«Ezer garrantzizkoa egiten ari ginela uste gabe egin genuen 'Ama Lur'»

  • Ama Lur zuzendu zuen Nestor Basterretxearekin elkarlanean 1968an. Harrezkero, makina bat lan egin zuen zineman, ‘kito!’ esan zuen arte, Oteizari “ez noak mugimendua duen irudi gehiago egitera. Porrot zerrenda handia diat bizkarrean”. “Arao eta birao! Nik bezala orduan”, Oteizak Larruquerti… Etxeko argazki dendari orduak emana bizi da harrezkero.

Fernando Larruquert (argazki hau eta hurrengoen egilea: Dani Blanco)
Fernando Larruquert (argazki hau eta hurrengoak: Dani Blanco)

Euskadiko Filmategiak webean euskarazko bertsioan, omen, baina gaztelania garbian dioenez, Euskal Herriak sortzailerik interesgarrienetakoa galdu zuen argazki dendako lanari buru-belarri ekin zenionean…


Gauzak nola diren zuzen ez dakizunean idazteko modua! Zinema utzi nuen, bai, gure familiak ez zuelako eguneroko ogiaren ziurtasunik. Urte asko egin genuen horrela. Hogei bat. Nola edo hala gure seme nagusiak salbatu gintuela esan ohi dut nik. Soldadutza egiten ari zen garai hartan, Plasencian (Espainia). Eskutitzak idazten genizkion etxekoek, eta berak guri, eta hemengo “indar politiko” jakin batzuekin izanak nituen gorabeherak kontatuak izango nizkion, nonbait. Berak, erantzunean, ez zuela zinema argazkia egin nahi zioen, “herriko argazkilaria” izan nahi zuela, “zertan ez dugu etxekook itsasontzi bat egiten? Hondoa jotzen baldin badugu, jo dezagun, behintzat, hondoa denok batera!”. 1982ko maiatzean idatziko zigun. Bada, etxean genuen Doni Petri egunean, eta uztailaren 2an hitzartua genuen Lamia argazki denda den lokala.

Zinema baino lehenago duzu musika.

Hamar bat urte izango nituen, Urdaine baserrian ginen, hemen, Irunen. Urdainetik bertara, Gazteluzahar, Bidasoa gero, eta Biriatu handiko aldean. Han jaioa zen gure amona, azken karlistadaren ondoren, familia han errefuxiatu zenean. Amonak kontatzen zuen bere amari, gure birramona Juanari, galdetu ziola: “Zergatik gara gu karlista?”, eta birramonak: “Karlistek euskaraz hitz egiten dute, liberalek ez!”. Kito. Erraza, horratik! Urdainetik Biriatuko elizako erlojurik ez genuen ikusten, baina entzun bai, “haize frantsesa” egiten zuenean batik bat. Goiz batean, lanbrotan, Biriatuko kanpaiak entzun eta haien hotsa mate eta urdinxka zela konturatu nintzen, garbi. Mate eta urdinxka.

Horiek hastapenak?

Etxean pianoa genuen eta, nahitaez, lardaskan ibiltzen ginen. Gogoratzen naiz Maria Junkal arrebari eskatu niola noten izenak idazteko, neuk pentagraman kokatzeko. Musikaren teoriari buruzko hiru liburu erregalatu zizkigun Peio Otxoteko albaitariak, osabak, eta batere lanik ez zidaten eman. Errazak zitzaizkidan, oso. Saturraranen, jolaslekutik ikasgelara eta ariketak egiten ikusten dut nire burua; neure kolkorako, ordea: bitarteak, neurri ariketak, erritmo ariketak… eta lehenengo kurtsoa amaitu eta bigarrenean gregoriano zaleak-eta zuzentzen ari nintzen. Horrela.

1950ean, Alaiki abesbatza eratu zenuen Irunen. 1959an, Irungo Ganbera Korala.

Alaiki 1953koa dela esango nuke, aurretik, 1951n, beste bat ere izan zen-eta, izenik izan ez zuena. Hamasei urte nituela edo. Koru txikia, beti gustatu zait-eta formatu txikia. Hamazazpi urte nituela Udalak antolatzen zuen gabon kanta lehiaketara aurkeztu ginen, eta geu onenak. Bosna neska-mutil ginen. Beste abesbatza bateko kideak esan zuena ere: “Mukizu hauek, estreinakoz ari dira hemen kantatzen eta, orain, ni, ez naiz ausartzen agertokira igo eta kantatzen!”. Ezberdin kantatzen genuen, besterik ez. Tradizioarekin hautsi genuen, nolabait. Beti pentsatu izan dut baliagarri den neurrian erabili behar dela tradizioa. Baliagarri ez denean, ez hura hautsi!, artxibatu baizik, gorde. Iaz bertan, musika emanaldi bat zen hemen, Irunen, joan nintzen eta, ondoren, zer iruditu zitzaidan galdetu zidaten. Nik: “Hogeita hamar urte igaro behar izan dute, duela hirurogei bezain gaizki kantatzen jarduteko!”. Horretan nago ni. Oso atzera gaude, oso atzera bizi gara… Irungo Ganbara Koralari dagokionez, 1974 arte iraun zuen, gutxi gorabehera.

Zure bizi guztiko jardun duzu musikari loturik?

Bada… Hainbat saltsatan ibili naiz, koru zuzentzen, esan nahi dut, 2005ean kito esan nuen arte. Izan ere, askoz ere hobe da bakailao kazolak jaten ibiltzea inspirazio eta erresonantzia ariketak egitea baino. Baietz esango nuke, bai, gutxi-asko musikaren inguruan jardun dudala beti. Eta zineman ere nahitaezkoa gertatu zait musikaren bihozkada, tempoa. Zalantzarik gabe.

Tempoa zubi heldu zinen gure zinemagintzaren egile interesgarrienetakoa izatera…

Hara bestea, berriz! Filmografiarik ez genuelako izan nintzen egile interesgarrienetakoa. Jakina, bada! Bai, gurean ere baziren zinema egin zutenak, nola ez!, baina… Nik barruan neramatzan kopla zaharrak. Gaztetatik konturatzen nintzen nola lotzen diren naturan gertatzen direnak norberari agitzen zaizkionekin. Arranoak bortuetan / gora dabiltza hegaletan. / Ni ere andereki kanberetan / Orain aldiz ardura, ardura, / nigarra dizut begietan… Xalbadorri galdetu nion behin nola asmatzen zuten bertsoa. Hark esan zidan hondar puntua pentsatzen zutela lehenbizi. Ondoren, hastapena, eta gaineratekoa, tartekoa, berez zetorrela gutxi gorabehera. Nire buruaren egituran ere eskema horixe zegoela konturatu nintzen, beharbada haur ginenean baserri giroan ere horretan trebatu ginelako, bertso eta errima jolasean. Egitura jakin bat nireganatu nuela uste dut. Horrela pentsatzen nuen nik. Ez dakit Nestorrek [Basterretxea] nola pentsatzen zuen, baina nik, behintzat, horrela jarduten nuen.

Horrela jardun zenuen Ama Lurren?

Ama Lurren ere, berdin: “Nola bukatu behar du filmak?”, galdera hori bai, bagenuen, baina besterik ez. Gidoi gezurrezko bat genuen, “errodaje kartoia” esaten ziotena, legez derrigorra, filmatu ahal izateko baimena izan genezan. Gezurrezko gidoia, betiere. Guk ez genuen Euskal Herria ezagutzen. Esan ohi dudanez, ez dut tesirik egiten ezagutzen ez dudanari buruz, eta nik ez nuen gure Herria ezagutzen. Muntatzen ari ginela, “hara!, hemendik has gintezke, eta han bukatu. Eta tartean…”. Horrela, korrelazioak eginez osatu genuen filma. Ez genuen No-Do eiteko dokumentalik egin nahi, ez genuen aberriagatik ere egin… Euskal Herriagatik ari ginen, baina ezer garrantzizko egiten ari ginen kontzientzia gabe. Odolean generaman, nolabait esatearren.

Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea. Eta Oteiza?

Askotan esan izan da Oteizaren eskua, haren parte-hartzea nabari dela Ama Lurren. Oteizak filmean parte hartu zuen, baina bertan eskurik izan gabe. Ez dakit ulertzen den… Oteizak errespetu ikaragarria zigun, ez zigun txintik esan, guk geuk derrigortuta ez bazen, film atal bat erakusten genionean. Filma zeharo bukatu eta saio itxian erakutsi genionean, esan zuen: “Ama Lur aurreko eta osteko garaiaz hitz egingo da!”. Bere esanetan gutxitan asmatu zuen Oteizak, baina orduan bai, asmatu zuen, asmatu zuenez! Ezer ez zegoen arloan nabarmendu ginen. Jar ezazu aizkolari bat Caceresen [Extremadura, Espainia], eta primizia izango litzateke. Berdin gu eta gure Ama Lur.

Nestor Basterretxeak zioen hamaika ordu errodatu arren, 100 minutu inguru erakutsi zenituztela filmean. “Azpizuna” besterik ez zeniotela eman ikusleari…

Genuena erakutsi genuen, muntatzen ari zarela, eskura egoki datorkizun planoa. Horrek ez du esan nahi beste era batera jardunez gero aurreko plano hura erabiliko ez zenuela, ezta seguru erabiliko zenuela ere. Eta, bestalde, kontuan hartu, tempoak agintzen du. Ez da erritmoa, sekuentziaren tempoa baizik. Sekuentzia hautatzen duzu, fotogramarik fotograma, harik eta “eten!” erabakitzen duzun arte. Eta beste sekuentzia bati lotzen zatzaizkio. Eta beste bati, eta beste bati. Larruazalean sentitzen duzu. Bai, uste dut larruazalez muntatzen dela filma. Eta, betiere, sekuentziaren tempoak agintzen du, ez film osokoak. Sekuentzia bakoitzak bere tempoa du, musikan bezala: bata da tranquilo, bestea da allegro, hurrena vivo… Berdin film bateko sekuentziak ere.

Eta 40 urte eta gero, filma berriz zirkulazioan…

Bai. Omenaldia egin beharko litzaieke, esker onez, zinta berreskuratu nahian dirua arriskatu zutenei, erakunde publikoen laguntzarik gabe. In extremis berreskuratu ahal izan zen, hain zegoen hondaturik! Betiko galtzeko zorian!

Nola liteke duela bi, hiru urte, Ama Lur hondaturik eta betiko galtzeko zorian egotea?

Nola den posible? Horrelakoxea delako gure Herria! Filmoteka eta film artxibategia, film biltegia, nahasten ditugu. Eman dezagun film bat dugula, tenperatura higrometriko handian: filmak alferrik galtzeko obligazioa du. Obligazioa… Bestelako egoera batean egon izan balitz, ez zen ezer gertatuko. Baina horrelakoak gara gu! Duela bizpahiru urte Ama Lurren proiekzio batera joan nendin hots egin zidan unibertsitatera Fito Rodriguez irakasleak. Filma egoera penagarrian zegoen. Ikasleak, hala ere, hantxe geldirik. Filma bukatu eta txalo zarta jo nien, haien egonarri eta estoikotasunagatik. Haren estiloa, modernotasuna goraipatu zuten. Filma berritu ondoren ere, beste emanaldi batera joateko deiadarra, Fitok, unibertsitatera. Orduan ere Ama Lur ikusi berri zuten ikasleek, eta aipu bera: estiloa, gaur egungo lan baten ezaugarriak.

Egin zenuten bi urte haietako lan handiaz zer esan ohi diezu ikasleei? Zer, zentsuraz?

Zertxobait jarduten dut, bai. Zentsura… Hobe zentsuratu izana, horrek loria tanta eman zion-eta Ama Lurri. Zentsoreak ez baitira inoiz oso buruargiak izan. Filma besterik gabe pasatzen utzi izan balute, hobeko zuten. Picassoren Guernicaren irudiak zentsuratzea, “Espainia” hitza hiru aldiz erabili beharra… “Pio Baroja nobela espainolaren berritzailea”, “euskal marinelak, arrantza-anaia espainolekin bat eginik”... Ergelkeria galanta!

Eta finantzazioaren gorabeherez?

Bi saio izan ziren, lehenak porrot egin zuen, aurrera bigarrenak, Jose Luis Etxegarai, Andoni Esparza, Castor Uriarte eta Iñaki Hendaiaren bitartez.

Lehenengoan 90.000 pezeta batu genituen, Iruñeko Diaz de Ultzurren sendagileak eta gure attattok –aitaren txikigarri hemen, Irunen–, jarri zuten diru hura; Gasteizko arkitektoren batek ere jarri ote zuen nago... Baina diru harekin osatzen ez! Horretan, Jose Luis Etxegarai Pagola zena etorri zitzaigun, eta laster zen Andoni Esparza eta gainerakoekin batzarturik, diru-bilketa lanean. Etxegarai izan zen Ama Lurren benetako aita, aitaponteko edo dena delakoa. Ehun pezetako akzioak asmatu zituen, herritarren artean saltzeko. Horrela osatu genuen filma egin ahal izateko behar zen dirua. Bolo-bolo dabilen esamesa da jornalari batek hil osoko soldata eman zuela pelikulari laguntzeko; baina horixe da, esamesa, ez egia.

Filmaren oinarri, hiru galdera: Zer da Euskal Herria? Zer, euskal kultura? Zer da euskal arima?

Neuk ere ez dakit zer den Euskal Herria. Egunero ari gara hura eraikitzen. Amets egin beharra dago… Horretan nago ni. Eman dezagun Agur Everest filma. Niri ez zait mendi igoera bera interesatzen, bateko pioleta eta besteko kranpoi. Bai, gutxi-asko hemen denok gara mendizale, gauza jakina da. Nik mendizalea bera dut intereseko, ez gainerakoa. “Urteko zer egun da gaur? Zer ari gara, gaur eta orain, Euskal Herriaren aldeko lanean?”. Niri horixe geratu zait Ama Lurretik.

Zer geratu zaizu gainerateko lan guztietatik? Zer iruditzen zaizu beti Ama Lurri buruz matrakan etortzea galdezka, eginak dituzun beste hamaika lanok aipatzeke?

Berez, ulertzen dut jendea horrela etortzea, horixe sentitzen dut eta. Herriaren alde egindako lan guztiak dira inportante, baina eremu gorrian zoazela txarro bat ur fresko topatzeak horixe du, bizi guztiko oroitzapena. Eta guk, egia esan, urteak daramatzagu, mendeak, eremuan eguzki galdatan oinez, 1200, 1512, 1836, 1879, 1936… Nik ez dut ulertzen, hala ere, gure… ez, hobe dut ez esan. Ez dut esango.

 

 

Nortasun agiria
Fernando Larruquert Agirre (Irun, 1934). Musika, argazkia, zinema. Koru zuzendaritzan jarduna da oso gaztetatik. Ondoren, Jorge Oteizaren bitartez Nestor Basterretxea ezagutu eta Frontera Films produkzio-etxea osatu zuen. Horrela etorri ziren Operacion H (1963), Pelotari (1964), Alquezar (1965) eta, oroz gain, Ama Lur (1968), aipu eta sona handiko luzemetraia. Harrezkero, Euskal Herri-Musika (1980), edota –Juan Ignazio Lorenterekin batera egina–, Agur Everest (1981). Geroztik hainbat eta hainbat film eta produkziotan hartu du parte, teknika eta muntatze lanetan, Frantzisko Bernabe, Rafa Treku, Montxo Armendariz eta besterekin. 25 urte baino gehiago daramatza Irunen, Lamia argazki dendan lanean, seme bien eta emaztearen ondoan. Euskal kulturaren pertsonaia galeria zoragarria ageri da denda hori… Jorge Oteiza, Mikel Laboa, Julio Caro Baroja, Juan San Martin, Joxe Migel Barandiaran, Francisco Escudero eta beste dituzu bertan begira.
Ez dok hamahiru
1. Urdaine.
Beste bat nintzatekeen Urdaine gabe.

2. Irun.

Ez dut jasaten. Irunen bizitzea, ez bizitzeko estimulua da.

3. Nestor [Basterretxea].

Laguna, baina urrutikoa. Bi mundu ezberdin ditugu.

4. Jorge [Oteiza].

Maisu eta adiskidea.

5. Fernando Larruquert.

Ikastun.

6. Ama Lur.

Ezin sinetsirik nago.

7. Euskal zinema.

Zinera joan nintzen azkenean Obaba ikusi nuen, Montxo Armendarizek estreinura gonbidatuta.

8. Zinema.

Ez naiz joaten. Bateko krispeta usaina, besteko zorro hotsa, honako freskagarriren pssssssss!... Ez noa eta kito.

9. 60ko hamarkada.

Euskal Herrian? Tesia egiteko modukoa.

10. Euskal Herria.

Proiektu bat beti eginkizun.

11. Euskara.

Topikoa: “Gure ama”. Euskara galdu nuen, baina badakit noiz hitz egiten den ongi, eta noiz ez.

12. Larruquert deitura.

Zuberotarra omen, Jean Mixel Bedaxagarrek esana.

13. …

Ez dok hamahiru.

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude