Arg.: Dani Blanco
Ez da iazko kontua, lehenagotik dator. Antton Lukuk ederki asko azaltzen du bere Euskal kultura? liburuan: kultura erakundeen esku uzteak ez dakar ezer onik. Berak Iparraldeko egoera aztertzen du, baina berdin-berdin balio du Hegoalderako ere. Antzerkiaz ari da Luku batez ere, baina arteaz ere beste hainbeste esan daiteke. Edo musikaz. Nork antolatzen ditu kontzertuak gaur?
Erakundetzea orokorra izan da, eta ondorioz, artista askoren lana erakundeari berari egindako kritikan oinarritzen da.
Udaran, Veneziako Biurtekoa izan zen. Euskal Herriak ere izan zuen bere ordezkaritza, Kurdistanek gonbidatuta. Maialen Lujanbiok Berriarako idatzi kronika ederretan irakurri genuen Oier Etxeberriak afixak egin zituela, Che Guevararen “Crear dos, tres, muchos Vietnam… es la consigna” esaldiaren aldaera ironiko bezain kritiko batekin: “Crear dos, tres, muchos Guggenheim”. Baina afixak ez itsasteko eman zioten aholku anfitrioiek, baimena behar zuela. Txukuntasunaren izenean. Udalak jarriko zituela gero, egoki irizten zion lekuetan.
Esan al dut erakundetzea orokorra izan dela?
Oier Etxeberriaren esaldi ironiko horrek gainera datorkiguna gogorarazteko ere balio du. Bizkaiko Foru Aldundia erabat tematu da Urdaibain beste Guggenheim bat egitearekin. Aurreikuspenak ere egin dituzte: 148.000 bisitari jasoko ditu urtero. Eta guk barre egiten dugu, negar ez egiteagatik.
Erakundeak bai ugari, baina ba ote da benetan kultur politikarik?
Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoen Rekalde Aretoa berriz ere notizia izan zen, Pilar Mur kendu egin zutelako bere kargutik. Kontuak mendeku itxura zeukan, gainera. Pilar Murrek publikoki kritikatu zuen Rekalde Aretoak pairatutako zentsura, Josune Ariztondok 2008ko Ertibil erakusketako lan bat kentzea erabaki zuenean.
Horri kultur politika deitzerik badago?
Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoen Arteleku ere albiste izan zen, urtebete lehenago koordinatzaile lanak egiteko hartutako Kepa Landa bota egin zutelako, krisiaren izenean. Ez lana gaizki egin zuelako, dirurik ez zegoelako baizik. Ni sinplea naiz, eta gauza batzuk ez ditut ulertzen: lan bat baldin badago egiteko, nork egingo du orain? Orain daudenen artean moldatuko badira, zergatik hartu zuten duela urtebete?
Erakundetzea hain orokorra izanik, gutxienez kultur politika serio bat eskatu beharko genuke.
Kultur politika: kultura zertarako nahi den, artea zertarako behar dugun, hortxe dago koska. Edo nahi den turismoa sustatzeko, edo behar dugun eguneroko bizitza beste begi batzuez ikusteko.
© 2009 ARGIA.com