Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

AntzerkiaSailak



Katalunia, 15 urte aurrerago

Ane Miren , bihurrikaria

Hangoa (Kataluniakoa) hasieratik ezagutu nuen, eta agian hamar edo hamabost urteko abantaila daukate gure aldean. Han erakundeek badute sentsibilitate handixeagoa. Eta Frantziara bazoaz, harrituta geratuko zara. Han ehun mila argi-urtetara daude. Artista moduan izan ditzakezu ez dakit zenbat emanaldi urtero, eta lesio bat izanez gero, langabezia daukazu. Zuzenean behar batzuk estaliak dituzu. Erretiratzen zara, eta badauzkazu lekuak eskolak emateko; hemen kale gorrian geratzen zara. (Aizu!, 09-07-16)

“Bilbon Arriaga bakarrik dago”

Toño Pinto, Glu Glu produkzio-etxearen sortzailea

Antzerki arloan gabezia handiak daude Bilbon. Arriaga antzokia bakarrik dago. Bilborock aretoa ere bai. nire ustez Bilbon ez dago antzerki politika argirik. Ez dago inor esaten duena ‘hau horrela antolatu behar da’. Bilbon antzerkiaren inguruan ez dago ezer. Baina ez bakarrik euskaraz, gazteleraz ere bai. Bilbon ez da hizkuntzaren kontua... orokorrean ez du antzerki politikarik. (Berton, 2009-01-15)

“Goazen! sortzea oso ideia ona izan zen”

Tesa Andonegi, Goenkale telesaileko aktorea

Antzerkia egoera txarrean dago, haurrentzako lanak hobeto dabiltzan arren; hor dago Pirritx eta Porrotxen arrakasta. Proiektu jakin batzuek dute arrakasta (...) Tamalez, inork ez dauka formularik jakiteko zerk izango duen arrakasta eta zerk ez. Pausoka ekoiztetxekoak Goazen! sortzeko garaian oso azkarrak izan ziren, tankera horretako produktuak arrakasta itzela izaten ari direlako hainbat herrialdetan eta, hortaz, euskaraz ere sortzea oso ideia ona izan zen. (Berria, 09-02-05)

“Bufoia beharrezkoa da beti”

Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain-eko kidea

Sariekin beti zerbait berezia gertatzen da. Enetzat, antzerkia azpiko lana da. Noiztenka agerian azaltzea, sari baten bidez edo, hori ongi da, baina orain, antzerki hau saritua denez, behar dugu horren kontrako lan bat eraman. Beti beharrezkoak dira kontrako ideiak eta ikuspuntuak. Juglarea edo bufoia beti da ereduen kontra. Boterean edo aitzinean emana dena kitzikatzeko da hor. Antzerki hori aitzinera ekarria bada, errege bilakatzen bada, bere bufoia beharko du. Bufoia beharrezkoa dugu beti. Ez dut uste nire lanak beste lan batek baino egiatasun handiagoa duenik. Bide bat da, besterik ez.
[Le Petit Théâtre de Pain taldeak IX. Donostia Antzerki Saria irabazi du]
Berria 09-03-27

“Ostikoa eman nahi izan diot ekumenikoa zen pastoral horri”

Ttittika Rekalt, Belagileen tragedia pastoralaren idazlea

Pastorala beste edozein antzerki motaren parekoa da, nahiz eta forma oso berezia duen, eta gauzak esateko, salatzeko egindako antzerki bat da. Nolabait pastoralak paper hori bereganatu behar du. Hortan idazleak badu konpromiso handia. Idazleak ez du behar gelditu historiaren datu batzuk bata bestearen atzetik lerrokatzen, baina ausardia izan behar du aukeratu duen pertsonaia edo aukeratu duen garai baten irakurketa propioa egiteko, nahiz eta kritikak jaso, nahiz eta historialariak ados ez izan, eta publikoak eskandalutzat hartu. Nik hori egin nahi izan dut eta badira bertso gordinak, gogorrak, pornografikoak... Ostiko bat eman nahi izan diot ekumenikoa zen pastoral horri, sua bota eta ea eskandalua sortzen den hortik. (Gara, 09-04-19)

Umore eta komedia mota asko

Javier Alkorta, Araiako Umore-Antzerkiaren Jaialdiko zuzendaria

Edozein komediak ez du balio. Umore mota asko daude. Nik emanaldi asko ikusi ditut, eta deigarria gertatzen zait muntaiaren hasieran aktorea eszenara atera eta jendea txaloka hastea. Txaloak sariak badira, utziozu irabazten. Oro har, gainera, obra horietarako sarrerak garestiak dira. Badirudi funtzio batek 30 euro balio dituela entzute hutsarekin jendea barrez hasten dela. (Noticias de Alava, 09-08-12)

“Txirri, Mirri eta Txiribitonen garietan bezala kobratzen dut”

Elena Irureta, aktorea

Antzerkian 25 urtetan ez da ezer-ezer igo, nik azkena kobratu dut Txirri, Mirri eta Txiribitonekin kobratzen nuen bezalaxe. Telesailetan apurka, bakoitzak berea egiten du eta ahal duen bezala, baina hor ere ez da hainbeste igo, antzeko (...) ‘Honetaz ezin da bizi’ esaten dugunean, hainbatek erantzuten digu: ‘noski!’. Noski ez. Ni bizi izan naizelako! Eta bizi izan garelako orain 20 urte; gaur egun ezin da! (UK, 2009-10-05)

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan