Ehunka preso kurdu gose greba mugagabean dira irailetik

  • Gose greban 42. eguna dute Turkiako kartzeletan dauden ehunka preso kurduk, euren preso politiko estatusa aldarrikatzeko. Hiru eskari egiten dituzte gose grebalariek: Batetik, PKKko buru den Abdullah Öcalan askatzea, bake egoera bat negozia dezan Turkiako Gobernuarekin; bestetik, publikoki kurdueraz hitz egiteko eskubidea errespeta dezala Ankarako Gobernuak, eta azkenik, Ipar Kurdistan edo Turkiako Kurdistango gatazka politikoari irtenbidea emateko pausoak has ditzala Turkiak.


2012ko urriaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ume kurduak gose grebalariak bailiran bezala jolasten, kaiola kanpoan poliziarena egiten ari diren umeekin.

Presoen gehiengoak irailaren 12an ekin zion baraualdiari, eta hainbat medio kurduk jakinarazi duenez, "gose grebalariak atzera bueltarik gabeko puntura iristen ari dira". Ozturk Turkdogan Turkiako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, presoek jateari uko egin diote, nahiz eta tea, azukredun ura eta bitaminak hartzen ari diren.

Gose grebarekin amaierara arte jarraitzeko asmoa erakutsi dute presoek. Horren adibide dira, Hevallo izeneko blogean, gose grebalariek helarazitako gutunak. Ingelesera itzulita argitaratzen dituzte eta bertan irakur daitezke ondorengo artikuluak, besteak beste: "Gertatzen dena gertatzen dela, ez dugu etsiko", "Esanahiz betetako bizitzarik politena, erresistentziazko bizitza da" eta "Gure bihotzek herriarekin egiten dute taupa".

Kanpaina berezia abiatu dute sarean ekintzaile kurduek, "nazioarteko hedabideek egiten dieten blokeoa saihesteko". Twitterren #TwitterKurds edo #KurdishHungerForFreedom etiketa erabiltzen ari dira.

Kurdistan estaturik gabeko nazioa da. 40 milioi biztanle inguru dira eta Turkia, Siria, Iran, Armenia eta Iraken banatuta daude. Kurduera da euren hizkuntza: Iraken ofiziala da, Turkian ez da ofiziala eta eskoletan ezin dute irakatsi, Sirian debekatuta dago kurdueraz hitz egitea, eta Iranen ez dago baimenduta eskoletan irakastea. 1980ko hamarkadan PKK Kurdistango Langileen Alderdia sortu zuten, Turkiaren aurka borroka armatua egiteko. 2012ko uztailetik bi aldeen arteko erasoek nabarmenegin dute gora.

Informazio gehiago:

Argiako multimedia kanalean Kurdistani buruzko diaporama ugari daude eskura.


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude