Arg.: Judit Fernandez
Otsailaren 5eko iluntzea, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Xabier Leteren errezitaldia, Egunsentiaren esku izoztuak poemariotik. Aretoa gainezka egon arren, isiltasuna erabatekoa, ez eztulik, arnasari ere eutsiz entzuleak. Letek sortzen dakien komunio une horietako bat, Joxean Goikoetxearen akordeoiak jartzen zituela azpimarrak, puntu eta komak, suspentsiboak...
Joxe Angel Irigaraik bazekien ezin zela bestela izan, Iruñean Planetariumeko emanaldia bizi izan eta gero. Otsailaren 10ean Bilboko Kafe Antzokian berritu zen ekitaldia, Azkunaren Udalak agindutako itxialdi susmagarriari puntu eta apartea jarriz.
Egun hartan izoztu zitzaion bihotza, bat batean, Joxean Arbelaitzi, herrigintza soiletik nahiz erakundeetatik kulturaren bultzagile izandako errenteriarrari. Geroztik joan dira Peña Gantxegi arkitektoa, Kepa Arizmendi pintore baztandarra, Roger Idiart apaiz kantari azkaindarra, Txato Agirre, Luis Mari Bandres, Miren Eraso, Juan Kruz Unzurrunzaga... KM-ko emanalditik asebeteta atera zen heriotzaren zain zegoen gizona. Bere testamentuaren zati bat Berrian utzi zuen, kontatu zuenean nola berak eta Bixente Ameztoi pintoreak, torturaz hildako Joxe Arregiren gorpuari argazkiak atera eta hedabideetara zabaldu zituzten. Kultura, batzuentzat, ez da saloietara mugatzen. Mikel Atxaga ere mututu du aurtengo urteak, eta Juanjo Zearreta. “Nora galdu zineten gure lagun hurbilak/ bizitzaren ibiltari egun batean hilak...”.
Izozten ez dena, denboraren joana, urteurrenekin mugarritzeko tentazioa izaten dugun arren. ARGIA 90 urte ospatzen dabilen honetan, Euskaltzaindiak beste hainbeste bete ditu. Hogeita bost Tasio filmak eta, abagunea aprobetxatuz berpiztu duten Bilbao Bilbao musikalak. Gerra aurreko berpizkundearen ataria markatzen digute urteurren zaharrenek, Franco ondorengoa berrienek. Tartean 65 urte luze, maldan gora eta behera, Sisiforen ekipoan.
Eta gainerakoan, ba hori, izoztuta ez ezik, koska bat kendu hemendik, beste bat handik, muskilduz doaz kulturgintzarako aurrekontuak krisiaren aitzakian. Halako garaietan ez dela aldaketarik egin behar dio jakinduria jesuitikoak, baina juxtu krisiarekin batera etorri da ba Jaurlaritzaren berritzea ere. Oraingoz ez du hots handirik jo Kultura Sailak, diskrezio handiz dabil, itxuraz lehengoari eutsiz funtsean. Albisterik eza albiste ona dela sinetsita egoteko moduan. Dena den, kulturgintzaren esparru zabalean ari diren eragileekin topo egin eta, hitzetik hortzera jaulkitzen dutena horixe da: kezka, Kultura Saileko agintari berriek zein norabide hartuko ote duten.
© 2009 ARGIA.com