Arg.: Telebista
EHUko irakaslea
Putek eta tokiko telebistek elkarren antza dute. Antza dute uhertasunagatik eta gardentasunagatik. Instituzioek, desberdinek, jarduera bi hauen erregulazioan erantzukizunak izaten jarraitu nahi dute. Egindakoak asko izan dira, egin gabekoak askoz gehiago. 1995eko azaroan, adin nagusikoen borondatezko prostituzioa despenalizatuko da. Adin nagusiko borondatezko putari baina, ez zaio langile izaera aitortuko. Toki berean, urte berean, hilabete bat beranduago, tokiko telebisten lehenengo legea onartuko da. Estatuan lehenengo tokiko telebista emititzen hasi eta hamahiru urtera. 41/95 legea. Bere horretan inoiz aplikatuko ez dena.
Urteak joan urteak etorri, jarduera bi-biak garatzen, zabaltzen, aldatzen joango dira alabaina, Espainian. Euskal Autonomi Erkidegoan ere bai. Eskumen eza, omen, horren arrazoi.
2004ko martxoaren 12an, jatorrizko legearen zenbait aldarazpen onartu ondoren, lur uhin bidezko tokiko telebista digitalaren plan tekniko nazionala onartuko du alderdi popularraren azken ministro kontseiluak. Tokiko telebistaren territorioa birdefinituko da, herria zena, herri multzo batek osatutako barruti bihurtuko da. EAE, hamabost barrutitan banatuko da. Araba bitan, Bizkaia seitan eta Gipuzkoa zazpitan. Barruti bakoitzak digitalizazioari esker lau telebista kanalek emititzeko kapazitate teknikoa izango du. Horietako bat baino ezin izango da publikoa eta kanal bakoitzak, asteko, 32 ordu original produzitu beharko du.
Plan teknikoa onartuta, Autonomi Erkidegoek beraien territorioaren barruko esleipen prozesuari ekingo diote. Euskal Autonomi Erkidegoak zeregin horretan, dekretu bat onartuko du 2006ko urriaren 3an, lehenengo tokiko telebista, Plentzia Telebista, emititzen hasi eta hemeretzi urtera. Teknologiak ahalbidetzen dituen kanal guztiak esleitzeko erabakia hartuko da. 60. 60 tokiko telebista digital.
Horietatik, gehienez ere, hamabost publikoak. Baldin eta Udalek telebista bat kudeatzeko asmoa erakusten badute. Baina erakutsiko ez balute, orduan eskaera pribatura aterako lirateke. Udalak eta Autonomi mailako instituzioak alderdi berberengatik gidatuak egongo ez balira bezala. Alderdiek, banaka, edo binaka, edo hirunaka, edo launaka, estrategia komunik ez balute bezala baita tokiko telebistari dagokionez ere.
Dekretuaren egileen esanetan, euskara eta barne produkzioa izango dira bere ezaugarriak. Hizkuntza eskakizuna, euskara eskakizuna, barrutien errealitate soziolinguistikoaren araberakoa izango da. Kuota sistema bat ezarriko da. Eustaten indize soziolinguistikoa erabiliko da horretarako. Portzentajeak ezartzerakoan euskaldun osoak hartuko dira kontuan, Eustaten beraren definizioaren arabera ia- euskaldun alfabetatuak (euskaraz ongi edo nekez ulertu, nekez hitz egin, eta ondo edo nekez irakurtzen eta idazten dutenak) eta ia-euskaldun alfabetatugabeak (euskaraz ondo edo nekez ulertu, nekez hitz egin eta ez irakurtzen eta ez idazten dakitenak) kanpo geldituko dira.
Jatorrizko produkzioa, Estatuaren lege orokorrari jarraiki, 34 ordu asteko. Ordu asko direnaren jakitun, sindikazioaren aukera kontenplatuko du dekretuak, hainbat barruti desberdinetako kanalen arteko lankidetza.
Lehiaketarako baldintzak aurkeztuta esleipena 2007ko uztailean burutuko da. Lehiatu direnak alde teknikoa eta edukiari dagozkien txosten mardulak aurkeztu behar izan dituzte, beregain hartzen dituzten konpromisoak adieraziz. Esleipena bukatuta, udal bakar batek eutsi dio telebista bat abian jartzeko asmoari, eta beste 59ak, lau entitate pribatuen eskuetan banatu dira batez ere. Vocento, Local Media, Prisa eta laugarrena, Hamaika, telebista euskara hutsez telebista egiteko hainbat komunikazio enpresa bildu dituen egitasmoa.
Eusko Jaurlaritzari esleitutakoek aurkeztutako edukien txostena eskatuta, ez omen dira kontsulta publikokoak. Baina beti dago zirrikituren bat. Esaterako, Bilboko barrutirako Vocento taldeko proposamena, Canal Bilbovision, emisioen %75 euskaraz egitera konprometitzen da.
Hasiera hasieratik performance baten aurrean gaudela esango nuke. Estatuko lehen legea onartu zen egunean bertan, kable bidezko edukiak liberalizatzeko bidea zabaldu zen. Liberalizazioak merkatuaren lege zorrotzak ditu maite eta haien eskuetan utzi zen aspaldi tokiko telebista, Madrilen eta Gasteizen eta Iruñean, Alderdi Sozialistarekin, zein Popularrarekin, zein Jeltzalearekin. Haiekin hazi, garatu eta zabaldu da. Orain, legalitatetik at osatutako errealitate horri aterpe legala eman nahi izan zaio eta eman zaio. Zeudenak daude. Hamaika, baimenik eskatu gabe, performancean gizonezkoz jantzitako emakumea da. Ez dira 60 telebista abian jarriko, lau jarriko dira, eta horiexek izango dira, agian, hozkailuan dagoen multiplex autonomiko pribatuko lau kanalak okupatuko dituztenak, legegileek horrela uzten badiete.
Eta bitartean, telebistak, idazki hau bezalaxe, formula arrakastatsuen kopiak egiten ahaleginduko dira eta putek, diru truk lana ez den jarduera hori iragartzeko erabiliko dituzte, legegileek horrela uzten badiete.
© 2009 ARGIA.com