Nire ustez, badago gauza bat zenbait adierazpenek, futbolak barne, komunean dutena: momentu batean, leku batean, jende multzo batek emozio bera sentitzea. Eta hori zirkuak ematen dizu, futbolak beste era batera ere ematen du, baina bideo-jokoek ez dute hori ematen. Eta nik uste hori, emozioak konpartitzea, oso garrantzitsua dela gizakiontzat (...) Krisi garaian, leku guztietan, zer edo zer soberan baldin badago, lehenengo gauza kultura izaten da. Luxuzko jarduera da, gizarteak ez du beharrezko ikusten. Orduan, biak [umeentzako antzerkia eta helduentzakoa] ateratzen dira kaltetuak. (Aizu!, 09-03-03)
DBadira zenbait urte Nafarroako Gobernuak kultur politika orokorra, eta zehazki museoetarakoa, bi moduz gainetik kendu duela: edo erakunde publikoen kudeaketa esku pribatuetan uzten du, edo autonomikoa behar lukeen gestioa udalerrietako administrazioei uzten die. Azkenean, Huarte zentroaren kasuan bezala, gestioa kultur enpresen esku geratzen da. (Diario de Noticias, 09-03-10)
Badabil hemen iritzi bat, dogma bat kasik, Euskal mitologiako pertsonaiak kristianismoak egin dituela gaizto; alegia, lehen onak zirela eta Elizak deabrutu dituela. Hori ez dela oso sinesgarria erakutsi nahi izan dut, izaki horien naturan dela aldi berean onak eta txarrak izatea, edo noiz-nola. Eta hainbesterako indarra du bikoiztasun horrek, non kristianismoko pertsonaiak ere (deabrua eta Ama Birgina) gaizto-gaiztoa eta on-ona izatetik bikoitzak izatera pasatu baitira euskal mitologiako kondairetan -Europako askotan ere bai, jakina-". (Euskonews, 09-05-26)
Aktualitatea segitzen dut. Kantaldiak, bertsu saioak, antzerkiak... Horiek denak ikusten ditudalarik, iruditzen zait irauten dutela harrigarriki. Bada eskaintza zabal bat, gehienetan kalitate handikoa, edozein sailetan. Oso pozik nago potentzial handi bat ikusten baitut. Eskaintza guzi hori proposatzeko lan anitz egin behar da. Eta harritua naizela diot ditugun baliabideak ez baitira batere handiak. Nire iritziz kulturgintzan egiazko baliabideak beharrezkoak dira euskal kulturak iraun dezan. Ikusiz diren medio guztiekin dagoen ondorio ederra, behar diren medioak izanez geroz, emaitza oraino eta aberatsagoa izanen zen. (Euskonews, 09-05-12)
Kultur mailan, zirkuitu handiagoa dago gaur egun periferian, erdigunean baino. Besteak beste, hiriburu eta jende eta mugimendu asko duten herri gehienak hartzen dituelako periferiak. Beharbada, jada, periferia erdigunea da (...) Gu bertsotara joaten garenean beti dugu berehalako erantzun bat jendearen aldetik, eta ondo joaten bada itzel, erdipurdi badoa tira, eta gaizki eginez gero azkar-azkar galtzen gara handik... baina frakasoa oso gutxitan leporatzen zaigu. (Unai Iturriaga)
Periferian egoteak alde oso ona du: errazagoa da batere jainkotua ez dagoen egoera bat desakralizatzea. Periferian gaudenok, berritik sortzeko eta probokatzeko pasaporte bat dugula iruditzen zait. Ez litzateke hain erraza Goierritik halako zirtokeriak egiten ateratzea. Etxetik eta inguruan betitik euskaraz eta bertsoa edo antzerkia ezagutu izan duenak zailagoa du haustura; aldiz, basamortutik datorrenak, errazagoa. (Asisko Urmeneta)
Berria, 09-09-02
© 2009 ARGIA.com