Errausketaren kontrako alternatibak egosten

  • Hilaren 15etik 18ra, errausketaren kontrako GAIA nazioarteko sareak biltzarra egingo du Hondarribian (Gipuzkoa). Mundu osoko 150 ordezkari eta aditu izango dira bertan, errausketaren aurrean dauden alternatibak aztertu, esperientziak azaldu eta hausnartzeko. “Biltzarra hemen egitea, gure borroka babesteko beste modu bat da”, diote Ekologistak Martxan taldetik. Eurak ari dira ekitaldia koordinatzen.
Errausketaren kontrako manifestazioa Usurbilen
Errausketaren kontrako manifestazioa UsurbilenA.P./I. Otegi
Labe gori bat bihurtuko da Hondarribia. Errausketaren kontrako alternatibak egosiko dituen labe gori bat. Bertan egingo den Mundu Biltzarra GAIA sareak sustatu du. Sarea 2000. urtean sortu zen eta gaur egun 80 herrialdetako 500 elkarte, koalizio eta plataformek osatzen dute –nola hiritarren koalizioek, hala ikerketa institutuek–. Nazioarteko aliantza honek errausketaren kontra eta hondakinak kudeatzeko modu egokiagoen alde egiten du lan eta bere esanahia bikoitza da: Global Alliance for Incinerator Alternatives (Errausketaren Alternatiben Aliantza Globala) eta Global Anti-Incinerator Alliance (Errausketaren Kontrako Aliantza Globala).

Europako direktibak jomuga

Ekologistak Martxan taldea GAIAko partaide da eta bera ari da Hondarribiko ekitaldia koordinatzen. Talde honetako arduraduna den Ainhoa Ortegak Argiari esandakoaren arabera ez da kasualitatea biltzarra Gipuzkoan egitea: “Sareak gertutik jarraitu eta babestu du errauskailuen kontra hemengo herritarrek eraman duten borroka”.

Bestalde, jakina da Europar Batasunean hondakinen inguruko direktiba errebisatzen ari direla eta badirudi industriako zenbait lobby presio handia egiten ari dela araudia aldatzeko: “Nahi dutena da errauskailuetan egiten den errekurtsoen suntsiketa birziklapenarekin parekatu” dio Ortegak. Errausketaren inguruko araudia aldatzeko ere tirabiratan dabiltza, antza, emisioak kontrolatzeko estandarra jaisteko asmoz. Horregatik, aurtengo Mundu Biltzarra Europan egitea, asmo horien aurrean “atentzioa deitzeko modua” dela esan du talde ekologistako kideak.

Errauskailuei mozorroa kendu

 


Biltzarra lau egunez luzatuko da –irailaren 15etik 18ra– eta asko dira bertan jorratuko diren gaiak, hondakinen kudeaketarekin zerikusia dutenak guztiak ere. Horrela, Gipuzkoako kasua azalduko dute, errauskailuen auzian izan diren gorabeherak eta hondakinen inguruan dauden arazoak ezagutarazteko. Munduko beste lekuetako adibideak ezagutzeko aukera ere izango da. Esaterako, Malasiako Broga hirian eraiki nahi duten errauskailuaren kontrako borroka, edo zementuzko labeetan hondakinak erretzearen aurkako kanpaina Hegoafrikan.

Bestalde, errausketak osasunari eta ingurugiroari sor dakizkiokeen kalteak landuko dituzte mundu osotik etorritako adituek. Horrela, “mozorrotutako” errauskailuen arriskuak azpimarratuko dituzte: gasifikazio eta pirolisia, edo arku plasman oinarrituriko teknologia, besteak beste.

“Zero Hondakin”

Milaka dira mundu osoan errausketaren kontra jarduten duten taldeak eta horietako asko Hondarribira etorriko dira. Japonen, esaterako, dioxinen aurkako mugimendua oso zabaldurik dago –ehunka errauskailu itxi dituzte herritarren presioaren ondorioz– eta bertako ordezkariak izango dira gurean. Hala nola: India, Filipinak, Estatu Batuak, Kanada, Korea, Erresuma Batua, Kamerun, Kroazia, Espainia, Mexiko, Libano...

Hain zuzen ordezkaritza zabal horretaz baliaturik, “Zero Hondakin” deitzen den filosofiaren inguruan hainbat herrialdek martxan jarri dituzten proiektuen berri emango dute Hondarribian. Hondakinik ez sortzeko helburuz neurriak hartu zituen lehenengo hiria Canberra izan zen (Australia) eta 2010 urtean helburua beteko dutelakoan daude. Zeelanda Berrian herrialde osorako plana jarri zuten martxan eta udalerri batzuek jadanik zabortegietara eramaten den hondakinen tasa %70 jaistea lortu dute, errauskailurik erabili gabe. Beste adibide bat Estatu Batuetako San Frantzisko da. Pazifikoko hiri honetan zaborra gutxitzeko helburuarekin konposta planta eraginkor bat eraiki dute, lorategi, jatetxe eta ostatuetako hondakinak tratatzeko.

Laguntza handia etorkizunera begira

 


GAIAren biltzarrak askorako balioko duela uste du Ainhoa Ortegak. Izan ere, arlo ezberdinetan espezializatutako aditu ugarik hartuko du parte: “Guztiek bat egiten dute errausketa baztertu beharrarekin, kutsakorra eta osasunarentzat kaltegarria delako” dio Ekologistak Martxaneko arduradunak. Hain zuzen, Ortegaren iritziz, ekitaldiak ideia horretan sakontzeko balioko du: “Gure proposamenak zehazten lagunduko digu, hondakinen kudeaketa zuzena egiteko”.

Biltzarreko lan-taldeetan gestio planak aztertuko dira, leku bakoitzeko arazoetara egokituak beti ere. Herrialde bakoitzeko kasuak ezberdinak dira, baina konparaketaren eta esperientziak elkar trukatzearen ondorioz hausnarketa sakonak atera daitezke inondik ere. Eta bide batez, herritarrak jabetu daitezke munduko beste leku askotan ere errausketaren problematika airean dagoela.

Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude