Proiektu Handi Inposatu eta Alferrekoen aurkako nazioarteko eguna da abenduaren 8a. Horren karietara hainbat mobilizazio izango dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Zehazki, hainbat talde eta norbanakok deia zabaldu du Bilboko Plaza Biribilean elkarretaratzea egiteko, eguerdiko 12:30ean.
“Elefante zuriaren bidez irudikatzen dira mantentze kostua ematen duten onura baino handiagoa duten proiektuok”, azaldu dute deialdian, “eta Euskal Herrian elefante zuri asko dugu, batzuk eginda, beste batzuk egiten hasita eta beste batzuk egin nahian”. Mota horretako proiektuen zerrendan aipatu dituzte, besteak beste, Abiadura Handiko Trena, frackinga, Garoña, Petronorren coke planta, Nafarroako Los Arcos zirkuitua, Super Sur autobidea…
Mobilizaziora deitu dutenen esanetan, proiektuok hondamendi ekologiko eta soziala dakarte: “Natura-guneak eta nekazaritzako lurrak hondatzen dituzte, eta inpaktu kaltegarriak dituzte inguruko biztanleentzat”. Horrez gain, halako egitasmoei buruzko erabakiak parte hartzea ukatuz hartzen direla salatu dute: “Herritarren argudio eta proposamenen aurrean gobernu eta administrazioek mespretxu jarrera agertzen dute”.
Azkenik, eskaria egin dute “premia handiz” Abiadura Handiko Trenaren obrak eta Petronorren coke produkzioa gelditzeko, Garoñako zentral nuklearra ixteko eta Zubietako errauskailua ez egiteko.