Euskara ikasten

Doakotasuna agenda politikoan

  • Betiko aldarrikapena da: herritarrek euskara doan ikasteko aukera izan dezatela. Gauzatzetik urrun dago, baina badirudi EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2017-2018 ikasturtean pauso sendoa emateko asmoa duela: B2 mailara arte doan izango da. Horretarako baldintza ordea, ez da askoren gustukoa: matrikula ikasleak ordaindu behar du eta azterketa gaindituz gero soilik itzuliko zaio dirua.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2017ko apirilaren 02a
Argazkian, Donostiako AEk-ko Amara Berri euskaltegiko ikasleak doakotasuna aldarrikatzen. Kontseiluak ere kanpaina abiatu berri du “Euskara, denontzat doan” lelopean. AEK, IKA, Maizpide, Urrats eta Hitzez euskaltegiak dira kanpainaren bultzatzaileak. Arga
Argazkian, Donostiako AEk-ko Amara Berri euskaltegiko ikasleak doakotasuna aldarrikatzen. Kontseiluak ere kanpaina abiatu berri du “Euskara, denontzat doan” lelopean. AEK, IKA, Maizpide, Urrats eta Hitzez euskaltegiak dira kanpainaren bultzatzaileak. Argazkia: Dani Blanco.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun,  euskara ikasteko beka eta diru-laguntza sistema konplexua dago. Esan nahi da ez dagoela batasunik eta udal, foru aldundi eta Eusko Jaurlaritza mailako diru-laguntzak daude. Bakoitzak bere irizpideak ditu. Lasai asko gerta daiteke udalerri batean doan ikasteko aukera izatea eta beste herri batean ez.

EAJ eta PSE-EE alderdiek gobernu itunean doakotasuna jaso dute. Iragarri dute B2 mailara arteko bidean doakotasuna lortzeko lan egingo dutela eta HAKOBAn (Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea) prozesua lantzen ari direla. Hainbat alderdik eta euskaltegi pribatu homologatuk doakotasuna beste era batera ulertzen dute. Gobernuko bi alderdiek egin duten iragarpenak zera esan nahi du: ikasleak matrikula ordainduko du, gero dagokion mailaren azterketa egingo du eta gainditzen badu dirua itzuliko zaio, eta bestela ez. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 1.250.000 euro bideratuko ditu pauso horiek emateko.

Azterketan pot eginez gero ordaindu egin behar?

Euskaltegi pribatuen sektoreak eta hainbat alderdik ontzat eman dute gobernuak doakotasunean pausoak emateko ireki duen bide berria, baina hainbat irizpiderekin ez daude ados.

EH Bilduk martxoaren 9an legez besteko proposamena aurkeztu zuen euskara ikasteko doakotasunaren bidean urratsak emateari buruz. Alderdiaren ustez, EAEko herritarrek bi hizkuntza ofizialak ikasteko aukera izan behar dute eta ez da hala gertatzen, euskararen ikas prozesuak kostu ekonomiko adierazgarria duelako. Onartzen du herritarren ahalegin ekonomikoa arintzeko bideak badirela, beken eta diru-laguntzen bidez. Laguntza ekonomikorako sistema anabasa dela dio, eta sistema bateratzea eskatu du. Hiru eskaera zehatz egin ditu alderdiak. Batetik, 2018-2019 ikasturtetik aurrera diru-laguntza sistema bateratua, unibertsala eta berdintasunezkoa izan dadila, eta beraz C1 mailara arte (maila hori barne) ikasketa prozesua doakoa izan dadila. Bestetik, ikasturtea doan izateko baldintza ez dadila izan azterketa gainditzea, baizik eta helburua izan dadila euskarazko komunikazio gaitasuna lortzea eta eskola orduen aprobetxamendua. Hirugarrenik, urrats horiek diseinatzeko eta erabakitzeko administrazio publikoekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean aritu dadila Eusko Jaurlaritza. Podemos-Elkarrekin alderdiak ere doakotasuna ez du lotu azterketa gainditzearekin, ikasleek konpromiso mailak lortzearekin eta asistentziarekin baizik.

Lanbide, lehen urratsak ematen

Euskal Enplegu Zerbitzuan, Lanbiden, ez da egon euskara ikasteko edo eskaintzen dituen prestakuntza ikastaroak euskaraz egiteko ia aukerarik. Atea pixkatxo bat ireki da 2016-2017 ikasturtean. HABEk eta Lanbidek hitzarmena sinatu zuten eta horri esker hainbat langabek euskara ikasteko aukera izan dute. Hiru alorretan, hau da, merkataritzan, ostalaritzan eta gizartearentzako zerbitzu sozio-sanitarioetan izena eman zuten langabe guztiei, matrikula orriaren bidez, euskara ikasteko aukera eman zitzaien. Hiru alor horiekin abiatzea aukeratu zen, hain justu, lanean hizkuntzak erabiltzeko aukera ematen dutelako. Hitzarmenaren ondorioz 92 lagunek eman zuten izena eta orain euskara ikasten ari dira. A1, A2, B1 eta B2 mailetan ari dira ikasten, Araban 15 herritar, Bizkaian 53, eta Gipuzkoan 24. Eusko Jaurlaritzaren asmoa 2017-2018 ikasturtean Lanbiden izena emanda dauden langabetu guztiei euskaltegietan euskara ikasteko aukera ematea da.

Donostiako Amara Berri euskaltegiko ikasleek doakotasunaren aldeko aldarrikapenean parte hartu nahi izan dute. Argazkia: Dani Blanco.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztua du Eusko Legebiltzarrean Lanbidek sustatzen dituen prestakuntza ekintzetan bi hizkuntza ofizialak berdintasunez integratzeari buruz. Koalizioak kritikatu du Lanbidek ehunka ikastaro sustatzen dituela langile eta langabetuentzat, eta euskarazko edo euskararen bidezko ikastaroak “urriak eta anekdotikoak” izan direla. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat ikastarori buruz galdetu zionean, Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak honela erantzun zion 2016ko abenduaren 20an: “Ikastaro horietako bat bera ere ez da euskaraz egin”. Ikastaroak euskaraz ezin ziren egin, baina Lanbideren eta HABEren arteko akordioaren bidez euskara ikasteko eskolak jasotzeko aukera bazegoen, ohiko curriculumetik kanpo eta beraz eskola orduetatik kanpo. EH Bilduk kritikatu duenez, Lanbideko ikastaroetan lanari lotuta ingelesa ikas daiteke, baina ez euskara. Adibidez, taberna zerbitzari izan nahi duenak bere formakuntzan ingelesa ikasteko modulua dauka, euskarazko modulua berriz ez. Ondoko egoerak ere deskribatu ditu koalizioak legez besteko proposamenean: “Jendearentzako arreta” izeneko ikastaroak daude hainbat hizkuntzatan; “Komunikazioa katalanez” eskaintzen da; eta ingelesa A1 mailan hasi eta C1 mailara arte ikas daiteke. Euskaraz ez dago horrelakorik. EH Bilduk gogoratu du EAEko Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen dekretuak dioela langileek eskubidea dutela Enplegurako Lanbide Heziketa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko.

 

 

Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia

“Eskatzen dugu doakotasuna ez egotea emaitza akademikoari hain lotua”

Korrika betean harrapatu dugu Mertxe Mugika. Lanpetuta, baina euskaltegi pribatuen aldarrikapen historikoez hitz egiteko prest: ikasleek doan ikasteaz eta euskaltegiek finantzazio egonkorra edukitzeaz. Biribilgunean bueltak emateari utzi eta hitzetatik ekintzetara igarotzea eskatu du AEK-ko koordinatzaile nagusiak.

EAEn Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza aldatu da. Egon al zarete beraiekin, eta zer esan diezue?

Aurreko ekipoari esandako gauza berberak esan dizkiegu. Urte asko daramagu eskatzen helduen euskalduntze alfabetatzearen, eta batez ere gure moduko euskaltegien, hau da, ekimen sozialeko euskaltegien egoera normalizatzeko. Ea legealdi honetan neurriak jartzen diren eta biribilgunean bueltak emateari uzten diogun. Beraien esanetan ere, horren beharra dago.

Guk gobernu itunean agertzen dena aintzat hartu dugu. Gobernu itunak dio B2 mailara arte euskara ikastea doakoa izan behar dela. Guk diogu esanetatik ekintzetara pasa behar dela. B2ra arte doakoa izateko baliabideak behar-beharrezkoak izango dira.

Ez da oso seinale ona gobernu berriari gauza berak esaten ibiltzea.

Aldaketa badago bai gobernu itunean baita EAJren programan ere. Alabaina, aurreko legegintzalditik datozen gaiak dira. Doakotasuna agenda politikoan sartu behar dela esaten aritu gara azken urteetan eta gobernu itunean B2ra arteko doakotasuna jasota zegoela jakin genuenean esan genuen: “Lortu dugu guk proposatutakoa aintzat hartzea”.

Aurreko legealdian, ekimen sozialeko euskaltegien egonkortasuna lortzeko bidean, euskaltegi estandar baten kostua kalkulatzeko lana ere egin zen, nahiz eta dokumentu hori ez dugun ezagutzen oraindino. Beraz, lan batzuk abiatuta zeuden.

Koalizio gobernuan EAJ eta PSE-EE daude. Bigarrenak hauteskunde kanpainan ez du preseski euskararen aldeko keinu politik egin. Koalizioan eragingo duela uste al duzu?

Ez dugu uste kanpainan erakutsi duen jarrera gailenduko denik. Horrelako diskurtsoek ez dute lekurik, kalean beste jarrera batzuk daude, eta euskararen aldekoak dira, nahiz eta erreakzionarioak egongo diren. Lan Eskaintza Publiko bat dagoenean jendea normaltasunez dator euskaltegira hura prestatzera, onartuta dagoelako lanpostu batera heltzeko euskara beharrezkoa dela. Arartekoak gomendioa egin du, hau da, Lanbidek ere euskara eskaini behar duela, lana aurkitzeko bidea zabaltzen duelako. Batzuentzat konfort egoeratik mugitzea zaila izango da, baina olatuak beste norabaitera eramaten gaitu. Une honetan 30.000 herritar euskara ikasten ari da. Kopuru horrek erakusten du gizarte honek euskara behar duela, lanagatik, euskaraz bizi nahi dutelako, inguruak eraginda euskara erabiltzera bultzatuta daudelako. Sarritan ez dago beharkizunik.

Beraz, PSE-EErena bezalako diskurtsoak, eta doakotasunera heltzea adibidez, ez datoz bat.

Argazkia: Dani Blanco.

Ikasleek euskara doan ikasi ahal izatea urtetako aldarrikapena da. Zer dago egina eta zer geratzen da egiteko?

Aldarrikapen historikoa da. Pausoak eman dira. Hala ere, sekulako anabasa dago. Ikaslea non bizi den beka edo diru-laguntza sistema aldatzen da. Esate baterako, EAEko ikasle batek, datutegian badago eta maila bat gainditzen badu, beka dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak beste sistema bat dauka, ikasleak azterketa gainditzen badu hurrengo mailako matrikula ordaintzeko erabili behar du beka, bestela galdu egiten du dirua. Arabakoa beste modu bat ari da prestatzen: diru-laguntza ez du lotuko emaitzarekin, baizik eta izena ematearekin eta eskoletara joatearekin. Gipuzkoakoak beste modu bat dauka, udal bakoitzak ere berea dauka... Sekulako anabasa, eta hala ere, sistema guztiak ongi etorriak dira.

Beka sistema ordenatu behar da. Sistemak bidezkoa, berdintasunezkoa eta unibertsala izan behar du. Ikasleak ordaindu beharrekoa mugatu egin behar da, bai ala bai. Tasak ezarri daitezke, denei berdin eragiteko, udal euskaltegien matrikulazioak merkeagoak baitira, adibidez.

B2 mailara arte doan izango da baldin eta azterketak gainditzen badira, bestela ez.

Emaitza akademikoari hain lotua ez izatea eskatzen dugu. Herritar batzuek matrikula ordaintzeko ere (nahiz eta azterketa gainditutakoan dirua itzuli) zailtasunak dituzte.

Azken finean, euskaltegien helburua zein da, tituludunak ateratzea edo euskaraz egunero biziko diren pertsonak ateratzea? Guk euskara erabiltzaileak izatea bultzatu behar dugu eta ez tituludunak edukitzea. Titulua berez ez da ez ona ez txarra, baina helburua barik bitartekoa izan beharko luke eta horrelako neurriek sarri horretara eramaten gaituzte, helburua titulua bihurtzea.

Guk ez dugu esaten inondik inora “ate irekiak” egin behar denik, baina sistema bat baino gehiago dago aukeran eta diru-laguntzak ordenatu behar dira.

Lanbide hasi da euskara ikasteko aukera ematen.

Prestakuntza lerro handia dauka eta orain arte euskara ez da egon. Orain sinatu dute  hitzarmena Lanbidek eta HABEk. Espero duguna da datorren ikasturtean Lanbiden erregistratutakoek nahi duten euskaltegian izena emateko eta doan ikasteko aukera izango dutela. Gainera, hasierako pausoak ondo pentsatuta zeuden, erabilerari lotuta, hau da, besteak beste ostalaritzako eta merkataritzako ikasleei begira.

Euskaltegi homologatuen urtetako beste aldarrikapena  finantzazio egonkorra da. Eusko Jaurlaritzaren bidez kostuen %70 estaltzen duzue eta %80ra iritsi nahiko zenuketela diozue.

Denei pelikula bera kontatzen diegu. Helduen euskalduntze alfabetatzea bi zatitan banatuta dago, udal euskaltegiak eta ekimen pribatuko euskaltegiak. Udal euskaltegiek eskaeraren %30 hartzen dute eta besteek gainerakoa. Bien artean dagoen aldea izugarria da, bai langileen lan baldintzetan baita ikasleek ordaindu behar duten matrikulan ere. Baina zerbitzu bera ematen dugu, eta zerbitzua ez da heltzen leku guztietara, hau da, hiriburuetan ez dago udal euskaltegirik. Alde batetik, bai ala bai parekatu egin behar dira euskaltegiak. Udal euskaltegietan eskola ordua 74 eurotan dago irakaslearentzat eta ekimen sozialekoetan 37 eurotan. Amildegia konpontzea eskatzen dugu, ez udal euskaltegietakoei kopuruak jaistea. Bestetik, diru-laguntza kontzeptua gaindituko duen zerbait egon behar da, ikastetxeekin, EITBrekin, unibertsitatearekin egiten den bezala. Ezin gara ibili urteko aurrekontuei edo garaian garaiko gobernuei begira.

Doakotasunaz eta finantzazioaz hitz egin dugu. Zein beste aldarrikapen duzue?

Euskara mailaren egiaztatze sistema ondo garatzea nahi dugu, eta horrek lotura zuzena dauka eredu pedagogiko eta didaktikoarekin. Inbertsioak bideratu behar dira arlo pedagogiko eta didaktikora, ikasteko moduak eraldatzen doaz.

Alor hori oso landua zenutela uste nuen.

Bai administrazioarekin ari garenean bai kanpora begira, sarritan euskaltegiok ematen dugun irudia finantzazioarena edo diruarena da, eta pedagogian egiten ari den lan guztia faltan sumatzen dut. Orain Korrika gora eta behera gabiltza, baina aukera daukadan guztietan gustatzen zait arlo pedagogiko eta didaktikoa aipatzea.

Beste erronkarik?

Euskalgintza orokorrean hartuta, denbora askotxo daramagu elkarlana hitzaren atzean, eta gu horren bultzatzaile nagusietako bat izango gara, baina uste dugu berba bera agortzen hasita dagoela eta zerbait abiatu behar dugula administrazioaren eta gizarte eragileon artean. Biribilgunean bueltak emateari utzi beharra dago, eta hori talde berri honek [Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak] behin baino gehiagotan esan du. Nafarroan eta Iparraldean ere halako hotsak badaude.

Kanal honetan artxibatua: Doakotasuna

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude