Feminismoa eta gizonen egitekoa


2014ko abenduaren 14an

Azaroan Bilbon Maskulinitatea eta giza garapenerako Ipar-Hego arteko topaketa egin zen Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Latinoamerikako kideen partaidetzarekin. Zentzu handia dauka maskulinotasun ereduak giza garapenarekin duen lotura agerian uzteak. Indarkeria matxistari buruz aritzean, arreta emakumeengan jartzen da: nola atera daitezkeen egoera horretatik, zer amodio eredu irentsi duten tratu txarrak onartzeko, eta abar.

Hitzaldietan partaide eta entzule gehienak emakumeak izan ohi dira, genero indarkeria emakumeon arazoa balitz bezala. Berdintasunaren aldeko gizonek, ordea, indarkeria matxistaren kontrako borrokan arreta gizonen erantzukizunean jartzen dute eta eurekin ere prebentzio lana egitea proposatzen dute, eguneroko jarrera mikromatxistak identifikatuz eta gatazketan biolentzia erabiltzearen joera soziala errefusatuz.

Are gehiago, beste arazo sozialen inguruko genero irakurketak egiten dituzte, esaterako, trafiko istripuak, drogen kontsumoa edota kriminalitatea maskulinotasun tradizionalaren gizarteratzearekin lotzen. Botere grina, arriskuak hartuz adorea etengabe adierazteko beharra edota sexualitate eredu berekoi eta aseezinaren sustapena kritikatzen dituzte, zaintza, elkartasun eta sentiberatasun jarrerak aldarrikatuz.

Zirrara ikaragarria egin zidan berdintasunaren alde lan egiten zuten gizonen lana ezagutzeak. Baina, laster ulertu nituen gizon berdin zaleen eta feministen arteko harremanetan nabarmen diren mesfidantza eta tirabiren zergatiak. Feminismoa jabekuntza eta askatasun bide bat da emakumeontzat, eta giro horretan gertatzen diren gizon berdin zaleen jarrera matxistak bereziki mingarriak dira, horiek identifikatzea zailagoa delako eta gure “etxean” ere eraso sexistak bizitzeko arriskuan gaudela suposatzen duelako.

Miguel Angel Arconadak, berdintasunean aditu den hezitzaileak, hitzaldi batean onartu zuen maskulinotasun berrien defendatzaile askok maskulinotasuna tradizionalaren kostuak ezabatzen dituztela, –esaterako, emozioak adierazteko edota sexualitate eredua zabaltzeko aukerak–, baina gizon izateagatik dituzten pribilegioak mantenduz: lidergoa, estatusa, boterea...

Jokin Azpiazu soziologoak ere Pikara aldizkarian kritikatu zuen maskulinotasun berrien diskurtsoaren enfasia identitatean kokatzen dela (zer esan nahi duen “gizon” izateak gizonarentzat) euren botere eta hegemonia onartu eta arbuiatu baino. Mugimendu honen begirada heterosexista dela ere uste du, erreferentzia subjektu bezala bikotean bizi den gizon heterosexuala izan ohi delako.

“Berdintasunarekin gizonok ere irabazten dugu”, esan ohi dute talde hauek gizonezkoak erakartzeko. Baina, egia esan, gizonek boterea galdu behar dute sexismoak eragindako desorekarekin bukatzeko, esaterako enpresa, sindikatu edo elkarte politiko baten zuzendaritzan emakumeak gehitzeko. Bestalde, zaintza ardura partekatzea ez da bakarrik haurrekin jolastea, baizik eta baita komuna garbitzea eta adineko senideen beharrei erantzutea ere. Gizonek onartu behar dute matxismoaren kontrako konpromisoa bidegabekeria historiko baten kontrako uste sendotik abiatu behar dela, euren botereari uko egiteko abantaila berrien, sarien eta txaloen zain egon gabe.

Nire asmoa gizon berdin zaleen ekarpenak eta konpromisoa aintzatestea da, baina euren pribilegioen islen aurrean tinko mantenduz eta, euren gizarteratze matxista deseraikitzen duten bitartean, emakumezkoen guneen beharrak defendatuz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko abenduaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude