Tokian tokiko Hitza egunkariek eta Berriak indarrak bilduko dituzte, "hedabide zabalduenen nagusigoarekin lehiatzeko bideak zabaltzeko". Proiektua azaroaren 5ean jarriko dute indarrean, Urola Kostako Hitzan iragarri dutenez. Ekonomia krisia eta hedabideak jasaten ari diren eredu krisiak bultzatutako hausnarketa prozesu luze baten emaitza da aipatu aldaketa. Datozen egunetan emango dute Hitzen eta Berriaren papereko eta Interneteko edizioei eragingo dieten moldaketen inguruko datu gehiago. Paperari dagokionez, Urolako Kostako Hitzaren kasuan bederen, asteartetik ostiralera bitartean argitaratuko da; eta asteburuko berriek Interneten izango dute jarraipena.