Ez dut erakusketa bat modu txukun batean prestatzen, ezta koadro bat ere. Koadro bat margotzen hasten naizenean ez dakit zein bidetik eramango nauen, ezta zein itxura hartuko duen ere. Erakusketak egiten ditudanean momentuan dauzkadan obrak sailkatzen ditut. Pintatzen hasi baino lehen badaude erabaki beharreko gauza batzuk: erabiliko duzun oinarria, aukeratuko dituzun pintzelak... Berezkotasunak ez dauka ia presentziarik orduan, pintatzeko eran fisikoa denez, bai. Gaiak, koloreak eta hauen arteko harremanak dira berezkoak. (Euskonews, 09-01-05, 467. zenbakia)
Gaur egun artearen munduan hasten ari direnak askoz ere prestatuago daude, batez ere, teoria aldetik. Teknika aldetik, zer esanik ez. Baina presa gehiegi ere badute, segituan nahi dute estilo bat hartu eta hori garatu, eta estiloa ez da markatu behar behin ere, estiloa, berez, ezinezkoa da ez edukitzea. Ez da leku batean finkatu behar, logotipo bat bezala, `nik horrela egiten dut' eta beti berdin. Hori ezinezkoa eta aspergarria da. (Gara, 09-10-07)
Niretako, kritikaria gaizki ordaindutako pertsona bat da, kritikaria izan besterik nahi ez duen pertsona. Ez luke beste zereginekin nahastu behar. Ez luke esaterako, komisario izan behar. Uste dut independentzia horri eutsi behar diola. Bidenabar esanda, denetarik jakin beharko luke. Antzerkia ezagutu beharko luke, filosofia pixka bat... Baina garbi utzita idazketa dela bere tokia, bere testuingurua. Uste dut galdu egin dela baloreak idazkeraren bidez emateko ohitura hori. Eta idazketa funtsezkoa da. (Berria, 08-05-27)
© 2009 ARGIA.com