Iparraldeko AEK-ko koordinatzailea
2009ko urteak utzi digun argazki ikusgarriena Gasteizen Korrikaren amaierakoa izan da. Ikusgarria han bildutako jende kopuruagatik bai eta lekuko barneko mezua Pirritx eta Porrotx pailazoek irakurri baitzuten ere. Ikusgarria izateaz gain esanguratsua zen mezuaren edukiaren aldetik : esaguzu euskaraz, emaguzu muxu. Usaian egiten duten bezala pailazoek haurren larruan kokaturik helduei, burasoei zuzendu ziren euskara ikasi eta erabil dezaten, “euskara umeen gauza” delako irudia eman ez dezaten.
Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira zioen mezuaren haritik filma hunkigarria argitaratu zen korrikaren karietara, Bidaia intimoak izenekoa. Bertan euskarak eta euskaldunek jasan zapalkuntzek baina bizi izandako susperraldiek ere, pertsona batzuengan izan zuten eragina kontatzen zen. Lagun horien esperientziak bereziak izanik ere, elementu unibertsalez osatuak ziren eta euskaldun orok, izan berri ala zahar, momentu batean edo bestean bere bidaia propioaren etapa bat ezagutuko zukeen segur aski.
Baina Korrikak ez zuen bakarrik alde goxorik ezagutu eta polemika nahiz mehatxuren artean amaitu zen. Elkarte batzuek lasterkaldia gelditzea galdegin zuten, presoen argazkiak agertzeagatik eta Nafarroako Gobernuak lehen aldiz erosi zuen kilometroa bertan behera utzi zuen. Denbora berean hedabide batzuek aukera baliatu zuten bazterrak nahasteko eta korrikak islatzen duen euskarekiko atxikimendu zabalarekin duten herra sakona azalarazteko.
Instituzioen politikari doakionez, euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen Dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen eta Europako Erreferentzi Markoan uztartu dituen sistema honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskarara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan. EAEn gobernu aldaketaren ondotik, Kultura sailburu berriak bere aurrekoak harturiko akordioa aplikatzea erabaki zuen. Ikustekoa da HEA arloari zer nolako garapen aukerak irekiko dioten arduradun berriek. Nafarroan AEK-k eta IKA-k gogor salatu zuten Euskarabideak euskarazko komunikabide nahiz euskaltegientzako diru laguntzen murrizketa. Probintzia honetan geroak ekarriko duena ezin jakin. Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoak arloari emandako diru laguntza doi bat emendatu zuen. Halere finantzazio marko orokorra oraindik landu gabe dago. Errobi herri elkargoak bere aldetik beka sistema aztertu du eta 2010eko sartzean abian jartzekotan da.
© 2009 ARGIA.com