Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Kultura debalde?

Arg.: Internet

Gorka Bereziartua

kazetaria

Papera X euro, kola X euro, azalarentzako kartoia X euro; disko hutsa X euro, grabazio estudioa X euro, banaketa kostuak X euro; kamerak X euro, klaketa X euro, makillajea X euro… Baina literaturak, musikak, zinemak, kulturak oro har, ez du preziorik. Eta aro digitalean euskarri fisikoak desagertze bidean direnez, gainontzekoak ordaintzeko MasterCarda ateratzea geroz eta gehiago kostatzen zaio publikoari. Arrazoi ote du Chris Andersonek (Free: the future of a radical prize, 2009) Interneten garaian denak doan izan behar duela aldarrikatzean?

Gerra terminoetan ikusiko dugu gaia, asko sinplifikatuta: badaukagu ejerzito bat, joan den mendeko erdialdetik guda zelaiko esparru nagusiak bereganatu dituena, eta orain lubakietan sartuta dagoena (diskoetxe, argitaletxe, ekoiztetxe handiak; mainstream kulturgileak; haien eskubideen izenean hitz egiten duten lobbyak; bitartekariak…). Eta badaukagu gerrilla bat, geroz eta jendetsuagoa, sarea erabiliz terreno ugari eskuratzen –industria handiari eskuetatik kentzen– ari dena (doako elkartruke sareen erabiltzaileak). Aurreneko bandoarena da, gaur gaurkoz, boterea: hedabide handietan agertzen dira, legeetan eragiten dute eta kultur produktuen erreprodukzioagatik dirua eskatu, horretan oinarritzen delako euren negozio-eredua. Gerrillak berriz, denbora du alde, geroz eta zaharkituago geratzen ari baitira ejerzitoaren armak. Borroka horren gorian sartuko gara mendeko bigarren hamarkadan. Ordainduko al dugu etorkizunean kultur produktuen truke? Postura egiteko eskatuz gero, ezetz esango nuke… eta baietz.

Musikan ikusi dugu negozioaren ardatza kontzertuetara mugitu dela, eta disko salmentak behera doazela, kanpaina handios ugari egin bada ere. Musika entzutearen “esperientzia” ordaintzen da orain; sortzaileak irabazien parte handiagoa eskuratzen du, bitartekariak gutxiago; diskoa ordaintzea ala ez ordea, ez da hain garrantzitsua, eta beraz geroz eta gehiagok ez ordaintzea erabakitzen dute.

Baina teknologia berriek eragin zuzena izan duten beste esparruetan kontua ez dago argi. Zerk bete dezake zuzeneko kontzertuaren papera idazle baten kasuan? Hitz egin da liburuen eguneraketez (programa informatikoen moduan, bertsio berriak izango dituzten liburuak) baina oraindik ez dago eredu finkorik, liburu digitalak zabaltze fasean daudenez. Zineman, crowdfundinga (auzolanean oinarritutako finantziazioa) urratsak ematen ari da… Eta, pentsatzekoa da birmoldaketak aurrera egin ahala, erakunde publikoek ere zer edo zer egin beharko dutela egile-eskubideen defentsatik harago, kulturgileen egun honetako ogia (gutxienez) bermatzeko.

Bitartean jendeak deskargekin jarraituko du. Debalde? Ez erabat: kanon digitala ordaintzera behartuta. Halere, lehen baino libertate gehiago izango du publikoak zer ordaindu nahi duen eta zer ez erabakitzeko. Produktua kontsumitu, baloratu eta ondoren ordaintzea ote etorkizuna? Kultur proiektu konkretuen finantziazio komunala? Gudaren emaitza zaila da aurreikusten, baina esango nuke euskal kulturan borondatezko diru-laguntzek rol garrantzitsua beteko dutela aurrerantzean (ere).

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan