Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Biluztuz jantzi

Arg.: Bertsolaritza

Ainhoa Agirreazaldegi

bertsolaria

Lujanbioren txapelak genero ikuspegitik bertsolaritzan izan dezakeen eraginari buruz idazteko eskatu didate. Noiz hasi ote zen dena?

Kasualitatea ote, emakume landuak txapela jantzi duen txapelketan, aho batez “barrutik, inertzietatik haratago, naizena azalduz” edo “gaiak neure galbahetik igarota” kantatu nahi zutela esanez aditu izana hainbat bertsolari? Eta kasualitatea ote, Lujanbiok txapela irabazi eta biharamunean kazetari batek Egaña “un bertsolari particularmente inteligente y sensible” gisa definitu izana?

Ez da beraz, Maialen, barne-ahotsa duen bertsolari bakarra; ez eta sentimenduen hizkuntza bertsotara ekarri duen lehena ere. Baina seguruena, dosirik handienetan berak ekarri ditu biak, hartarakoxe beharrik handiena ere berak sentituta. Bizitzan ikusten duena bere pentsamendutik eta bere sabeletik igaro ondoren erdituko balitu bezala errekurtso estilistiko, poetiko eta erretoriko guztiak.

Txapela jantzi aurretik ere, bada urte parea bertso munduaren zati handi bat Lujanbioren bertsokera hain bereaz ongi ohartua dabilela. Azken zortzi urteotan egin duen bidea ikusita, asko pozten naiz txapela orain jantzi duelako. Esku-eskura izan zuen duela zortzi urte baina, orduan jantzi izan balu, agian ezingo zukeen nire ustez txapeldunaren fokupetik kanpo bakarrik egin zezakeen bide hori egin.

“Inor pasatu ez dan bidean, zer dago otea beste? Pasa ez naizen nere bidean, zer dago otea beste?”, entzun genuen Ornitorrinkus emanaldian orain bi urte pasatxo, ordura arte bertsolari batek sekula kantatu ez zuen bezala kantatzen. Ez zen bertsoaz (bakarrik) ariko, baina bertsoaz ere ari zitekeen. Eta otea izan daiteke inoiz –edo aspaldi– inork urratu gabeko bidea estaltzen duen zuhaixka, eta izan daiteke galdera edo zalantza ere.

Otea dagoenean, ez baitago biderik. Edo hobeto esanda, norberak ikusi behar du hor bidea egon daitekeela. Baina horretarako bide horretatik abiatzeko beharra sentitu behar. Maialenek bazuen aurrekoen bideetan kabitu ezina, eta galdera berriak egitera kondenatuta zegoen. Orain arte balioetsi ditugu bertsotan ingenioa, gogoeta, sorpresarako gaitasuna, komikitasuna, arrazoikera dotoreak, ederlan bihurtutako betelanak, hizkuntza, erregistroak, irudimena… Bazirudien denak buru-gaitasun hotzaren ezaugarriak bakarrik zirela. Eta ez zuten zertan.

Ez da erraza Lujanbiok zer ekarri duen definitzea. “Jenden begitan bestea zein den, zer den beti argi dago / badakiela uste duenak ezin du jakin gehiago”… ere berari entzun genion barru-barrutik kantari, eta ez dut nik definizioen jokoan erori nahi. Baina badakigu, definizio itxietatik urruti, mundu berri bat ekarri digula bertsotara, hainbat detaile txikik azkenerako hain nabarmen egin duten mundua. Oso berea. Eta ez dakigu oraindik noraino iritsiko den.

Sumatzen dut iritsi den lekura iristeko biluztu egin behar izan duela erabat. Aurrekariak, inertziak, ereduak, maskarak… erantzi behar izan dituela, gustuko zituenak eransteko. Ereduen antieredua da eredu berria; izan dadila hori neska-mutil  eta gizon-emakume guztiontzako, imitazioak utzi eta norbere barruan bila aritzeko aski motibo. Horrela bakarrik deseraikiko ditugu genero-rolak eta gainontzeko rol sozial guztiak.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan