Arg.: Musika
kazetaria
Aspaldian askotan esan ohi da musikaren negozioa gainbeheran doala. Ez dago zalantzarik orain arte ezagutu ditugun gailu, euskarri eta merkatu motak zaharkituak gelditu direla, baina ez da egia musika sorkuntza ezta kontsumoa gutxitu direnik. Beste era batean ekoizten da, beste era batean saldu eta beste era batean kontsumitu; hori da aldatu dena.
Horren adibide esanguratsua da diskoetxeek hamarkadatan izan duten garrantziaren desagertzea; dagoeneko ez dira ezinbestekoak, nahiz eta oraindik baliagarriak diren hainbat kasutarako. Joerak hori erakusten du: lehenengoz azken urteotan Euskal Herrian autoekoizpen bidez kaleratu den disko kopurua diskoetxeen bitartez plazaratutakoa baino handiagoa dela. Askoz zailagoa da zenbatzeko, baina kopuruak hor daude jada ia ezkutatu ezinean.
Aldaketa horren arrazoi nagusienetako bat da disko gutxiago saltzen dela. Hortaz, diskoetxeek irabazi txikiagoak izanik, arrisku gutxiago hartzen dituzte taldeen lanak kaleratzeko. Horren aurrean, hasiera batean talde txiki edo ertain askok euren kabuz argitaratzea erabaki zuten. Baina, bi arazo nagusi aurkitu zituzten: banaketa eta salmenta, eta diskoen ganorazko promozioa egitea. Are gehiago, Euskal Herriko diskoen banaketa enpresa bakarraren, Elkarren, eskutan dagoenean. Bada, alternatibak aurkitu zituzten, Iruñeko diskoetxe beterano batek sare propioa sortu eta Gor Banaketak izenpean hainbat autoekoizpen eta diskoetxe txikien lanak ere saltokietara eramaten hasi zelako.
Hala ere, kontuan hartu behar da gero eta disko denda gutxiago dagoela. Hala, diskoak (edo kantak) eskuratzeko erosleak kontzertuetara edo Internetera jotzen du. Eta horrek, hein handi baten, taldearen burujabetasun apustuari mesede egiten dio, bi aukera horiek, bitartekari gabe, taldea musika zalearekin harreman zuzenean jartzen dutelako.
Promozioaren arazoa ere saihestuta gelditu da. Gaur egun musika taldeek badituzte nahiko baliabide prentsa-oharrak prestatu, kontaktu aproposak lortu eta euren produktua nahi duten plazatan ezagutarazteko. Ez hori bakarrik, dagoeneko jaio da taldeen promozioa egiteaz arduratzen den ekimen profesionalik ere.
Ezin ahaztu, ezta ere, Durangoko Azokan egotea zein garrantzitsua den existitzen zarela erakusteko; eta hori musika taldeek, beste askok bezala, ederto dakite. Bada, heldu da eguna, ohiko diskoetxeez gain, kontzertu promotoreek, baita musika taldeek ere, bertan stand-a alokatu eta erakusleiho erraldoian egoteko apustua egin dutena. Horra hor, Ken 7, Gose, Serrano , Gor Banaketak (hainbat ekimen txiki ere ordezkatuz), Bidehuts eta beste.
Hor aipatutakoak baino gehiago dira bitartekari gabe euren sorkuntza prozesua hasieratik bukaerara arte kontrolatu nahi duten taldeak, eta ez dago dudarik joera hori areagotzen dabilela gero eta gehiago. Baina egia da, baita ere, horrek guztiak musikariei lan handiagoa eskatzen diela eta talde guztiak ez daudela prest halako lana egiteko eta hainbeste denbora emateko.
© 2009 ARGIA.com