"Gizon zuriek indiar emakumeen aurka egindako sexu delituak zigorgabe geratzen dira"

  • Edward Chu (Kaliforniako Santa Rosa, AEB, 1974) mediku eta antropologoak navajo indiarrak artatzen ditu Tuba City (Arizona)  hiriko ospitalean, Regional Health Care Corporation-en bitartekaritzaz. Gizarte begirada eta ikuspegi klinikoa uztartuz ehuntzen du bere lana.

Connecticut, Boston eta Baltimore artean hazi eta ikasi zenuen. Baina ia 3.500 kilometrora, AEBetako beste muturrean, Arizonako basamortu erdian lan egitea erabaki duzu, Navajo nazioko kokagune handienean. Zergatik?
AEBetako osasun sistema, herritarrentzat ez ezik, medikuntza soziala egin nahi dugun profesionalontzat ere izugarri frustragarria da. Amerindiarren erreserba batean aritzeak, ordea, baldintza sozio-ekonomikoek hiritarren osasunean duten inpaktua ulertzeko gakoak ematen dizkigu egunero. Komunitate-osasunaren alde eragiteko leku aproposa da.

Zergatik diozu medikuentzat ere sistema atsekabegarria dela?
Imajinatu urgentzietan aritzen zarela, diabetes krisi betean iritsi den gaixoa egonkortzea lortu eta alta emanda etxera bidaltzen duzula. Badakizu egun gutxira ospitalean izango duzula berriz ere, ez duelako dirurik intsulina tratamendua ordaintzeko, ez daukalako asegururik edo ordaintzen duen aseguruak ez duelako horrelakorik barne hartzen.

AEBetako gainerako herritarrekin alderatuta, zer nolako osasunerako sarbidea dute jatorrizko herriek?
Antzeko egoera sozioekonomikoetan bizi diren estatubatuarrekin alderatuta, pribilegiatuak dira; erreserba barruan bizi eta jatorrizko tribu bateko kide direla frogatzerik badute behintzat, zerbitzu medikoa ordaintzetik salbuetsita daudelako. Pribilegioa erlatiboa da noski, Gobernu Federalak jatorrizko indiar hauetako bakoitzarentzat estimatutako aurrekontua ez delako iristen aseguru pribatua duen hiritar estatubatuar arrunt batek horretan inbertitzen duen kopuruaren erdira ere eta, beraz, zerbitzu oso oinarrizkoa jasotzen dutelako. Baina, era berean, eta kontuan hartuta Tuba Cityn adibidez langabezia-tasa %50ekoa dela, salbuespen horri esker ez balitz, populazioaren gehiengoak ez luke inongo estaldurarik izango. Orain egoera askoz kaskarragoan daude hiritartasuna ez duten etorkinak.

Zergatik?
2015ean Obamak derrigorrezko bilakatu zuen hiritar orok osasun asegurua edukitzea, eta honek barne hartu beharreko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen erreforma harekin. Gutxieneko horiek ordaintzerik ez zuten hiritarrei zuzenduriko diru-laguntza sistema oso bat ere jarri zuen martxan. Kanpaina mediatikoak ez zuen kontatu, baina, diru-laguntza horietarako dirua ordura arte GKEetara eta karitate klinika publikoeta bideratzen zela eta, ondorioz, haien onuradun ziren hiritartasunik gabeko etorkinak babesgabe geratu direla.

Ba al dago bestelako mugarik navajoei eta gainontzeko jatorrizko tribuei zuzenean erasaten diena?
Obamaren erreformari lotutako diru-laguntza sistema berriak ehunka mila paziente sartu zituen osasun sistemara bat-batean. Aldiz, gutxienez zortzi urte beharko ditugu sendagile eta erizain berriak formatu eta hauek sistemara gehitzeko. Ondorioz, muga ekonomikoa gainditzea lortu duten gaixo askok ganorazko arreta jaso gabe jarraitzen dute, hain justu, profesionalak falta direlako.

Argazkia: Igone Mariezkurrena

Baina honek zergatik eragiten die indiarrei gainontzeko hiritarrei baino nabarmenago?
Tira, oro har, hiri nagusietatik urruneko nekazalguneetan bizi diren guztiei eragiten die, leku hauetan are larriagoa delako giza-baliabideen eskasia, baita anbulantzia eta bestelako baliabide materialena ere. Baina indiarrak beste inor baino isolatuago bizi dira, Gobernu Federalak jatorrizko tribuei aitortu zizkien eremuak, erreserbak alegia, kasu gehienetan ez daudelako euren berezko lurretan, baizik eta Gobernuarentzat interes handirik ez zuten eremu pobre, antzu eta garatugabeetan. Irisgarritasun eskaseko esparruetara desplazatu zituzten, hiriguneetatik urrun daude, eta osasun sistematik ere bai hortaz.

Zeintzuk dira Tuba City erreserban maizen artatzen dituzuen patologiak eta zer lotura dute navajoen bizimoduarekin?
Gaitz larri gehien-gehienak langabeziak eragindako alkoholismoarekin, sedentarismoarekin eta gizentasunarekin lotutakoak dira: diabetesa, gibeleko patologiak eta kardiobaskularrak nagusiki. Batez ere 20–40 urte bitarteko belaunaldiei eragiten die, zaharragoek dieta tradizionalari eusten diotelako oraindik eta, oro har, bizitza aktiboagoa egiten dutelako, ur bila edota egur bila joatearen ardurari ere eutsi diotelako. Bestalde, indarkeria maila izugarri altua da erreserban, kasik familia guztiek galdu dute kideren bat, eta erailketa horiek ezagunen artean gertatzen dira gainera, bereziki lagun, ahizpa-anaia edo lehengusu-lehengusinen artean, baita bikotekideen artean ere, bi norabideetan. Elkarrekin edateko geratzen dira, mozkortu eta borrokan amaitzen dute.

“Gaitz larri gehien-gehienak langabeziak eragindako alkoholismoarekin, sedentarismoarekin eta gizentasunarekin lotutakoak izaten dira: diabetesa, gibeleko patologiak eta kardiobaskularrak nagusiki”

Sexu indarkeria ere ohikoa al da?
Bai. Hamabost bat urte dituztelarik neskatxak gauez ateratzen hastearekin batera, bortxaketen biktima izaten hasten dira. Erasotzaileak, maiz, erreserba kanpoko gizon zuriak izaten dira. Navajo Gobernuak onartutako legeak navajoengan bakarrik dira aplikagarriak eta, aldi berean, zigor-kode federalak ezin ditu zigortu Navajo Gobernuaren eskumenekoa den eremuan gertatutako delituak. Hortaz, gizon zuriek indiar erreserbetan eta indiar emakumeen aurka egindako sexu delituak linbo legal batean geratzen dira, zigorgabe.

AEBetan nahiko zabaldua den uste batek dio alkoholak eragin azkarragoa eta handiagoa duela indiarrengan, eta arrazoi genetiko berberarengatik menpekotasunerako joera handiagoa dutela.
Uste oso zabaldua da, bai. Baina urtetako esperientziak erakutsi dit hau arazo sozio-ekonomikoa dela, ez kulturala, eta antzeko baldintzatan bizi diren estatubatuar zuriek ere jotzen dutela alkohol nahiz drogetara frustrazioaren aurkako baltsamo gisa. Kontua da Gobernuak eremu bereziki gogorretara desplazatu zituela jatorrizko tribuak, kasu askotan basamortu erdira. Tuba Cityn, esate baterako, supermerkatu bat eta fast food jatetxe bat besterik ez dago. Orain bi urte zine txiki bat zabaldu zuten, baina umeek eta nerabeek ez dute aisialdirako beste alternatibarik.

Eta zertaz bizi dira?
Tradizionalki nekazaritza eta abeltzaintza izan dira navajoen ekonomiaren zutabeak. Lurrak Gobernu indiarrarenak berarenak dira, eta bera arduratzen da familia bakoitzari sail bat edo beste egokitzeaz. Ur-iturriren bat duten lursailetan bizi direnek ardiak, behiak, zaldiak... hazten dituzte, eta nahiko ongi bizi dira, alkoholismo arazorik gabe. Baina Gobernu indiarraren barruan ere ustelkeria itzela da eta, beraz, lurren banaketa faboritismotan eta mesede-truketan oinarritu ohi da. Ikatz meategi bat ere badago, baina honek eskaintzen duen lanpostu kopurua txikiegia da 8.500 biztanletik gorako populazio batentzat, eta horregatik askok armadan ematen dute izena, soldata ez ezik hezkuntza ere jasotzeko.

2014an Gobernu Federalak 554 milioi dolarreko konpentsazio-akordioa sinatu zuen Navajo Gobernuarekin, natura-baliabideen kudeaketa txarragatik. Zer gertatu da diru horrekin?
Gobernuak komunitate indigena bati egin dion inoizko konpentsazio ekonomiko handiena izan zen, historikoa. Eta ustez Navajo Gobernuak kobratua du. Baina ez dirudi herritarrengana iritsi denik. Familia asko zolatu gabeko etxeetan bizi da oraindik, argindarrik eta urik gabe; eta honek, jakina, eragin zuzena du euren higienean, osasunean eta bizi kalitatean. Ez daukate zauriak garbitzeko modurik, adibidez. Edo, esate baterako, gurpildun aulkia edota ibiltzen laguntzeko eskorga behar dutenak nekez mugi daitezke kalean zein etxe barruan. Bestalde, nahiz eta egunerokoan navajoek ez duten ez tabakorik ez beste ezer erretzen, pipa zeremonia berezietarako bakarrik gordetzen dutelako, asmadun ume asko artatzen dugu, eta biriketako beste zenbait arazo duten helduak ere bai, su-egurra erabiltzen dutelako sukaldean, etxea berotzeko edota zaborra erretzeko.

Argazkia: Navajo Times

Trump-ek Standing Rock-eko (Ipar Dakota) lur sakratuen barruan eraiki nahi duen oliobidearen aurka altxatu zen Sioux Nazioa 2016an. Beste tribu batzuk ere batu ziren protestetara eta, proiektua geldiaraztea ez ezik, amerindiarren eta hauen eskubideen auzia aspaldiko partez ikusaraztea lortu zuten.
Bai. Ekimen hark jatorrizko herriak ez ezik, ekologistak, politikariak, gerra beterano zenbait eta Hollywoodeko izarren bat ere engaiatzea lortu zuen. Une batez lehen planoan egon ziren, baina azkar erori dira ahanzturan berriro ere. AEBetako hiritar gehien-gehienek ez dakite ezer bertako jatorrizko herrien historiaz, kulturaz, eskubideez ezta gaur egungo bizi-baldintza kaskarrez ere. Gutxiengo txiki-txikia dira, inork ez ditu bere diskurtso politikoan aipatzen. Kirol talde batzuek indiarren irudia maskota bezala erabiltzen dute, eta gainerakoan... kasinoen jabeak direlako ezagutzen dituzte, erreserbetan kasinoak legezkoak direlako.

Nolakoa da medikuntza mendebaldarraren eta navajoen medikuntza tradizionalaren arteko harremana Tuba City erreserban?
Navajoek nahiko indartsu gorde dituzte euren kultura, hizkuntza, usadioak eta baita medikuntza tradizionala ere. Hortaz, erreserbako ospitalean badugu Hogan izeneko espazio bat –Hogan da navajoen etxe tradizionalen izena–, tribuko xamanek bertan egin ditzaten euren zeremoniak, ingresatuta dagoen edozein gaixok hala eskatuz gero. Batez ere birgizarteratze errituak eta kantak izaten dira, navajoek sinesten dutelako gaixoaren eta bere medioaren arteko deskonexio edo oreka falta baten ondorioa direla gaitzak. Zeremonia horietan, normalean, gaixoaren familia osoak ere parte hartu behar izaten du eta, hortaz, medikuntza mendebaldarrak aintzat hartzen ez duen osagai sozialari garrantzia handia aitortzen zaio. Horregatik, alkoholismoaren ondorioz hautsitako familiak sendatzeko oso baliagarria izaten da, adibidez. Bestalde, ospitaleko teknikariak navajoak dira %100ean, eta erizainen %50 ere bai. Izatez, beste lan-irtenbide garrantzitsu bat da ospitalea eurentzat. Medikuak, aldiz, oso gutxi dira oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Navajoak
Eguneraketa berriak daude