«Hiztun pasiboak bai, baina osoak ez ditugu sortzen»

  • Jakes Bortairu Iparraldeko AEK-ko koordinatzailea da. Itolarriak jota dabiltzala aitortu digu, administrazioko langileak euskalduntzeko eskaerak arrapaladan datozkielako. Hala ere, behin eta berriz azpimarratu digu EEPren sorrera bere lekuan jarri behar dela,
    Iparraldeko euskararen geroak argi-ilunez josita segitzen duela.
Jakes Bortairu
Jakes Bortairu Iparraldeko AEK-ko koordinatzaileaGaizka Iroz


2005-2006 ikasturteko AEK-ko ikasleen %14,8k adierazi zuen lanerako nahi duela euskara. Lanpostua atzemateko gero eta beharrezkoagoa al da euskara Iparraldean?


Egia da euskara jakiteagatik lan batzuk atzeman ahal direla; hainbat lanbidetan euskaldunak falta dira, baina franko mugatua geratzen da oraindik. Irakaskuntzan, hedabideetan badira aukerak, baina ez gara ari ehunka postuz. Postu batzuetaz baino ez gara ari. Oraindik ez da hizkuntza politika publikoa garatu Iparraldean, oraindik ez da, adibidez, perfilik finkatu administrazioan eta are gutxiago mundu sozioekonomikoan. Hizkuntzak ez du inolako ezagupen legalik, lanerako beraz, biziki mugatua geratzen da oraindik.

Zein da euskara ikasten ari den ikaslearentzat aurrera segitzeko akuilurik onena? Eta etsigarriena?


Ez da batean zein bestean elementu bakarra. Esan dezaket ikasten ari den norbaitentzat etsigarriena dela ikas prozesua luzatzea eta aukerarik ez izatea bizitza normalean ikasitakoa erabiltzeko; lanean, lagunekin, aisialdian, erosketak egiterakoan... Erabilpen eskasak trabatzen du ikas prozesua eta kristoren denbora hartu eta indarra eginagatik ere, ikaslea sentitzen da blokatua, aurrera egin ezin duela.

Motibagarriena izan daiteke ikustea gero eta sektore gehiago ari direla euskararen aldeko dinamiketan sartzen; ikustea botere publikoek –hautetsiek, arduradun politikoek...– euskararen aldeko jarrera dutela eta jarrerak baino gehiago neurri konkretuak hartu dituztela; ikustea herriko etxeetan euskara sartzen ari dela; ikustea euskara garai batez arrunt hautu boluntarista zena orain gero eta zabalduagoa dela, ez dela gehiago opzio politiko zehatz batekin lotzen baizik eta jendarteko sektore guztietan aldeko jarrera dela eta euskara erabiltzea gauza naturaltzat hartzen dela.


Azken urteotan, batik bat Euskararen Erakunde Publikoaren bidez, euskarak nolabaiteko onarpena izan du Iparraldean. AEK-k igarri al du hori? Ikasleak gerturatzeko eragin al du?


Gauzak dauden mailan eta dauden neurrian jarri behar dira. Ez gara ari benetako hizkuntza politika normalizatuaz administrazio guztietan, inondik ere. Panorama argi-ilunez betea da. Abiatze fasean gara oraindik.

Hala ere, izan dira ondorio zuzenak, bereziki helduen irakaskuntzan. Duela urte batzuk Euskal Konfederazioak proposatuta herriko etxe batzuk hasi ziren langileak euskalduntzen. Ondorioz, egia da sortu direla hainbat herriko etxetan langileekin taldeak euskalduntzeko edo alfabetatzeko. Orain EEPri dagokio hori garatzea. Kostaldean, Baionan, Biarritzen... eskaera ari da antolatzen eta hori da elementu berria. Bai herriko etxeetako eta baita Kontseilu Orokorreko langileei ere proposatu zaie euskara ikastea eta frankok erantzun dute. Herriko etxe batzuetan euskara lanean ere erabiltzea proposatu zaie. Alde horretatik aldaketa izan da, bai, eta eskaera nabari dugu.

Gauza bera ari da gertatzen, momentuz maila tipian, haurtzaindegi, zahar etxe eta enpresa batzuetan. Jendeak badaki posibilitateak badirela, laguntzak badirela, ikusten du aldeko giroa dagoela eta orduan jendeari proposatzen zaiolarik euskara ikastea gogotik erantzuten du. Beraz, pentsa daiteke ondoko urteetan garatuko dela arlo hori guztia hainbat lekutan eta bereziki herriko etxetan.


Helduen euskalduntze alfabetatzeari 2.000 euskaldun oso eta 7.500 hiztun pasibo zor zaizkio. Era berean, 5.900 euskal hiztun galdu dira eta 12.200 euskaldun pasibo bilakatu. Nola interpretatu datuok?


Seguruena da minimoaren azpitik ari garela, esan nahi dut, ez ditugula ordezkatzen galdutako hiztun kopuruak, edo doi-doi. Hiztun pasiboak bai, baina hiztun osoak ez ditugu sortzen nahiko ordezkatzeko hiltzen direnak. Aipatu dugu egoerari dagozkion hainbat elementu positibo, baina oro har ez dugu inondik ere gelditu gibelatze prozesua eta are gutxiago berreskuratze prozesua hasi.

Gauzak ez dira inondik inora irabaziak, jendartearen engaiamendua ez da ahuldu beharko, eta hori izan daiteke arrisku bat; politikoek zerbait egiten dutelarik baliteke egotea halako geratze bat. Saiatu behar da hori gerta ez dadin, oraindik indar guztiak beharrezkoak dira. Bai, argi-ilunez betetako egoera dugu, batetik, euskalgintzaren borrokari esker sekula baino tresna gehiago dugu esku artean, baina helburuak hor dira eta ez dira inondik ere irabaziak.
Euskal Konfederazioaren geroa ezbaian
AEK Euskal Konfederazioaren parte da, Iparraldeko euskalgintzako eragileak biltzen dituen erakundeko kide. Hain justu, martxoaren 15ean bilduko dira Euskal Konfederazioko kideak erabakitzeko ea erakundeak lanean segi behar duen ala ez, eta baiezkoa bada nola egin behar duen lan. Bortairuren ustez, hausnarketaren beharra batik bat hiru arrazoik eragin dute:
  • "Lurralde ezagupenik ez izanda ere, sortu dute espreski Ipar Euskal Herriarentzat instituzio publikoa hizkuntza politika gogoetatzeko eta gauzatzeko. Beraz, panorama aldatu du eta berkokapena eskatzen du. Herri eragileek badute lana segitzeko, dudarik gabe, baina ordura arte herri mugimenduen esku ziren lanak ez dira gehiago herri mugimenduen esku. Bestalde, herri mugimenduek erakunde publikoen lanen ebaluaketa eta azterketa zehatza egin beharko dute jakiteko ongi den ala ez den, aski den ala ez den... Aldaketa dago botere publikoekin dugun harremanean ere: duela urte batzuk harremanak konfrontazioan oinarritzen ziren gehiago; eskatu, aldarrikatu, presioa egin... Orain ere, alde hori seguru izango dela, baina kooperazio esparruak irekiko dira lehen baino askoz gehiago".
  • "Bestalde, Euskal Konfederazioa 1995ean sortu zen eta gero Kontseilua. Beraz, kontua da nola antolatu euskalgintza; ea merezi duen atxikitzea koordinazio gune berezia Iparraldekoa edo aski dugun Kontseiluarekin".
  • "Koordinazio gune orotan gertatzen den arazoetako bat da egituraren higadura. Indar militantez osatutako mugimenduak dira, bakoitzak baditu bere gorabeherak eta elkarte horien guztien koordinazio gunea biziarazteko ere indarra behar da. Horretan ere gorabeherak badira. Horrek ere ekarri du egitura desegitearen hautua mahai gainean jartzea".

ASTEKARIA
2008ko martxoaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude