberria eta Izaskun Iantziren arteko elkarrizketa.

Horrez gain, Bilboko agerraldian azaldu dugu sufrimendu gehiago ez eragiteari ezinbesteko deritzogula gatazkaren ondorio guztiak konponduta eta gaindituta dauden eszenatoki bat erdiesteko. Beraz, zigorra helburu ez duen justizia eredu alternatibo bat eraikitzea beharrezkotzat jo dugu, gatazka gehiago ez luzatzeko. Hori, mekanismo berriak saiatuaz eta euskal gizarteko sektore sozial eta instituzional ahalik eta zabalenen konpromisoa oinarri hartuta izango da posible. Zentzu horretan, beharrezkoa da balioestea zein balore duen gertatutakoa ofizialki aitortzeak eta norberak egindakoen ardura hartzeak, justizia egiteko tresna gisara.

 

Egia, itzaletik argira. Lanean dihardugu euskal gatazkaren testuinguruan gertatutako guztia ezagutzearen alde eta biktima ororentzako aitortza eta erreparazio maila bera ziurtatuko duen marko legal berri baten alde.