Gehiengoa bai, baina zertan?

  • Euskal Herrian betidanik emakumeak lotura estua izan du irakaskuntzarekin. Egun ere egiteko horretan eurak gailentzen dira, baina nagusiki behe etapetan, eta ez ardura postuetan. Horrek zein ondorio du haurrarengan? Eta gizon eta emakumeen artean berdintasuna lortzeko bidean?
Amaia Zubieta
Amaia ZubietaJosu Santesteban
Ugaria bezain oparoa da Euskal Herriko irakasle emakumeen zerrenda. Izan ere, etxeko heziketaz ez ezik, emakumea irakaskuntzaz arduratu izan da oro har. Datuek euskal hezkuntzan egun ere emakumeen presentzia nabaria dela erakusten dute: 2007-2008 ikasturtean, 25.235 emakume aritu ziren irakasle lanetan (%66,5), Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Itxura guztien arabera etorkizunean ere emakumezkoak gailenduko dira, EAEn iaz maisu-maistratza ikasteko izena emandakoen %74,5 emakumezkoak ziren-eta.

Historikoki irakaskuntzaren baitan euskararen eta euskal kulturaren transmisioa izan du egiteko nagusia euskal emakumeak –ikus 8. orriko koadroa–. “Une historiko bakoitzean gizartean indarrean zeuden balore kultural esanguratsuenak transmititu izan dituzte, inongo kritikarik eta hausnarketarik egin gabe”, Amaia Zubieta Stee-Eilas sindikatuko Nafarroako Emakumeen Idazkaritzako arduradunak azaldu duenez. Hortaz, esleitutako rola betetzera mugatu izan dira.

Horren ageria izan ez arren, oraindik orain emakume asko dago eginkizun horretara emana. AEK erakundeak 2007an kaleraturiko datuen arabera, urte horretan AEK-ko irakasleen %67a emakumezkoa zen. Horretaz gain, egun euskara normalizatuago dagoen irakaskuntza mailetan (Derrigorrezko Hezkuntzan eta Batxilergoan) emakumezkoak gehiengo dira irakasle lanetan, eta aldiz, euskararen presentzia urriagoa den mailetan (Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan) gizonezkoak dira nagusi.

Emakume irakasleak hezitzaile

Emakume irakasleak gehiengo direla esan dugu, baina datuek errealitate ezberdina erakusten dute irakaskuntzako etapen arabera, gizonezkoen kopurua nabarmen igotzen baita goi etapetan; aipaturiko lurralde historikoetako hezkuntza ez unibertsitarioan irakasleen %71,4 ziren emakumezkoak (23.080 emakume guztira), eta hezkuntza unibertsitarioan, aldiz, %38,5 besterik ez (2.155 emakume). Datu horrek hausnarketarako abagunea eskaintzen du.

“Hor prestigio eta botere arazo bat dago, gaitasun arazo bat baino gehiago”, Nerea Elias Farapi elkarte antropologikoko kidearen arabera. Izan ere, Haur Hezkuntzan emakumeen presentzia oso nabaria da (%92), eta hain justu sozialki prestigio gutxien duen irakaskuntza maila da. Aldiz, etapak aurrera doazen heinean, gizonezkoen presentzia areagotzen da.

Zergatik ematen da joera hori eta nola alda daiteke? Nerea Eliasek argi du gizarteak berak eragiten duen egoera dela: “Sarri emakumearen ibilbide profesionalean muga bat agertzen da aurrera egitea galarazten diona. Muga hori zenbaitetan emakumeak berak jartzen du, baina maiz kanpotik dator”. Alabaina, bere ustez lanpostu bera emakumeak edo gizonezkoak burutu, gorespena ez da bera. “Haur Hezkuntzan, esaterako, gizonezko bat lanean ikusten dugunean emakumeari egokitzen ez diogun balio erantsia esleitzen diogu hari, gizona izate hutsagatik. Emakumearen kasuan berriz, naturalki irteten zaion zerbait dela dirudi, hezkuntzaren eta zaintzaren ardurak egokituko balitzaizkio bezala inongo ahaleginik egin beharrik gabe”.

Emakume eta gizon irakasleen ezberdintasun horiek arrastoa uzten dute haurrarengan. Izan ere, irakaskuntzako behe etapetan irakaslea hezitzaile lanarekin lotzen da, eta hortaz, badirudi hori dela emakumearen egitekoa. Aldiz, unibertsitatean gizonezkoa nagusi den neurrian, jakituriaren transmisioa berari dagokiola barnera lezake haurrak. Horretaz gain, eta salbuespenak salbuespen, zuzendaria, lehendakaria edo ikuskaria gizonezkoa da nagusiki, eta, jangelako edo autobuseko zaintzailea emakumea.

Dena den, Amaia Zubietaren iritziz egoera hori aldatzen ari da: “Emakumeek eremu gehiagotan dihardute lanean, eta orain arte gizonezkoenak izan diren lanpostu batzuetan –ingeniaritza edo lanbide heziketan, kasu– gero eta emakume gehiago daude”. Eskoletako zuzendaritza karguan ere emakumeen presentzia areagotzen ari omen da; tranpa bat ikusten du nolanahi ere joera horren atzean: “Egun ez du inork eskolako zuzendari izan nahi, ez dauka-eta prestigio berezirik, eta alde ekonomikoa pizgarria den arren, ez da beste munduko ezer”. Beraz, gizonezkoek ez dute lanpostu hori nahi, eta egoera horretan emakumeek hartzen dute beharraren ardura, “moralki behartuak sentitzen direlako”. Hortaz, zuzendaritza lanpostua desprestigiatzen joan ahala hasi dira emakumezkoak agertzen. Halere, zuzendaritzan emakumea egoteak ez duela berak agintzen duenik esan nahi argi du Zubietak.
Beraz, emakumeak gizonezkoenak izan diren lan eremuetan dabiltza zenbait kasutan, baina ematen al da kontrako prozesurik? “Ez dute orain arte emakumeenak izan diren lanpostuetara jauzi egin, gizonezko garbitzaileak edo zaintzaileak apenas ikusten dira”. Horren isla da egun irakaskuntzako behe etapetan oso gizonezko irakasle gutxi izatea. Egoera hori aldatu nahi izatekotan, gizarte eredua aldatzetik hasi beharko litzateke, eskola gizartearen beraren isla baita. Ikasle txikienekin gizonezkoak aritzea lagungarri izan daiteke haurren pertzepzioa aldatzeko; izan ere, txikitatik emakumeek zein gizonezkoek egiteko berak dituztela barneratuko lukete inkontzienteki.

Neskak erizain eta mutilak mediku?

Egungo errealitatearekin, ordea, emakume-gizon irakasleen banaketa hori eredu bilakatzen da haurrentzat, eta hortaz, euren etorkizuneko lan espektatibak eredu horietara bidera daitezke; hots, neskek irakasle, erizain edo ile-apaintzaile izatera, adibidez, eta mutilek futbol jokalari, arkitekto, mediku edo abokatu. “Neskengan aniztasun gehiago antzematen da eta, esaterako, suhiltzaileak edo astronautak izan nahi dutenak badaude. Ordea, mutilekin ez da joera bera ikusten euren espektatibetan preso geratzen direlako, eta ez baitu inork ile-apaintzaile izan nahi, nesken egitekoa dela pentsatzeaz gain, prestigiorik ez duelako”.

Prestigioa, elkarrizketatuek behin eta berriro mahai gaineratu duten kontua da. Beraz, ondoriozta liteke mutilak emakumeen lanpostu horietara hurrera daitezen, horiei prestigioa ematetik hasi behar dela lanean, batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. “Etapa horietan haurrek emozioak adierazten, enpatia lantzen eta abar ikasten dute, eta hori bizitzan ezin garrantzitsuagoa da”, Zubietak gogorarazi duenez. Emozioen lanketa eta alderdi soziala maisu-maistra karrerako curriculumean gehiago baloratu beharko lirateke, eta ondoren baita eskoletan eta gizartean ere, “gizarteak egiten ez duena ezin baitzaio eskolari eskatu”.

Zein da eskolaren, eta horrenbestez, irakasleen egitekoa egoera iraultzeko orduan? “Neska edo mutila izate hutsagatik ez direla mugak sortzen erakutsi behar diete eskolan haurrei, nahi dutena izateko aske direla”. Eta horretarako, ez da nahikoa eskola mistoa izatea, hezitzailea ere izan behar du. Farapiko Nerea Eliasek uste du eskoletan alderdi ezberdinak landu behar direla; hala nola, testuliburuetako edukiak, hizkuntza, adibideak eta espazioaren banaketa.

Berdintasuna ikasgeletan landuz

Norabide horretan azken urteetan saiakera asko egin dira, berdintasuna sustatu asmoz ikasgeletan programa jakinak aplikatuz. Horren adibide dugu Hernaniko (Gipuzkoa) Langile Ikastola. Bertako irakasle Nekane Idarretak azaldu duenez, DBHko ikasleen artean Hezkidetza egitasmoa aplikatzen ari dira. Programa zehatz bat eduki ez arren, duela zortzi urtetik hona berdintasunera bideraturiko hainbat alderdi jorratu dituzte, denak ere helmuga berera zuzenduak: estereotipoak eta eredu femenino eta maskulino tradizionalak eta zaharkituak baztertuz, neska eta mutilentzat baliagarria izango den pertsona eredua bultzatzea. Horretarako, gizon eta emakume irakasleez osaturiko Hezkidetza batzordea osatu zuten ikastolan.

“Gure egitekoa ikasgeletan erne egotea da, gazteen artean sentsibilitatea garatzea eta behaketaren bitartez jasotzen duguna Hezkidetza batzordean aztertzea”. Ildo horretatik, ahalegin berezia egiten dute hizkuntzaren erabileran –hizkuntza sexista ekidinez–, ikasgeletan adibideak jartzerakoan –emakumeen adibideak jarriz eta alor jakin batzuekin lotzea saihestuz– eta eduki egokiak hautatzerakoan –berdintasunera zuzenduz–. Ikasgeletatik kanpo ere berdintasuna lortzeko saiakerak izan du bere isla; nesken zaletasunak sustatu nahi izan dituzte horiei ikastolan leku eginez. Esaterako, neska nerabeek bankuetan jesarri eta hitz egitea gustuko dutela jakinik, ikastolaren barrualdean zein kanpoaldean hitz egiteko txokoak sortu dituzte; horren bidez, nesken zaletasunak mutilenak bezain baikorrak direla –futbolean jolastea, kasu–, eta horrenbestez horiei ere eskolan espazio bat eskaini behar zaiela agertu nahi izan dute.

Ikasleen erantzunaz galdetuta, Idarretak dio ez direla kontziente ikastolan berdintasunaren inguruan neurri zehatz batzuk hartzen ari direnik; “mezua helarazten diezunean jaso egiten dute, mezu hori zergatik igorri diozun galdetu gabe”. Dena den, euren ahaleginak fruituak eman dituela argi du, “gurasoek euren seme-alabengan aldaketa batzuk nabaritu dituzte”.

Irakaskuntza, berdintasuna lortzeko eragile garrantzitsua

Dudarik ez dago urte hauetan guztietan testuinguruarekin bat irakaskuntza izugarri aldatu dela, bai eta irakasleen jarduna ere. Aldatu ez dena irakaskuntzak pertsonaren formazio integralean duen garrantzia da. “Irakaskuntzaren bidez etorkizuneko gizon eta emakumeak hezten dira”, Eliasek gogoratu duenez. Horren ildora, kritiko ageri da egungo irakaskuntza ereduarekin. “Maisu-maistra karreran landu beharko liratekeen edukiak funtsezkoak iruditzen zaizkit, eta zentzu horretan ez dakit zenbateraino irteten diren etorkizuneko irakasleak prestatuak”. Irakasleek haurrarengan duten eraginaz ez ezik, euren eguneroko praktikan beste eredu batzuk txertatzeko duten aukerez jakitun izan beharko liratekeela uste du; hala nola, berdintasunerako bidean. “Eguneroko praktika profesionalean mundua ikusteko beste begirada bat gara dezakete”. Eta hori, Farapi elkarteko kidearen iritziz, haur hezkuntzatik landu behar da, “pertsonak txikitatik hezten baitira”.

Berdintasunaren gaia maisu-maistra ikasketetan lantzeke dagoen ikasgaia dela ere argi du Amaia Zubieta Stee-Eilas sindikatuko kideak: “Agian emakume irakasle sentsibilizaturen bat dago eta haren eskutik landuko dute ikasleek gaia, baina zeharka, ez baitago curriculumean barneraturik”. Sindikatutik gabezia horri aurre egiteko galdegiten dute, bai hasierako formazioan, bai formazio iraunkorrean. Horretarako, ordea, kanpainetan dirua xahutu beharrean giza baliabide eta baliabide ekonomikoak bermatu behar direla dio. Karreran eztabaida guneak sortzeari garrantzitsu deritzo eskoletan berdintasuna nola sustatu aztertzeko.

Halaber, Idarreta irakaslearen aburuz, eskolek ezin dute egoera eurak soilik irauli: “Aldagai askok eragiten dute berdintasun eza gizartean, eta horrenbestez, horiek denak jorratu behar dira”. Telebista, iragarkiak, zinema, etxeko egoera... Horiek denek dute zeresan handia auzian, eta nahiz eta eskoletan gizon zein emakumeen arteko berdintasunaren inguruko mezua helarazi, eskolatik atera eta euren inguruan kontrako mezuekin topo egiten badute, haurrak desorekatu egiten dira, eskolan kontaturikoa egia ez dela ohartzen baitira. Hori saihestu asmoz, eskolak eta gurasoek konplizitatea lortzea –norabide horretan elkarturik lan eginez– pauso garrantzitsua izan daiteke ezbairik gabe.
“Andereño”en historia eta ondarea
Euskal Herrian emakumeak hezkuntzarekin lotura estua izan du betidanik. XX. mendean –Gerra Zibila bitarte eta ondoren–, lotura horrek eredu burgesari erantzuten zion. Industria iraultzak jazo zirenean, emakumeari birsorkuntza biologikoaren eta kulturalaren –kultur edukien transmisioa– funtzioak esleitu zitzaizkion. Generoaren diskurtso hori Europako beste edozein herrialdetan aurki zitekeen arren, Euskal Herriaren kasuan bazegoen berezitasunik: XX. mendean ez zen antzeman nazionalismotik kanpo euskararen irakaskuntzarekin eta ikaskuntzarekin loturiko praktikarik.

Bestalde, garaiko emakumeen jarduna egoera politikoak baldintzatzen zuen, eta hortaz, XX. mendearen hastapenetan, euskal emakumeak birsorkuntza kulturala gauzatzeko estatu eskola sistemarik ez zuenez, 1922an, Bilbon, Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zuten. Gizarte mugimendu horrek emakumeari ongi egitearekin loturiko eginkizunez gain, euskara irakasteko ardura esleitu zion. Julene Azpeitia nabarmendu zen talde horren baitan. Ikastolen mugimendua sortu zenean, euskarazko idatzizko testuak behar ziren, eta emakume horiek horretarako ere idatzi behar izan zuten.

Euskal eskolak une horretan euren hastapenetan zeuden; garaiko agerpenak Bizkaiko auzo eskolak (20ko hamarkadatik aurrera) eta Errepublika garaiko Eusko Ikastola Batza izan ziren. Gerra Zibilaren ostean, euskal eskolaren lehen esperientzia Donostiako Alde Zaharrean Elbira Zipitriak sortu zuen eskola da. Alabaina, 60ko hamarkadatik aurrera eratu zen ikastolen mugimendua izan zen agerpenik indartsuena eta esanguratsuena. Denborarekin, irakaskuntza prestigioa hartzen joan zen eta gizonezkoak sartzen hasi ziren hezkuntza munduan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude