Arg.: Irakaskuntza
EHUko irakaslea
Euskal Eskola Publikoaren Legeko 23 artikulua ezagutzen genuenok uste genuen, Euskadiko sozialistek onartua zutela Euskadin Euskara egoera diglosikoan aurkitzen dela oraindik ere, eta, arrazoi hori medio, euskararen erabilera sustatu nahi zutela eskola publikoaren eremu osoan. Hau dio, hain zuzen ere, aipatu legeko artikulu horrek hitzez-hitz:
Azaroaren 24eko 10/1982 Euskeraren Erabilera Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen 17. atalak ohartemandakoa betetzeko, autonomi administrazioak beharrezko neurriak hartuko ditu euskal eskola publikoko ikastetxeetako ihardueretan euskararen ingurune-erabilera segurtatzeko, eskolako eta eskolaz kanpoko ekintzetan eta eskolaren iharduera osoan euskararen erabilpena ahalbidetzeko xedez.
Uste genuen, testu hori interpretatzerakoan, legegilea oharturik zegoela euskararen egoera diglosikoaz Euskadin (eta Euskal Herri osoan), eta irakaskuntzaren eremuan bederen, nolabaiteko lehentasuna eman nahi izan ziola euskararen erabilerari eskolako bizitza-eremu guztietan: akademikoan eta ez akademikoan. Akademikoan ereduen bidez araututa zegoelako, eta ez akademikoan euskararen erabilera ziurtatu beharra zegoelako, erabilera baita hizkuntza baten etorkizuna ziurta dezakeen baldintza nagusiena. Aurreko lege-aldiko hezkuntza-arduradunek “eskolako hizkuntza nagusia euskara izango zela” esapidez ezarri nahi izan zuten ikuspegi hori.
Kontuan hartu behar da Eskola Publikoaren Legea onartu zenean PSE-EEko arduradunek zuzentzen zutela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta Isabel Celaa zela orduko sailburuordea, gaur egun sailburu den bera, alegia.
Antza guztien arabera, iritziz aldatu dute PSE-EEko politikariek, eta euskarak eta gaztelaniak erabateko parekotasuna izango dute ondorengo urteetan Euskadiko irakaskuntza-sisteman. Horrela entzun genion, behintzat, agerraldi batean Isabel Celaa oraingo Hezkuntza Sailburuari. Eta irizpide horri jarraitzen dio irakaskuntzak berrantolatzeko ezagutzera eman duten dekretu berriak: euskarak ez du lehentasunik izango euskal irakaskuntzen sisteman. Hau da, euskararen egoera diglosikoa ez da kontutan hartua izango, baina euskararen berreskuratzeaz, normalizatzeaz hitz egiten jarraituko dute: normalizatzeak berreskuratzea esan nahi baitu gurea bezalako egoera diglosiko batean.
Euskararen Lege bezala ezagutzen dugun hartako 2. eta 3. artikuluetan hauxe dio:
Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa. Eta: Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan.
Nik uler dezakedanez, bi hizkuntzak ofizialak izateak ez du esan nahi parekoak direnik; lehenik eta behin, euskara omen da eta, legez eta legez kanpo, Euskal Herriko hizkuntza propioa; gaztelaniari onartzen ez zaion legezko izaera. Bertako hizkuntza propioa izateak, badirudi, nolabaiteko trataera berezia eskatzen duela. Bestela, batek ez daki zergatik eta zertarako onartzen dion legeak izaera hori: aitorpen hutsean geratzeko? Ez dut uste legegileen asmoa hori izan zenik esapide hori onartu zutenean.
Horretaz gain, hori guztia baino zerbait gehiago ere badio indarrean dagoen legediak: Euskal Eskola Publikoaren legeak zera dio 1. idazpuruko, 3. ataleko 1. puntuan:
Euskal eskola publikoa, horko ikastetxe bakoitza, anitza, elebiduna, demokratikoa da, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean errotua, partaidetzazkoa, ezberdintasunen berdintzailea eta dibertsitateen bateratzailea.
Eta helburuen artean honako hau ezartzen zaio bertako irakaskuntzen sistemari:
g) Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz.
Hori guztia horrela, Euskadin bizi den edonork daki, gaur egungo haur eta gazteek gaztelania eragozpen handiegirik gabe ikasten dutela, hizkuntza horrek beren ingurunean eta komunikabideetan duen erabileraren indarragatik. Ez da gauza berdina gertatzen euskararen kasuan: derrigorrezko eskola-aldian aurkitzen diren ikasle askok eta askok, gehiengo handi batek, eskolaren eraginez bakarrik ikasi ahal izango du legeak eskatzen duen mailan erabili ahal izateko. Gizartean dagoen eta gizarteak sortzen duen ezberdintasun hori gaindituko bada, eskolak ahalegin berezia egin beharko du ikasleak, derrigorrezko eskola-aldia amaitzen dutenean, euskararen erabilera-gaitasunean ezberdindurik atera ez daitezen. Ondotxo dakigu, gainera, hizkuntza-ereduen hedapena ez dela nahikoa izan euskal eskola, euskararen eremuan, ezberdintasunen berdintzailea gerta zedin. Hori dela eta, euskara eskolaren eremuan hizkuntza nagusi izatea ezinbesteko baldintza izango da etorkizunean. Ezinbestekoa izateak, ordea, ez du ziurtatzen baldintza nahikoa izango denik.
Isabel Celaa sailburuak ezarri nahi duen parekotasunaren eredua kaltegarri gerta ez dadin, zentzu arruntenaz baliatu beharko dute euskal eskoletako arduradunek, eta, Euskal Eskola Publikoaren Legeak dioenez, eskolako bizitza akademikoan eta ez-akademikoan euskara bilakarazi beharko dute bertako hizkuntza nagusi, gaztelaniari, legeak eskatzen duen neurrian, beharrezko trataera duina ere eskainiz, baina beti ere euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz. Oinarrizko legea, bestela, adierazpen hutsean utziko litzateke. Euskararen erabilera normalizatuak, gizarte-inguruneko egoera diglosikoa kontuan izanik, euskara eskolako hizkuntza nagusi izatea eskatzen duela uste dut nik, aurkakorik praktikan frogatzen ez zaigun bitartean.
© 2009 ARGIA.com