Hurrengo erronka: boterea hartzea

  • Euskal Herriko Bilgune Feministak Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministak antolatu zituen abenduaren 13an. Ondarroako Kofradia lepo zela (600 lagunen aurrean), mahai-inguru bizia eta mamitsua egin zuten. Hurrengo erronka nagusia boterea hartzea dela azaldu zuten: erabaki politikoetan eragitea, hegemonikoa izatea, kontzeptu nagusiak feminismotik berdefinitzea, eta azken helburu gisa euskal estatu (trans)feminista lortzea.

Ezkerretik eskuinera Saioa Iraola, Ainhoa Etxaide, Miren Aranguren, Jule Goikoetxea eta Jeanne Roland.
Ezkerretik eskuinera Saioa Iraola, Ainhoa Etxaide, Miren Aranguren, Jule Goikoetxea eta Jeanne Roland.

Ondokoak bildu ziren mahaiaren bueltan: Josebe Iturrioz (berdintasun teknikaria), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia), Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea), Ana Murcia eta Jeanne Roland (Garaipen taldeko kideak), eta Idurre Eskisabel (EHUko irakaslea). Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek gidatu zuen mahai-ingurua.

Euskal estatu feminista helburu

Jule Goikoetxea: Estatu feminista, hori da helburua. Kataluniako Trantsizio Nazionalaren helburua independetzia bada, guk ere osatu behar dugu gurea, helburu zehatzak zehaztuz. Zer izango da euskal estatu feminista eta nola lortuko dugu? Baina ez 20 urtetan, baizik 5 urtetan? Epeak jarri eta bete behar ditugu. Ordua da erresistentziatik kontraerasora pasatzeko. Proposamen zehatza egingo dut: Feministen Estatu Kontseilua sortzea.

Josebe Iturrioz: Feminismoa ez da emakumeentzat bakarrik, proposamen olistikoa da eta ez da apendize bat. Munduan egon den proposamenik ia interesgarrriena da feminismoak egin duena. Alor guztiak ukitzen ditugu, pentsamendu pila bat garatu dugu, praktikak… Arazoa sorrarazten didate estatuen mugek: estatua nahi dugu, baina goazen mugaz harandi estrategia feministak garatzera.

J. Goikoetxea: Feminismoak berdintasuna bilatzen du. Eta berdintasun hori estatuaren ahalmenaren bidez inposatzen da. Adibidez, berdintasun sozioekonomikoa. Horregatik ematen diet garrantzia estatu egiturei. Boterea nahi dugu, zerbait egiteko. Egun baliabide gehien ematen dizkiguna estatua da, horregatik ez dut hitz egiten gizarte feministaz, komunitate feministaz… estatu feministaz hitz egiten dut.

Zer da feministentzat demokrazia? Edo zer ez da? Demokraziaren esanahi patriarkalak ez ditugu onartuko. Guk sozializatu behar dugu zer den demokrazia, bestela esaten digute zer den demokrazia eta guri esanahi horrek ez digu balio. Autoritatea lortu behar dugu, hau da, guk esaten badugu hau dela demokrazia, bada hau da demokrazia. Guk berdefinitu behar ditugu kontzeptuak, egia eraiki behar dugu. Egun demokraziak ongizatea esan nahi du, hemendik bost urtera demokraziak feminismoa esan nahi behar du. Hori egin daiteke eta egin behar da.

Estatugintza feministak esan nahi du estatuaren ideia feminismotik pentsatzea. Zergatik feminismotik? Feminismoa da ideologia bakarra proposamen integratzaileak egiten ari dena. Feminismoa ez da sektore batentzat, feminismoa herri osoa eraikitzeko beste era bat da.

Zer da estatu feminista? Eta zer da demokrazia feminista? Ez dago demokraziarik estaturik gabe. Zer den? Politika publiko feminista egiten duena, lege feministak egiten dituena… beti egon beharko da mugimendu edo kontrabotere feminista. Beti behar dira bi arloak. Mugimenduak egiten dituen eskaerak estatuak bere egin eta martxan jarri behar ditu. Baina erakundetzen den guztia usteltzen joaten da, horregatik behar da beti mugimendua, kontraboterea. Hau gakoa da. Beharrezkoak dira bi ardatzak, orain arte beti egon gara demokratizatzen sistemak baina kontraboteretik, eta oso motel goaz, kontrabotereak beti baliabide gutxiago dituelako, horregatik da kontraboterea.

J. Iturrioz: Asmatu ditzagun beste termino batzuk. “Estatu feminista”z hitz egiten hasi orduko feminismoa erori zaigu, estatuan zentratu gara. Goazen “transfeminismoa” erabiltzera.

Ainhoa Etxaide: Zorionak, aurreko topaketetan berdintasun teknikari pila atera zineten armairutik (denek “ni ere teknikaria naiz” esaten zenuten) eta gaur estatalistak ari zarete armairutik ateratzen. Baina baldintza batekin: estatua bai, feminista bada.

Ana Murcia: Agian beldurra izango diot estatuari? Nik behintzat duda dut estatuak existitu behar duenik. Ezadostasunerako eskubidea aldarrikatzen dut. Nik lehentasuna beste eremu batzuetan ikusten badut horri helduko diot. Nola egin emakumeak subjektu eraldatzaile bihurtzeko?

Erabakietan eta politiketan eragitea

J. Goikoetxea: Helburua litzateke estatu mailako solaskide bilakatzea feministak. Ongizate estatuan, sindikatuak solaskide ofizialak dira. Lortu behar dugu feministak izatea mintzakideak eta lege guztiak feminismotik pasa behar izatea.
Saioa Iraola: Mugimendu feministak aitortza politikoa izatea beharrezkoa da. Gainerako alderdi eta eragileekin mintzakide izateko gaitasuna lortu behar dugu.

Jeanne Roland: Nola lortu politikariek agenda politikoa talde feministekin partekatuta eraikitzea?

A. Etxaide: Subjektu politikoak izan behar gara eta erabakigarriak. Gauzak erabakitzen ari dira eta ez ditugu guk erabakitzen. Izan gaitezen zintzoak: zenbat erabaki politikotan eskatu zaio erabakia mugimendu feministari? Indarra hori da, baldintzatzeko gaitasuna izatea.

J. Iturrioz: Publikoan eserita aurpegi ezagun asko ikusten ditut alderdi politikoetan ari zaretenak, eta oso jatorrak izanik ere zuen alderdietako gizonek noraino hartu dituzte kontuan zuen proposamen feministak? Ez eman doan gure diskurtsoak gero eurek gu zapaltzen jarraitu dezaten. Esan dugu erabakitzerakoan feministoi ez zaigula alderdi politikoetatik deitzen, bada mesedez, deitu gaitzazue zuek!

Intersekzioak: klase soziala, arraza...

A. Murcia: Egiturazko aldaketak orain iritsi dira munduaren leku honetara, baina urte asko daramagu munduko beste leku batzuetako feministok horri buruzko eztabaidan eta hori da etorkin feminista askoren egoera. Helburua gizarte transfeminista multikulturala da, eta ez abangoardia bakar bat izatea, homogeneoa, zuria eta erdi mailako klase sozialena.

A. Etxaide: Ez dut ezagutzen pobrezian itotako subjektu politiko abangoardistarik. Nazkatu naiz entzuteaz “Euskal Herrian oso ongi bizi garela”: mahai honetan zortzi kide gaude eserita eta oso baldintza ezberdinak ditugu. Duela 6-7 urte kristalezko sabaiaz hitz egiten zen. Orain oinarri-oinarrizko eskubideak eta bizi-baldintzak lapurtzen dizkigutela esaten ari gara, kontua da nola berreskuratu antzinako baldintzak, haiek batere onak ez zirela azpimarratuta.

J. Roland: Nazioarteko harremanak boterean eraikitzen dira eta dominazioan. Horiek kontziente egin eta mahai gainean jarri behar dira. Gu gatoz herrialde batera, zeinak urteak pasa dituen gure herrialdeak zapaltzen, eta bertako emakumeak baliatu izan dira zeharka zapalkuntza horren onurez. Nola landu diskurtso politikoa, emakume eta etorkin gisa kokatzeko, arrazismoa indarrean dagoenean? Nola agertu gezurra dela kanpoko emakumeak bertako emakumeentzat mehatxu garela, euskararentzat, lan aukerentzat… Gu euskaltzaleak eta abertzaleak gara!

Idurre Eskisabel: Amaiur berri bat behar dugu. Ahaztu epika militarra, ezpatadun gizonez marraztua, eta osatu langile prekario eta migranteekin egindako Amaiur bat.

 


ASTEKARIA
2014ko abenduaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude