Arg.: Literatura
idazlea
Bizkaia aldean literaturaren zaleek josten eta brodatzen dihardute. Esaterako, 2009an ekimen berri bi sortu edota indartu dira. Ekainean Larrabetzu herrian euskara hutsezko literatura azoka egin zen; abenduan, Durangoko Azokaren alboan eta haren gerizpean, Ahotsenea izan dugu. Iazkoan goiz bakarrekoa izan zen ekimen hori hiru egunekoa izan da aurten. Ekaina eta abendua bitartean, uztailean hain zuzen, Ea herriko Poesia Egunak egin ziren. Eta Larrabetzu herrian sortua den Literatura Eskolak hariak sendotzen jarraitu du, gero eta ibiltariago bilakatuz baitoa. Aurten lehenengoz Bilboko Iralera ere hedatu da, arrakastaz hedatu ere. Beste zenbait tokitan ere lan egin da, hala nola Basaurin, Ipuin Erotikoen Lehiaketa antolatzen segituz. Eta Basauri aipaturik, ez daukagu ahazteko irakurleen txokoak indartuz doazela gure herrialdean. Guzti hau euskararen beste herrialdeetan egiten dena gogoan hartu gabe azterturik, literaturaren zalea josten dihardugun sarearen nondik norakoa antzeman ahal da.
Sarean idazleen eta irakurleen hariak gurutzatzen dira, eta gurutzaketa bakoitzean, korapiloa. Gure korapiloen izenak, bada, Larrabetzu, Basauri, Ea, Santutxu eta beste hainbat dira. Sarea gizartean finkatzea eta finkatu ahala zabalago hedatzea da helburua. Ez da edozein sare, ostera. Helburu ez baitu herritik ezer harrapatzea, zerbait ematea baino. Aipatzen ari naizen sareak herriari euskarazko literaturarekiko zaletasunaren birusa kutsatu nahi dio. Jendeari arraina, esan dezagun, etxera eraman. Dagoenik ere ez dakien arrain hori zein gozoa izan daitekeen froga dezan. Zeren eta arrain hori idazleek euren bakardadean idazten dutena delarik, idatziko hori gizarteratzea da erronka. Idazleok ez gara honetan ere hain diferenteak.
Pentsa orain sareginen irudian. Josten eta josten elkarren alboan jesarrita, josi artean berba eta berba egiten zuten. Herriko gorabeherak hantxe errepasatu ohi ziren, eta bertan ematen aholkuak eta helarazten mezuak, hots, birusak. Bada, aipatzen ari naizen gure joste lan hau ere gizarte funtzioa betetzen ari da, noraino eramango gaituen ez badakigu ere. Oraingoz, irakasle diharduten irakasle jakinguratsuak, kazetari literaturzale gosetiak, herrietako euskaltzale literaturaz kutsutuak eta horrelako beste espezie batzuekin bildu izaten gara idazleok aipatu lekuotan. Ez dakigu zer sortuko den, baina nago zerbait berria sortuko dela. Areago, esango nuke horretan gabiltzan guztiok buruan daukaguna baina ahoskatzen ausartzen ez garena sortuko dela: Euskal Literaturarentzako gune berri bat, harreman mota berriekin, behe-behean sortua eta hedatzeko joera duena. Literaturzaleen gunea.
Gure sorterriko arrantzaleek sareak hedatzeko erabiltzen duten antzea datorkit gogora. Zabalean zabaltzen dute, baina sarea behar den moduan eraturik gera dadin, hots, artez-artez, goialdean buiak eta behealdean berun zatiak ezartzen zaizkio. Buiei esker goialdea itsas azalean eta behealdea hondoan lotzen dira eta, horra sarea bere zabalenean hedaturik. Ez esan buiak ala beranak diren inportanteenak. Aspaldion sortu guran gabiltzan sarea arrantzaleei ikasi diegun teknikaren aldaera bilatzen dugu. Euskal Herriaren gainean horizontalean hedatzekoa da gure sarea. Hierarkiarik gabe, ahalik eta burukrazia gutxienarekin, nago sareak azkenean gu sareginon birusa hedarazteko balio izango duela. Birusa nahikoa hedaturik delarik, orduan etorriko da aldaketa kualitatiboa. Imagina dezagun, esaterako, Literaturia 2010ean. Imagina, Ahotsenearekin gertatu den moduan, iazkoaren bi edo hiru dela, edo sei. Imagina dezagun, eta segi dezagun utopia dirudiena josten.
© 2009 ARGIA.com