"Europan, WiFia kendu eta kablea jartzea da modernoa"

  • Euskal Herriko Kutsadura Elektromagentikoaren Aurkako Plataformako kide da Bitor Goñi (Gasteiz, 1967). Gasteizko Alde Zaharreko auzo elkarteak utzi dien egoitza txikiko telefonoari sua dario egunotan WiFia dela-eta: “Eztabaida ez da berez sortu, guk piztu dugu”.
Bitor Goñi
Bitor GoñiUrko Apaolaza
“Kaixo X naiz XX ikastetxekoa, zuen plataformako kide egin nahi dugula esateko deitzen dizuet”. Erantzungailuak salto egin dio Bitor Goñiri nahigabe, eta mezu hori entzun da bulegoko lau pareten artean. Kazetaria testigu. WiFiaren ezarpenak eskoletan sortu duen kezka kalibratzeko balio lezake agian.


Zergatik zaudete WiFiaren kontra?


Hezkuntza sailetik aditu batzuen ikerketara jotzen dute WiFiarekin arriskurik ez dagoela esateko. Baina zein dira aditu horiek? Ingenieritza Eskolakoak? Ingeniariek esan dutena da emisioa legezko neurrien azpitik dagoela, baina haiek ez dira zientifikoak. Zientifikoek kontuz ibiltzeko eskatu dute, ez guztiek jakina, baina horrek eskatzen du “arreta printzipioa” kontuan edukitzea; hare gehiago oso sensiblea den biztanleen sektore batekin ari direnean: haurrak eta haurdun dauden irakasleak.

Prebentzio edo “arreta-printzipioa” aipatu duzu. Europako zenbait lekutan hasi dira aplikatzen.


Begira Parisen, eskoletan telefono mugikorra erabiltzea debekatu dute, baina ez jolasean dabiltzalako, printzipio horrengatik baizik. WiFia ipintzea badirudi oso modernoa dela, baina Europan, modernoa da WiFia kendu eta kablea jartzea, osasunaren alde egotea, hori bai da modernoa.

Baten batzuk pentsa dezakete “hemen daude betikoak, gauza berri bat atera eta horren kontra jartzen dira”...


Gu konexio librearen alde gaude, teknologia berrien alde eta Eskola 2.0ren alde (WiFia kenduta); baina ez gaude gizarteari kalte egiten dioten sistemen alde. Bakoitzak jakin behar du zer egin bere buruarekin, mugikorrak erabiltzen ditugu, baina inork ez du nahi antenarik bere etxe ondoan... Eta alde horretatik ez dira gauzak gaizki egiten ari, baizik eta oso-oso gaizki.


Mikro-uhinez hitz egiten duten aldeko eta kontrako txostenak kaleratu izan dira. Txosten gerra baten aurrean al gaude? Zientifikoki irabazi beharreko borroka al da?


Tabakoarekin berdina gertatu zen. Hainbat zientifiko tabakoa kaltegarria zela esaten hasi zenean, tabakalerek beste ikerketa batzuk egin zituzten kontrakoa esanez, osasuntsua zela. Azken batean hori diruarekin konpontzen da; eta nork du dirua? Gaur inori ez zaio okurrituko eskola batean erretzea, baina orain hogei urte nik ikusten nuen nire irakaslea klasean erretzen.

Kanpaina egin duzue eskoletan kablea jartzeko. Zein pauso eman dituzue zehazki?


Prentsaurreko batekin hasi ginen, eta Internet bidez asko mugitu gara, kartelak atera ditugu, hitzaldiak eman... Horrez gain gehiengo sindikalarekin bildu ginen eta haiei esker ere asko zabaldu dugu mezua eskoletan.


Eta zer erantzun jaso duzue? Harremanetan zaudete eskolekin?


Bai, irakasleekin, gurasoekin, zuzendariekin... Baina badago arazo larri bat, bai guretzat eta bai osasunarentzat: Celaá sailburua eta Carlos Crespo [Eskola 2.0ren koordinatzailea]. Mehatxu egin zuten, esanez kablearen alde jarriz gero eskolak ordenagailurik ez zuela jasoko. Hori dela-eta eskola asko atzera bota da kablea jartzeko eskaeran; hala ere badaude aurre egiten ari direnak.


Kablea 25 ikasleko gela batean ez dela operatiboa esan izan dute.


Kablea jartzea oso gauza sinplea da. Ikasgela bakoitzeraino jarrita dago jadanik; bada, regleta batzuekin mahai azpietara pasatzen duzu eta haurra ordenagailutik lurrean dagoen konexiora entxufatzen da. Ez da sekulako “mobida”, gaur egun hori oso erraza da eta baliabideak badaude.


WiFiak osasunean izan ditzakeen kalteez galdezka etorri al zaizkizue?


Hori nahiko garbi dute. Guk eztabaida piztu dugu kontrainformazioa bidaliz, eta nik uste jendeak bere kabuz bilatu duela Interneten informazio gehiago, eta horrela konbentzitu dela. Lehenago gaixotasun bat izan zuen irakasle batek honela esan zien Hezkuntza sailekoei: “Niri konpainia batek segurtatzen badit WiFiarekin ez zaidala ezer pasako eta seguru bat egiten badit, orduan WiFiaren alde egongo naiz, baina zein konpainiak egiten du hori?”. Aseguru konpainiek ez dute mikro-uhinen kontra aseguratzen, hori letra txikian dakarte. Orduan, zerbait gertatzen bada zein egingo da erantzule?


Parlamentura joatekoak zarete.


Duela hilabete batzuk eskatu genuen, eta esan ziguten hartuko gintuztela, baina itxaroten ari gara. Ziur gaude orain ez gaituztela hartuko, kontua pil-pilean baitago eta ez zaie komeni. Baina tokatzen zaigu, eta oso ondo prestatuta joango gara, ebidentzian utziko ditugu.


Eta hemendik aurrera zer asmo?


Gure plataforma ez da soilik WiFiaren kontrakoa, uhin elektromagentikoak desagerrarazi, edo behinik behin, kontrolatzea du helburu. Eskola 2.0 jadanik sartuta dago, planak ibilbide bat zuen eta bukatzear dago. Jarraituko dugu kablea ipini nahi duten eskolak animatzen eta informazioa ematen; gure lana informatiboa baita, pentsatzen dugu informazioa emanez lortuko ditugula gure helburuak.


Irakurri Mikro-uhinak eskoletan: aurrerapena eta zalantzak erreportajea
Hirugarren mundukoa
“Mugikorrak, mikroondasak, WiFia, baby kamerak... Ikaragarria da, haur jaio berri bati buru gainean jartzen diote bere garunean interferitzen ari den mekanismoa. Ez gara konturatzen zer astakeria egiten ditugun. Baina hori hemen gertatzen da eh! Europan jende pilo batek argi eta garbi du ez duela horrelakorik nahi, ze horrelakoak erabiltzea hirugarren mundukoa da. Joaten zara Normandiara, edo Alemaniara eta ikusten duzu beste modu batean funtzionatzen dutela. Ematen du beraiek ez dituztela produktu horiek nahi, egin egiten dituzte, baina gero hona bidaltzen dituzte, guk hirugarren mundura kaka guztia bidaltzen dugun bezala”.

“Hala ere, jendea jabetzen ari da, jadanik ez da lehen bezain tontoa. Enteratzen ari da uhinak nondik datozen eta nola babestu behar diren haiengandik. Orain askok mugikorra amatatu egiten du gauean, eta telefonikek zailtasunak dituzte antenak jartzeko”.

Azkenak
Futbolari gay-ak zergatik ez dira ausartu azkenean armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


Urdaibaiko Guggenheima konkretatu gabe, Juan Ignacio Vidartek utzi egingo du zuzendari kargua

Urtearen amaieran utziko du ardura postua. Zuzendaritza berritzeko prozesua jarriko dute martxan. Vidartek 32 urte pasatu ditu Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritzari lotuta.


2024-05-21 | ARGIA
Nafarroan epaitu gabe gelditu den bortxaketa bikoitza aztertuko du Estrasburgok

2016an bi emakumek bortxatuak izan zirela salatu zuten, Iruñean. 2018an auzia artxibatu zuten eta ez zen epaiketarik egin. Espainiako Poliziak, Fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegiak ikerketan egindako irregulartasunak salatu ditu biktimen abokatuak. Espainiako Estatuak... [+]


Eguneraketa berriak daude