Arg.: Gorka Rubio / Argazki Press
Ahulenen odolarekin batzuk egarria asetzen hasi direnean dardarka bildu gara krisia teatroaren jabetza zela uste genuenok; beste arloekin konpartitu behar omen da aukeraz beteriko hitz madarikatua. Krisiarekin atera dira Nafarroako Antzerki Eskolakoak kalera, programatzaileen beldur dira taldeak, hainbat erakundek gutxi egiten zuten arren gutxiago egitearekin mehatxu egin dute han-hemenka.
Egoera zailenetan oroz gain langileen eskubideak hartu behar dira gogoan. Bestela, krisiak mesede egiten digulakoan nago, horrelakoetan gure kultura “sistema”ren ahuldadea ikuskizun delako: merkatuari loturik ulertzen den kultura izotzezko eskulturen moduan urtzen da, produktuak ekoiztera behartuta den talde eta konpainien sormen itolarria agerian; produktuak (batzuk) babesten direla eta ez sortzaileak, entretenimenduaz landako eskaintzak zabaltzeko apustuak eskasak direla. Apusturik ez erakundeek eta, autokritika eginez gero… ezta publikook ere? Bien artean, norabide jakinik gabeko errepide eta trenbide erraldoiak eraiki nahi dituzten honetan, kulturako eragile askok espaloi zati txiki bat konpontzeko xahutzen denarekin urte osoko biziraupena lortuko luke.
Zer da krisian dagoena? Teatroa? Sormena? Ala kulturari lotu zaion eredu ekonomikoa? Krisiaren erdian errealitateak absurduaren ederra islatzen du temati: gogotsu itzuli dira Antzerkiola Imaginarioa eta Hika taldeak; Antton Lukuk Euskal kultura? galdetu du eta eztabaida izan da erantzuna; aspalditik lanean dabiltzan askok lanean jarraitu dute, Euskarazetamolekin kasu; aukerak itxi beharrean irakurketa dramatizatuak zabaldu dira, Herioa eta dontzeila lekuko; Juglarea, puta eta eroak hainbat sari jaso du, publikoaren maitasunarena tartean; Luhusoko espazioa hartu zuten Le Petit Theatre De Painek, Kilikolo zirkoak eta Iparraldeko dantzarien biltzarrak; Aulestiko ADELen, Usurbileko Topa Eszenikan eta Zarautzeko Brain storming-en ikerketa eta emanaldiak uztartuz elkarguneak egin dira; Antzerkizale elkarteak eman ditu lehen pausoak; egile berri baten testuan oinarritutako Eta Karmele? ezagutu dugu; Artezblai-k liburuak argitaratzen jarraitu du; eskura dugu Patri Urkizuren lan berria; Ttittika Rekalten pastorala taularatu da; Tolosan TOPICek zabaldu ditu ateak… haiekin talde amateurren jardunak, kale ikuskizunak, estreinaldiak eta zorioneko beste abar batzuk. Arte eszenikoen goi mailako eskola oraingoz erantzuna baino galdera da oraindik.
Absurdua ederra dela onartzea errealista izatea litzateke, baina errealista izateak ez du antza denez (legezko) botorik ematen.
© 2009 ARGIA.com