Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Zientzia eta teknologia-ikasketetan ikasle gutxiegi

Arg.: Unibertsitatea

Juan Ignacio Perez-Iglesias

EHUko irakaslea

25 urtetan zehar jaisten egon ondoren, 1995an gertatu ziren Euskal Herrian azken urteotako jaiotze-kopuru txikienak. 25 urte lehenago jaio ziren haurren erdia jaio ziren orduan, gutxi gora behera. Hezkuntza-sistema osoak pairatu ditu beherakada horren ondorioak. Hortaz, nahiz unibertsitate-ikasketak hasten dituzten gazteen ehunekoak handituz joan diren, jaitsiera handia gertatu da unibertsitate-ikasleen kopuruetan.

Bestalde, ikasle kopuruaren jaitsiera horiekin batera, beste jokaera bat gertatu da. Izan ere, zenbait ikasketetako matrikulazioen kopuruak konstante samar mantendu edo -areago- igo diren bitartean, jaitsiera handiak izan dira beste zenbait ikasketatan. Eta horien artean, zientzia-ikasketak, lehen, eta ingeniaritzakoak, gero, izan dira beherakada handienak jasan dituztenak. Joan den hamarkadako kopuruen erdira jaitsi dira zientzietako ikasketetan matrikulaturiko ikasleenak. Osasun eta hezkuntza alorretako ikasketak nahiago dituzte, omen, egungo gazteek.

Jakina, aztertu egin behar dira jokaera horrek izan ditzakeen ondorioak. Zientzia- eta teknologia-alorretako ikasketak ikasle gutxik aukeratzen badituzte, gutxi izango dira alor horietan unibertsitate-titulua eskuratuko dutenak eta, beraz, gutxi izango dira ezagutza-esparru horietan egongo diren langile gaituak ere. Bistan da horrek ondorio kaltegarriak ekarriko dituela. Eta hiru dira, nire ustez, ondorio horiek jasango dituzten alorrak.

Industria arloko enpresa-arduradunak ohartu dira dagoeneko gero eta zailagoa dela ingeniariak aurkitzea. Enpresari baten berbak ekarriko ditut hona: “Elkarri kendu beharko dizkiogu ingeniariak”. Krisialdiaren aurreko hitzak dira, egia da, baina krisia igaroko da eta lehenago ala beranduago helduko dira arazoak.

Bestalde, gero eta gehiago dira zientzia- eta teknologia-ikerketa bultzatzeko euskal erakundeek abian jarri dituzten ekimenak. Ikerketa-zentro berriak sortu dituzte eta ikerkuntza bultzatzeko gero eta baliabide gehiago erabiltzen ari dira. Jakina, ikerketa-alorrak aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak dira ikertzaileak, baina zientzia-tituludun gutxi irteten badira gure fakultateetatik, ikertzaileen gabezia bihur daiteke zientzia-garapenerako mugatzaile nagusia.

Eta azkenik, bigarren hezkuntzako alorrean ere beharrezkoak dira zientzia-diziplinetako tituludunak. Datozen urteotan bigarren hezkuntzako irakasle askok hartuko dute erretreta. Kimikako, fisikako, matematiketako eta natur zientzietako irakasleak beharko dira, horiek gabe ezin izango baitira prestatu belaunaldi berriak. Baina lanpostu horiek betetzeko alor horietako profesional gutxiegi egongo da.

Hori horrela, egoera aztertu beharko litzateke eta gerta daitezkeen arazoak eta gabeziak ahalik eta era egokienean zuzentzeko beharrezkoak izango diren neurriak hartu. Epe luzekoak batzuk, baina beste batzuk, ezinbestean, epe laburrekoak izan beharko dira, laster egin beharko baitzaio aurre arazoari. Eta neurrion artean, zientzialari eta ingeniariak atzerritik ekartzea ez litzateke baztertu beharko. Beste kontu bat da, ordea, zientzialari eta ingeniari atzerritarrak erakartzeko gai izango ote garen.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan