Arg.: Publizitatea
Publis agentziako Bezeroarentzako Zerbitzuen Zuzendaria
Mugatuak dira beti aurrekontuak, guzti-guztiak. Are mugatuagoak ordea garaiotan. Horrexegatik, behar-beharrezkoa da oinarrizko arauei inoiz baino estuago heltzea.
Sinistu. Publizitatean, komunikazioan, marketinean sinisten ez baduzu, jai daukazu. Ezer gutxi egingo duzu, eta nekez zerbait ona, eraginkorra. Fede itsua ez da behar, baina aldeko jarrera minimo bat bai. “Sinisten dut honek lagun gaitzakeela gure produktua saltzen eta marka erakargarriago eta sendoagoa egiten”.
Diruztatu. Sinisten duzula erakusteko, bideratu ezazu aurrekontu bat marketing kontuetarako. Euro kopuruak erakutsiko du zenbat sinisten duzun honetan. Garrantzitsuagoa bada bulegoak berritzea, trebakuntzan inbertitzea edo auskalo zer gehiago, seguru ez duzuela hain argi ikusten. “Dagokigun ligan zer edo zer lortzeko adinako aurrekontua jarri dugula uste dut benetan”.
Antolatu. Karanbolaz, emaitzaren bat eman dezake amateurismoak, baina epe ertain edo luzera batere ez. Ez zara urrutira joango, lur berriak edo zuk oso ondo ezagutzen ez dituzunak, gidaririk gabe deskubritu nahi badituzu. Fitxatu gidari on bat etxean edo/eta enpresa profesional bat kanpoan. “Gure beharretarako talde polita lortu dudala uste dut. Badut gogoa lanean eta ikasten hasteko”.
Partekatu. Egoeraren analisia, enpresa/erakunde/elkarteari eta sektoreari buruz dauzkazun uste eta susmoak… Guztia agertu zure lankideei (hornitzaileak ere lankideak dira). Talde-lanik gabe e-z-i-n-e-z-k-o-a baita diagnostiko on bat egin eta, batez ere, aurrerabide benetan egokiak asmatzea. “Ados, biluztu egingo naiz, zenbait kontu ateratzea gehiegi gustatuko ez zaidan arren”.
Zehaztu. Zeintzuk dira helburuak (zehatzak eta lorgarriak), zeintzuk xede-taldeak (lehentasunezkoa eta bigarren mailakoak), zeintzuk ditugun benetako aukerak, zeintzuk epe eta aurrekontuak… Saihestu azalpen luzeak, jo zuzenean mamira, eta zehaztu non gauden, zergatik, eta non egon ahalko genukeen. “Kontu berri gutxi atera da oraingoz, egia esan, baina bai, hasiak gara kontua egoki bideratzen”.
Bereiztu. Ezagutu ondo zeure burua, eta zehaztu eskaintzeko duzuna. Zehaztu zure markaren posizionamendua, nor izateko, lehiakideengandik bereizteko, jomugan duzun giza-taldea erakartzeko… Komunikazio estrategian ondo asmatzean dago arrakastaren erdia. “Mmhm OK. Egia da batez ere horregatik bereizten garela, eskaintzen dugunaren alde erakargarriena hori izan daitekeela”.
Berritu. Ez egin orain artekoa, ez behintzat orain arte bezala. Ez egin gainontzekoek egiten dutena, ez behintzat berdin-berdin. Saiatu zer edo zer berria eta berritzailea egiten. Zarena modu berriz agertzen, eskaintzen duzuna berri gisa aurkezten… “Ez dakit ok edo oker ibiliko garen, baina ados. Dagoeneko badugu zer komunikatua”.
Sortu. Zenbat eta diru gutxiago izan, orduan eta sormen gehiago behar. Nola komunikatuko dugu? Berdin dio marka txikia edo handia duzun, ez nazazu ergel gisa tratatu, ez nazazu aspertu. Aitzitik, harritu nazazu, emozionatu, ateraidazu irripartxoa… Zure webgunean, zure agerralditan, interneten, hedabideetan, bideo bat erabiliz, iragarki bat, guerrilla marketing ekintza bat… “Bai eh? Guk sinatu dezakegu hori?... Zergatik ez dugu ba egingo?”
Zabaldu. Non dabiltza gure bezeroak? Eta bezerogaiak? Kalean harrapa ditzakegu? Zenbat? Eta sarean? Non sarean? Eta hedabideetan? Zein hedabidetan?… “Daukagun diruarekin ezin dugu nahi genukeen guzti-guztiengana heldu, eta bai, apustua egin beharra dago”.
Neurtu. Zer moduz joan da? Zer lortu dugu eta zer ez? Zer egin dugu ondo eta zer gaizki? Zer hobetu dezakegu hurrengoan? Nola?... “Hasi besterik ez da egin hau…”.
Diru gutxi dutenek behar dute izan publizitatea-komunikazioa-marketina erabiltzen beste inor baino ausartago eta trebeago. “Txikiak handia benzi leidi, asmoz eta jakitez”. Hobe genuke, madarikatu ordez, serio helduko bagenio.
© 2009 ARGIA.com