Sormen kolektiboa garatzeko lanean

  • Marta Luxan (1970) Bilbon jaioa da; Hernanin bizi  da. Jokin Azpiazu (1981) Soraluzen bizi den ermuarra da. Joxemi Zumalabe Fundazioko (JMZ) Talde Eragileko kideak dira. JMZko proiektu berrian lanean ari dira 2010etik. Datorren martxoaren 17an, fundazioaren aro berriko aurkezpena egingo dute Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean. Fundazioaren asmoez eta norabideez mintzatu gara beraiekin.

Marta Luxan eta Jokin Azpiazu Joxemi Zumalabe fundazioko kideak.Dani Blanco

Joxemi Zumalabe Fundazioa (JMZ) 1995ean sortu zen. Herri mugimendua sustatzeko helburuz eratu zen, eta gaur egun ere lan horretan dihardute bere partaideek. Fundazioaren Talde Eragileko kide Marta Luxan eta Jokin Azpiazurekin berba egin dugu, soziologoak dira biak ala biak. Solaskideek ez dituzte azken hamarkadetan sortutako gizarte teoriak gutxiesten, alabaina, sormen kolektiboa hobesten dute: “Herrigintza sendo izatea gakoa da gure etorkizunaren jabe izan nahi badugu. JMZko kideontzat teorizatzea lan kolektiboa da, lan taldean oinarritua sortzea” esan digu Marta Luxanek.

Euskal Herriko herri mugimenduaren lan-emaitzak ezagunak dira, baita Espainiako Estatuaren aldetik jasan duen errepresioa ere. 18/98 + auzia gogoratzea besterik ez dago: “Fundazioak hainbat fase ezagutu ditu proiektuaren garapenean. 2000. urteko atxiloketak kolpe gogorrak izan ziren. Fundazioaren egitasmoak gelditu behar izan ziren defentsa lanak egin ahal izateko. Auzia 2008an absoluzioarekin itxi bazen ere, jasandako injustiziak hor daude. Esperientziaren alde baikorrak jaso ostean, egungo hausnarketek fundazioaren funtzionamendu berriak ekarri dituzte”, adierazi digu Jokin Azpiazuk.

JMZ Fundazioa aro berrian ari da. Azaldu itzazue zuen asmoen nondik norakoak, hasteko.

Marta Luxan: Asmoak herrigintza landu nahiarekin lotuta daude. Herri mugimendua indartsua izatea garrantzitsua da, eta areago garai hauetan. Horretarako ari gara lanean. Egungo egoera soziopolitikoa, oro har, ez da 1980. hamarkadakoa, ezta 90ekoa ere. Zentzu horretan JMZk egindako lana jaso ondoren, egungo egoera aztertu dugu eta gure jarduera egokitzen ari gara.

Jokin Azpiazu: Historian kokatu aldera berriz ere, 18/98 + auziaren absoluzioaren ostean, Fundazioko kideen eta kolaboratzaileen aldetiko hausnarketa egin zen. Proiektua berrabiatzea erabaki zen, jende berriarekin kontaktatuz. 1995eko helburuak zilegiak eta oso beharrezkoak ikusten ditugu, baina eguneratu beharra ikusten dugu. Izan ere, egoera soziopolitikoa ezberdina da, areago, maila teorikoan dauzkagun erreferenteak ezberdinak dira, aukera gehiago daude orain.

Luxan: Herri mugimenduaren beraren egoera ere desberdina da, baita gaur egun dauzkagun baliabideak eta funtzionatzeko moduak ere.

Azpiazu: Birsortze prozesu honetan gure proiektuaren zirriborroa egin dugu eta beste eragile batzuei aurkeztu diegu. Gure jarduera herri mugimenduekin eta herri mugimenduarentzat izatea nahi dugu. Iritzi trukatze garaian gaude, jarraian dinamika berria sortu nahi dugu gure proiektuaren baliagarritasuna neurtzeko.

Aldaketa garaia delakoak zein eragina du zuen proiektu gaurkotuan.

Azpiazu: Nik ez nioke horrenbeste inportantziarik emango “aldaketa politiko garaia” delakoari, ez nuke ETAk bere jarduna utzi izanaren aldaketarekin lotuko, adibidez. Gure hausnarketak lehendik datoz, fase politiko hau agortutzat eman baino lehenagotik, une historiko hau baino lehenago ere bazeuden kezkak. Horregatik, beste herri eragileen kezkek ere badute zerikusia gure proiektuaren asmo eta kezkekin. Laburrean, hauek dira herri mugimenduaren arrazoi batzuk: jendeak ez du herrigintzan parte-hartzen 80-90. hamarkadetan bezala, jendearen parte-hartzea eta erabakitzeko moduak eraldatu dira.

Luxan: Eta ziur aski ez dugu parte-hartzen orduan bezala, moduak eta praktika haiek ez direlako beti osasuntsuak izan. Edo izan dituzten ondorio batzuei –adibidez, harreman pertsonalei dagokienez– askotan oso garrantzi gutxi eman zaielako, edo ez direlako sakondu behar bezala. Guk ikuspegi zabalago eta landuago batetik jardun nahi dugu, jendeak ere horri horrela begiratzen diolako.

Azpiazu: Parte-hartzeari begira aldaketa moduko bat dago. Badago parte-hartze sozialari buruzko ezagutza eta neurtze nahia: noraino heldu gaitezke eta noraino ez? Posible al da herri mugimenduetatik bakarrik hau edo hori egitea? Posible ote da instituzioetatik kanpo jardutea? Edo haien barrutik ekin behar zaio? Eztabaida dezente dago gai hauen inguruan. Azken bi urteotan herri mugimenduan ari diren jendeak hausnarketa prozesuan daude, birfundatze eta berrantolaketa lanetan. Guk herri mugimenduak berrartikulatze garaian kokatzen ditugu, baina horrek ez du hainbeste zerikusirik instituzioak, alderdiak edo ETAren amaiera nola artikulatzen diren, herri mugimenduak eta gizarte zibila artikulatzearekin baizik.

Iragan garai politikoaren eraldatzeari begiratuko diezue, halere. Baina, berau ordenatzeko moduak ere ezberdinak izan daitezke.

Luxan: Bai, noski. Zenbait gauzetan ikuspegi ezberdinak badaude ere gure artean, argi daukagu egoera berezi baten aurrean gaudela, oso interesgarria. Gure nahia herri mugimendua instituzioen menpe ez egotea da, garrantzitsua da gure logikaz jardutea, herrigintza antolatua nahi dugu geure indarrez jarduteko, “politika”ren eta merkatuaren logikaren menpetik kanpo.

Azpiazu: Dena den, guk ez diogu garrantzia kendu nahi aro politiko berriari, jende askok ahalegin handia egin du egoera honetara iristeko. Guretzat ere sortzen ari den artikulazio politiko berriak badu garrantzia. Guztiok nahi dugu fase hau modu ordenatuan bukatzea, eta ordenua bakoitzak nola ulertzen duen argitzea oso garrantzizkoa da. Izan ere –iritzi ezberdinak ditugu ere gure artean–, une politiko batek “normalizazioa” ekar dezake, baina ez beti zentzu positiboan ulertua. Guk “normalizazioa” ez dugu ulertzen herrigintzaren “desaktibazioa” bezala. Euskal Herriak bi aukera dauzka: normalizatzea edo eraikitzea. Herri mugimenduko partaideok herri antolaketaren eredua eraikitzen jarraitzea nahi dugu, eragileen arteko artikulazioa sendotzen eta saretzen. Aro berrian gaude baina herri eraikuntza ez da zeregin berria, logika horretan behar da sakondu, eta ez horrenbeste gatazka politikoa normalizatzeko zeregin soilean. Beste eragile batzuk ari dira horretan, euren lana begi onez ikusten dugu horregatik.

Luxan: Lehenago merkatu logika aipatu dut, logika gogorra da, baina ez bakarra. Guk eraldaketa soziala bultzatu nahi dugu, baita merkatuaren logikaren aurrean bizitza logikoagoa ezarri ere. “Normalizazio politiko horrek” ez du bermatzen bizitzaren aldeko logika duina edo guk nahi dugun logika behintzat.

Zuen hausnarketetan feminismoaren garrantzia agerikoa da.

Luxan: Feminismoa esplizituki azpimarratu dugu, pentsamendu feministaren emaria oso handia delako. Egun, bizi ditugun bai aldaketa garaia bai krisia ulertzeko funtsezkoa da. Pentsamendu feministak lortu du begirada jartzea beste pentsamenduek jarri ez duten lekuetan. Begirada horrek herri mugimenduaren eraldaketan ekarri duen garrantzia azaltzen du. Feminismoaren begiradak zentzua hartzen du besteen begiraden desbideratzean. Herrigintzan edo ezker mugimendu erradikalean ari garenok kapitalarekiko –eta lanarekiko– gatazkan jarri dugu begirada, feminismoak, berriz, kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkan jarri ditu begirada eta arreta. Egungo gatazka ulertzeko arazoen funtsaren hondoraino joateko pentsamendu oso baliagarria izan daiteke, ez da etxeko atean geratzen. Etxeko atea irekitzerakoan eten moduko bat egon baita. Feminismoak etxera sartzen eta barruan zaudela zure jarduera politikoa jarraitzea planteatzen du.

Azpiazu: Izan ere, feminismoak izendatzen duen subjektu politikoa askoz komunagoa da. Denok sartzen garen eremuan ari da, etxean, zenbaitetan kolektibo batzuk zenbait eztabaidetatik kanpo geratu dira eta ikusezinak bihurtu. Halaber, des-hazkundearen eta mugimendu ekologistaren pentsamenduak bi helduleku interesgarriak dira herri mugimenduarentzat, egungo arazoei ikuspegi integral batetik eustea planteatzen dutelako bai estatuarekin bai merkatuarekin dauzkagun gatazkei heltzeko, alde guztiei begiratuz, eta ez alde batzuei soilik.

Feminismoa, des-hazkundea eta ekologismoa egungo egoerari hobeki eutsi dioten pentsamenduak direla onartu behar dugu, ongi moldatzen eta beren ikuspegia sakontzen jakin baitute. Areago, feminismoaren ekarpen politikoa eta teorikoa askotan gutxietsia izan direla pentsatzen dugu.

Luxan: Feminismoak arlo pertsonala politikoa ere badela dio. Eta ez da duela 15 urteko baiezpena, askoz lehenagokoa da. Praktikan askotan ez da hainbeste ageri. Eta horrek zerikusia dauka guk herrigintza ikusteko dugu ikuspegiarekin. Mundua ulertzeko begirada osoa landu nahi dugu. Guk ere autodeterminazio kolektiboaz hitz egiten dugu, baina baita pertsonalaz ere. Beraz uztartu ditzagun biak.

Herri mugimendua sistema politiko-ekonomikoaren “parean” jarri eta biak konfrontatzeko lanean ari dela ulertu behar dugu.

Azpiazu: Guri “parean” hitza erabiltzea kosta zaigu. Egungo sistema politiko eta ekonomikoarekin konfrontatzeko parametroez hitz egitea oso zaila da. Geuk ere sistema ekonomikoa, merkantilista eta burokratikoaren logika bere egiten baitugu egunerokotasunean. Sistemaren exigentziak ez dira harena soilik, gureak ere badira. Guk sistemak bizitzari eskatzen dion antzekoa eskatzen baitugu neurri batean, hau da, ordenuan eta paradisu fiskalean bizitzea. Barneratu ditugun logika horiek ukaezinak dira. “Parean” terminoa erabiltzea zaila zaigu, baina era berean, ezin dugu geldirik egon. Botere-guneek gizarte zibilaren kontrako indarkeria eragiten dute, beraz, horien aurka antolatzea beharrezkoa da. Dispertsio politikoaren garai honetan elkar gaitzakeen “zentzu komuna” bilatu behar dugu.

Luxan: Egunerokoaren garrantziak balio handia du, zerbait aldatu nahi badugu ingurukoekin ditugun harremanak aldatzen eta zaintzen ikasi behar dugu. Krisi garaian jendarteak duen erronka handiena da bilatzea nola elkartu eta nola lagundu dezakegun elkar. Bizitza bermatzeko zein bizimolde nahi dugun zehaztu behar dugu. Guk merezi eta duina den bizitzaz gogoeta egin nahi dugu, ez dugu nahi presaka bizi dugun eredu hau. Egunerokoari arreta gehiago jarri behar diogu.

Egungo egoera larriak ez al du eragingo jendearengan, apur bat gehiago pentsa dezan?

Azpiazu: Bai. Gainera, garrantzizkoa da egoera hau aukera bezala ulertzea. Krisialdiak horrelakoak dira. Esaterako, osasun krisialdiak hainbat gauza txar baztertzen laguntzen digute. Orain, krisialdi honen aurretik sortutako baliabide teorikoak aintzat hartu behar ditugu. Honezkero, badakigu ez dela aski sistema finantzarioari kritika egitea soilik, kritika egin behar diogu ere gure mundu ikuskerari, kritika sakona. Bestela, zibilizazioa ulertzeko modu honek ez dauka etorkizunik, ezin dugu jarraitu pentsatzen menpekotasun kontzeptuetan edo hazkunde etengabearen klabetan. Zertaz hausnartu nahi dugun erabaki behar dugu, nola planteatu oraingo egoera. Adibidez, langabezia tasaz besterik gabe hitz egiten badugu, gaizki goaz. Langabe tasak eragiten dio enplegua duenari, baina, gizartearen kezka guztiak enpleguari buruzkoak al dira? Herri mugimenduak bere planteamenduak zabaldu behar ditu, eta krisi larrialdian gaudela ulertu, baina ez soilik langabezia tasa handitu delako.

Luxan: Zenbait gauzei beste betaurrekoekin begiratu behar diegu, hau da, enplegua gauza bat da eta lana beste bat. Lana jende gehienak egiten du, batzuek enplegua dute –eta kobratzen dute– eta beste batzuek lana egiten dute, baina ez dute kobratzen. Lana egon badago, baina, agian, unea da kontura gaitezen zein enplegu diren beharrezkoak eta zein ez. Adibidez: zaintza kontuetan lana badago jende guztiarentzat, baina kotxe gehiago fabrikatzeak ez du zentzurik.

Azpiazu: Moneta krisiak garrantzi handia dauka bizi garen gizartean noski. Egoera horretara iritsi ostean, jende guztiak eskuak burura bota ditu. Baina aurretik zeuden krisiak ezkutatzeko arriskua dago. Adibidez, etxebizitzaren gaia. Duela zenbait urte Euskal Herrian barra-barra hitz egiten zen etxebizitzaren eskubideaz. Aldiz, gaur egun? Hau da, aldarrikapenak soilik etxebizitzaren esparruari begira egiten segitzen badugu, ez gara ongi ari. Halaber, orain, arazoa enplegua denentzat topatzea da, haatik, enplegu betea izatea ezinezkoa dela demostratu da.

Luxan: Gainera gu beti ez gaude menpeko kokapenetan, gu, pertsonok, mugitzen gara. Batzuetan menpekoak gara eta bestetan menperatzaileak, hori argiago izan behar dugu, baita gure jardueren abiapuntuan ere. Guk ere merkatuaren logika barneratua daukagu, batzuetan alde batean gaude eta bestetan beste aldean, konplexutasun horretan mugitzen ikasi behar dugu.

Azpiazu: Krisi hau ez zen 2008an hasi, askoz lehenagotik heldu da. Eta ez du soilik zerikusirik alde finantzarioarekin edo moneta krisiarekin, aurretik zetorren krisia beste krisialdi itzelarekin iritsi zen: bizitzaren zentzua harrapatzeko krisia, parte-hartze politikoaren krisia, erabakiak hartzeko herritarrok dugun krisia, baliabideen krisia. Hain zuzen ere, krisia itzela da, finantza botereak gero eta urrunago daudelako, gero eta abstraktuagoak direlako.


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 12a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude