Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Kulturaren zorrak

Itxaro Borda

Euskal kultura? saioaren orrialdeak profesionalismoa eta amateurrismoaren gaiek zeharkatzen dute, kulturaren edukiak orokorki Frantzia bezalako estatu jakobinoan, euskal kalifikatiboaren norabide eta destinu petralak. Neurri batean tradizioa eta patrimonioa kulturaren aurkakoak al dira? Nola ulertu kultura hitza kolonialismo neoliberalaren geriza astunaren pean? Kulturaz axolatzen diren maila ezberdinek zer joko daramate: sustatzen ala zurgatzen dute aberastasun kolektiboa, hau zilar gutxikoa izan  izanarren? Zein da Iparraldeko kultura ekoizpenaren tokia euskal kultura merkatuaren baitan? Eta orokorkiago euskal kulturaren jomugak Frantzia eta Espainia al dira? Nork eta nola erabakirik jujatzen dugu guhauren kultur ekimena? Noren begiak darabilzkigu?
   
Euskal Erakustokiko aurkezpen arrats hartan Antton Luku pasionatuki mintzatu zitzaigun bere lanaz, etsaiak seinalatzen zizkigula, sekula izenik eman gabe ordea. Ikuslegoak segur aski liburuko letra bakoitzaren atzean deiturak automatikoki sartuko zituen eta menturaz misterio landu horrek gure olheta txikiaren bazterrak inarrosi zitzazkeen. Betiko etsaiaren aurka marmazikan atera ginen bilkuratik, aperitifatik landa afaltzera joanez, suminduraz husteko. Geroztik Antton Lukuk aitortu zuen negarra begian ARGIA astekarian urte sabatikoa hartuko zuela, hots ez zuela gehiago ez ipuinik –hori erabaki zuen 90ko hamarkadan Ibon Sarasolarekin eduki pataska linguistikoaren ondotik- ez eta antzerkirako testurik idatziko. Nahi du hartaz noizbait idazle izan zen baten gisara oroitu gaitezen.
   
Kezkatzekoa bada kultur eragile bat harakiri egitera eramaten duen sistema batetaz. Baina jakin beharko luke Antton Lukuk harria botatzen denean ondorio lasterrak pairatzen direla eta ez dela  biktima sufritu bat. Espero dut hargatik bere erabakia unean uneko haserre bulta ulergarri baten emaitza baizik ez dela eta itzuliko dela istorio latzak idaztera eta antzerki taula gainetara.
   
Guztiok ezagupena dugu bilatzen, etxekoa ez baldin bada auzokoa. Judith Butlerek dioenaz, Hegelen ildotik, ezagupen nahikundea sumisio gider paregabea eta derrigorrezkoa da. Bikotean, lanean bai eta kultura arloan, bereziki euskara ardatz daramagunean. Aurreko belaunaldiko apez eta notable euskaltzainak bizirik zireno oparoki ohoratuak ikusi ditugu eta ez dugu konprenitzen zergatik ez zaigun horrelakorik gertatzen. Gaurko euskal jendarteak ez al ditu bere haurrak onartzen? Dena dela ezagupena bi mihiko ezpata zorrotza da: batetik, plantakoak izatera akuilatzen gaitu eta bestetik, lerroetarik jalgitzera geronen ahots partikularraren oihararazteko, sortzaileak ez baitu bere nortasuna ukatzen ahal, maskaraturik aitzinatuagatik.
   
Gauza berdina diegu eskatzen kultura diruztatzen duten erakundeei, ezagutu gaitzaten, ezagutu dezaten gure ekin moldeen balioa, honek baduela prezio bat hots. Kultura urreztatu dezaketen moltsak anitz dira, zenbait Frantzia mailakoak, DRAC adibidez, eta besteak euskal eta frantses multzoetan batera dabiltzanak, hala nola EKE eta EEP, hauen eragina deklinatzen dela gero alor bakoitzaren hariaren arabera. Armiarma sarea da egiazki. Laurogeiko hamarkadan hazi zen Mitterrand lehendakari eta Jack Lang kultura ministro zirenean. Kultura, kalitatezkoa bistan dena, jende arruntengana heltzekoa zela sinesten zen orduan. Horretarako diruak banatzen ziren, kultura dastatzeko lekuak biderkatzen, kulturagileak ordaintzen. Lanpostu franko sortu zen karia horretara. Horietan euskal kulturaren hazkurritzekoak.
   
Ondorio bi eduki zituen politika horrek eta dagoeneko arrisku bat. Lehenik, aurretik amateurra baino ez zen euskal kulturako elementu apurrak profesionalizatu ziren eta halaz euskaldunok hobesten genuen oinarrizko militantismorako jaidura apalduz joan zen. Bigarrenik, euskal kulturaren edukian frantses kulturaren pentoketan erraz lerratzen ziren emaitzen ereduak finkatu ziren. Euskal izan zitekeen euskara mikorik gabeko edozein ikusgarri edo, Euskal Herrian sortua zen ber. Definizio berri horrek K maiuskularekiko kulturaren hedapena baimendu zuen gure infernuko zirkulu moskotetan eta noski K-rekiko kultura ez zen lur honetako sotoetan obraturikoa. Alabaina norbaiti asko ematen denean, gehiengoak ez du piliskarik ere sakelaratzen. Mende laurden honetan egoerak ezinegona areagotu du hemengo kultura eragileen artean, noiztenka oldartzeak plazaratzen direla eta Antton Lukuren Euskal kultura? bezalako obrak. Ez dakit oihartzunik badutenez, hain baita euskal kultura deiturikoa behiala euskal kulturaz zintzurreraino asetzen zirenengandik urruti.
   
Arrisku bat ere aipatu dut. Agian kultura eta neurri apalago batean euskal kultura diruztatzen duten maila askok murrizketa bat jasanen dukete datozen urteetan. Sarkozyren gobernu neoliberalak deliberatua du jendea ogiz baizik ez dela biziko, ogia eskura aurkituko duenean bederen: kulturaren buxetak drastikoki murriztuko dira, osasunarenak, irakaskuntzarenak, sozial eremukoenak halaber. Gerta liteke salatzen ditugun kultur egituraren akats ilunok astiro desagertzea eta egileak egundainoko militantismoaren lehorreko harkaitzera aurtikitzea. Jendea, neoliberalentzat beso pare bat da, arimarik, sabelik eta ametsik gabekoa. Voltairen le surperflu chose très nécesaire perpaus hura arras arrotz zaie. 
   
Gogoan dut 1999ko uztailaren 3an Danielle Sallenave andereak Le Monde egunkarian publikatu zuen artikulua eta honek, oraindik ere Frantzian eskualde hizkuntzei dagokien mesprezuaren ulertzea erraztuko digu. Garai hartan Frantziak Eurokarta izenpetu ala ez  zebilen airean. Danielle Sallenaventzat Frantziak Eurokarta sinatuz errepublikar ondarea zitzikatuko zuen, eskoletan eta jendartean oskurantismoa hobetsiz eta gure langues économiquement inutiles delakoak sustatuz. XIX. mendean horrelako diskurtsoak plazaratzea paso baina Danielle Sallenave eskolatuetarik genuen, bazekien hizkuntza aniztasuna aberastasun bat zela, baina ez eskualdeetako barbarismoen kasuan irudiz. Euskaldunak, bretoiak, okzitandarrak eta Karaibetako kreolak asaldatu ziren. Beldurrak egoerarekiko inteligentzia ezabatu zuen. Perilaren haize-parpailak alaina jendeen arteko kultura harremanak murrizten ditu eta azken finean bakartasunaren eta desolazioaren patologiak hedatzen direla ederki esplikatzen digu Christophe Dejours lanaren psikodimanikan ikerleak. Horregatik da prezios Voltaire jakobino hertsion aldean.
   
Frantzia mailan ideia bizihaztu asko bada eta guztiek kolpatzen gaituzte aldizka, gu indigenak bai eta identité nationale delakoaren dailu-mihia berriz hegaldatzen den unean atzerritar jatorrizko hiritarrak. Zer nahi entzuten da: verlan-ez, argotez edo okzitandarrez mintzatzeak Errepublika zalantzan jartzen du, kasketa gibelekoz aitzin ezartzeak, hiru ehun emazteek burka janzteak, karrikan eske ibiltzeak, lantokian suizidatzeak, aitarik gabe umeak hezteak... zerrenda etengabe luza nezake. Estigmatizatuekiko debeku bakoitzaren atzean klase borroka datza, mutu, erran-ezin,  eliteak dira herresteria multikulturalarengandik gerizatzen, hiri-nagusiak province apaletsien aldean goratzen, pro-vincia horietako biztanleak garelarik gueux, bouseux, racailles, ploucs  izen ederrez apainduak bizitza osorako zer nahi eginik ere. Perrexakeriak edo ekintza terroristak baino ez dituzte gutarik igurikatzen, denak kärcheraz garbitzekoak garela, errealki ala metaforikoki. Frantzia errepublika histerikoa da aspalditik, Jules Ferry entzutetsuak apez eta soldadu armadak kolonietara jakitatearen argiak barreiatzera deitzen zituen garaietarik hain zuzen. Frantses batek, oraindik ere, edonor topatzen duenean uste du norbait hura derrigor ezjakina dela. Aski dira Athenako aireportura heltzean hizketan aditzea.
   
Oinarrian galdera bakar bat dago: hizkuntza gutxietsietako kultura eragileek obrarik sor dezaketea beraien eleetan? Probintziakerietarik kanpo. Funtsean gure mintzairen unibertsaltasunerako gaitasuna zalantzan jartzen du eskakizunak, ez bakarrik euskaldunen kasuan, zuluei, aborigenei, emazteei edo homosexualei dagokienez berdin. Idazleek, antzerkilariek, musikariek ba al dute beraien baitan aski konfiantzarik estatuen ezagupenik gabe jarduteko? Noren soak epaitzen gaitu? Guretu dugun kolonizatzailearenak ala kateetarik hondarrean libratzen doan kolonizatuaren begirada ukatuak? Ez al dugu euskara demagun, edozein izan liteke, arerioek dakusaten bezala ikusten eta zinez euskal diren gaietara mugatzen? Bertsolaritzara, laborantzara, familia bizitzara –hoberenean-, pitbull mehatxagarria ez den zakurrarekiko solasera. Sinesgarritasunik zilegitzen ote diegu gure buruei idazle gabiltzanean? Bidean, euskaraz ere, beti gu baino idazleagoak diren hasi berriak gurutzatzen ditugula ez al dugu ardura pentsatzen? Hannah Arendten arabera libertatearentzat eremu bizigarria den kulturaz zer egiten dugu? Merkatu eta dirutzetara konfinatzen soilik?
   
Gogo-muinetan errotzen zaigu bestearen behako gutxiesgarriaz biluzten saiatzeko agian Franz Fanonen kolonialismoaren mekanismoekiko ondoramenetara bihurtu beharko genuke. Belaunaldiak belaunaldien ondotik, aurrean bermatzen zaiguna baino deusezago garela iruditzen zaigu, hala heziak izan garelako, etxean, eskolan, elizetan: apal zaitez eta goratuko zaituzte zioen apezak prediku aulkietarik. Heziketak ez digu libertaterik baimendu. Alderantziz. Urkabilurra tinkiago baizik ez digu egin. Nahiz eta dagoeneko euskaraz kultura ekoizteko pretentsioa daukagun ez gara nagusi-mutil/sehi dialektikatik kantitzen, alor ekonomikoan eman dezagun mokoa kuskutik jalgiarren lumak lokatz ditugu eta horren kontzientziak erresuminez itotzen gaitu. Edonola zordun sentitzearena hizkuntzarekin batera gurasoek transmititu diguten tatxa gaitza da. Eta zerbait erraldoi konplitzen dugunean bestea zordun dagokigun lehiatzea. Noiztenka zerga-ordaintzale garen heinean botere publikoei kulturkizunentzat eska dezakegun diru-banaketa zuzenagoa baino haratago doa zorrarena, zordunak ontzi berdinean doazelako bata-bestearen bizkar, biak kopetak makur, zama nork eramanen duen ttattit aiduru.
   
Antton Lukuk ez du agerian zorrarena aipatzen baina hor dago bere hitzen magalean. Euskal kultura? liburua publikatzeagatik zordun gatzaizkio eta zorra kitatuko ez diogun bitartean iraun dezakeen urte sabatikoa hartuko du. Lauzpabost kide kexu jazarri zaizkiolako gaztigatuko gaitu, gu irakurle eta antzerkizale arruntok. Ustez miresmena zor ziotelakoek ote dute obra hau garrazki kritikatu? Ala horiek beraiek ez dute egileak espero bezala erreakzionatu? Kultura eragilearen arima hondo gabea da gehiengoarentzat, kolonizatuari aitortzen ez zaion objektibotasuna narzizismo bikoitzak beilatzen diolako –eta badakit zertaz mintzo naizen. 
   
Liburuak azkenean interesa gehiago piztu du Hegoaldean Iparraldean baino. Bitxiki, ezen normalean mugaz haraindian ardura hautematen dugunez, ez omen gaituzte ulertzen, ez hitzak bakarrik, gure pentsatzeko erak ere bai. Dena dela Hegoaldean Frantziaren kontra doan Iparraldeko oldar idatzi, kantatu, antzeztu bakoitzak haiekiko sintonian kokatzen gaitu ispilu efektuaz, beraiek gaztelarraren kultura monopolio zekenaren aurka doazelako. Jazarpen horiei esker lurralde bat osatzen dugu, nehoiz ez bezala. Hargatik ez da hain sinplea, iparra eta hegoa biak maitasun-gorroto uhin batek kulunkatzen dituelako. Sektore zenbaitetan, ikastoletan  demagun, Hegoaldetik datorren diruak frantses estatuarekiko negoziaketak minimoan atxikitzen laguntzen du, publikotasun eskaera isiltzera bultzatuz eta irakats ereduak homogeneizatzera. Hegoaldeko sosa datorkie halaber hitzarmen ofizialez EEP eta gainerako elkarte frankori. Ez dugu horretan ezer erratekorik, bestela egiturek hemen segur aski ez luketelako funtzionatuko.
   
Harritzen nau Hegoaldekoentzat frantsesentzat bezala Iparraldeko euskal kultura, tradizioa eta patrimonioa dela ikusteak, paradisu desertatu bat, kanta sotilak, eresia zaharrak, ohidurazko antzerkiak. Salbuespen ugari salbu noski. Hala ere aitortzekoa dugu euskarazko kulturan murgiltzen garenok Hegoalderik –merkatu, lagun talde, irakurle- ez bagenu akabo litekeela guretzat, ipar magnetikoa bera galduko genukeelako. Ondare bizihaztuaren ipularrean geratuz, derragun iragan ekainean preseski hizkuntza gutxietsituak patrimonio gisa finkatu zirela frantses konstituzioan, horrela transmisio eta irakaskuntzak sor litzaketen balizko gastuetaz axolatzea behin betiko baztertuz. Eta eguerdi oroz TF1 kateak tradizioen onak eta patrimonioen aberastasunak goresten ditu Jean Pierre Pernaut aurkezleak, kulturak ere ez diren ekimen horiei gaurtasunik sekula aitortu gabe. Kolonizatuak berantetsituak direla zioen Frantz Fanonek Lurreko madarikatuak deitu ikerketa eder hartan. Eta xederetan harrapatu txorien pare gabiltza.
   
Hegoaldetik bestalde amets dezakegun kultura mailako profesionaltasunaren itxura datorkigu bete-betean, sariak irabazten dituen eta nazioartean dabiltzan idazleena, munduan zehar data ohargarriak iragartzen dituzten abeslariena, musikariena, denak beren artegintzatik bizi direla, egunkarien hostoak pipolkeriaz hantzen dizkigutenena, badakigu non diren, norekin eta zertarako. Aitor dezagula artista tunante gisa jardutea plazer genukeela guk ere. Eta Parisetik datorkigun modeloa berdina da, aldi honetan mintzaira apaletsietakorik ez dela agertzen, hiltzen direnean baizik. Glenmor, Aimé Césaire edo Bernat Manciet poetek Le Monde-n kronika nekrologiko bana lortu zuten. Bestenaz artista franko-frantsesak eta frankofoniaren eremutik ernatzen direnek pantailak betetzen dituzte, botereei hurbil edo botereekin uztarrian higatzen direla, apurrek 2007ko maiatzaren 6eko gaua lehendakariarekin Fouquet’s ostatuan gozatu zutela, hala nola Johnny Hallidayk. Jean d’Ormesson, Doc Gyneco, Christine Angot eta Danny Boon goi mailako kulturaren ikur altxatzen eta ahuspatzen dituen estatuak pentsatzekoa eman dezake, minberatasun hozkak erlatibizatuz gainera.
   
Hegoaldeko tertuliaguneak inarrosten dituzten eztabaidak segitzen ditugu izparringietan. Zer da ohorea kanpotik etortzen zaion euskal kultura baten osagarria? Espainiako Sari Nazionalak erabakitzen du? Madrilen, ez dut idatziko Parisen ez baitzaigu oraino horrelakorik gertatu, zigilatuak ala etxean bertan idazle irauteko bidea azpatzen duenak? Ardura, batak bestea itzaltzen du eta finean hemengoa ez dugu behar lukeen heinean baliostatzen. Distira duena gustatzen zaigu. Horretan herrikide normalak gara. Dirua dirua duenari dagokio naturalki, kulturan, ekonomiako edozein sailetan bezain.
   
Botere politikoek zedarritzen dituzte kulturako meandreak. Idazteko, kantatzeko, antzezteko moldeak finkatzen dizkigute, irabazteko zer egin behar den inplizituki seinalatuz. Badakigu, susmatzen dugu behintzat, kulturaren edukiari buruzko debadio anitzen oinarrian iritzi politikoak badirela. Alde batekoa zara, saria eskuratzen duzu, bestekoa izatean aldiz esku hutsik geratuko zara. Gehienetan esku hutsek dute egoera galdezkatzen, zalantzaz uhertzen eta noiztenka kolerazko panfletoak publikatzen dituzte, azken aukerakoak bailiran. Eskolan bezala irudi urrikalgarriak banatzean, kultura xerrakatzen da, zozizonatzen Antton Lukuk berak izkiriatu zuen eran, hargarria zein den erakusten eta harrezina baztertzen. Fenomenoak mugaren bi aldeetarako balio duela argi dago.
   
Kulturak hondarrean elitearen meneko behar du. Hedapena anitzetan hautsa da, begietara botatzen dena eta jende xehe gosetuengana heltzea, txaloka desagertu ziren ezkerreko ideologia proletarioen xedea baino ez, boterea gatibatzen zutenek bake sozialaren segurtatzeko tresna. Frantzian luzaz hizkuntza gutxietsituen gaia barne ministeritzak kudeatzen zuen, kultura ministeritza sortu artean bederen. Idazle bat goratzean eliteek jasangarri zaien produktu kulturala formatzen dute, formatatzen dute nolabait, aurkezgarria eta salgarria. Diru-laguntza ziblatuek hautuaren ezinbestekotasuna azpimarratzen digute: ikusgarria handiago eta aukera eza indartsuago.
   
Ez dezagula ahantz kultura merkatu bat dela, teknologia berriei biziki laster egokitzen zaien azoka burbuilatsua. Igandeetan ere zabalik dira kultura dendak kontsumitzaile nagien pozerako. Garbiki ez gara maila horretan jostatzen, batez ere euskaraz ari garenean. Outsider batzuk baizik ez gara edo hasbeen-ak, Eguberrikari Baionako karriketan kantari zebilen abesbatza baten aitzinetik pasatzean mutiko blonda deskoloratu bati entzun nion maneran. Arrazoi zuen, hasbeen-ak garateke kultura erakunde ezberdinek kolonizatuon hitzak, taula gaineko urratsak, nota zuri-beltzak sosez zinez lagunduko ez dituzten bitartean. Norbera berean tematzearen eta aitzinatzearen bortxaz nolabaiteko neoliberal ispiritua bermatzen zaio, optika ilusioz inori zorrik ez duen self made man edo woman bat dela ustez, estatuaren partetik sos meta galantak lortu dituen bankster edo CAC 40eko buruzagi baten pare hots.
   
Iparraldeko sorkuntza moldeak irensten ari ditu Hegoaldeko kultura eredu bizitoriak, sintaxiak eta lexikoak errazten eta arintzen ditugu, emeki nagusitzen doan modeloari plegatzen gatzaizkio. Lepo zaina trenka hurran dabilkigu baina menturaz baldintza bakarra da euskarazko kulturak gure lurretan iraun dezantzat Leizarragak lerrakeenez. Begira bertsolariak: berdin ari dira Iparraldean zein Hegoaldean eta jadanik nondik datozen ez da nabaritzen. Bertsolaritza biziko da, batzuei ironia eta hitzarekin jolasteko gaitasuna galdu duela iruditzen zaien arren. 
   
Kolonizazioak behe-mailako egin gaitu. Morvan Lebesque bretoiak alorra kitzikatu zuen 1970an publikatu Comment peut-on être breton liburu izugarrian. Horretan gaude beti zorigaitzez. Nagusiaren –ordaintzailearen- premia dugu existitzeko. Larrua ez dugu beltza, baina ideiak eta bihotzak maizetan beltz-beltzak ditugu. Ez dugu ordea borrokatu gabe ehortzi gaitzaten nahi. Ohartzen gara estatuen, kultura erabakitzaile ttattardunen, literatura edo antzerki kritikalarien itsutasunaren aitzinean hinkihankatzeko Iparraldeko sortzaileek umorea, latza, erabiltzen dutela. Mattin Irigoienen toberak edo Antton Lukuren lanak gaiztakeriaz eta kritikaz hantuak datozkigu, jendeak bere zepo-zuloko tragediaz irri egin dezan behintzat, ez Piarres Adameren irri sano eta satisfosa, irri mikatza, garratza, irri miraila baino. Parodiak egitea da akulturatuari geratzen zaion ihardokitzeko modu bakuna. Ez baita amore emateko tenorea. Hatsak azkeneraino akuilatzen gaituelako. Hara apokaliptikoa bilakatzen naizela. Ez da hala. Soilik konpreniarazi lehia nuke ez dela aski ikertzen Iparraldean ekoizten den euskarazko kulturaren norabidea eta egiten balitz behialako xederaren eskizofrenia erresumindutik aterako ginatekeela.
   
Unibertsitalariek ere estatu zentraletan benedikatu artisten lanak dituzte ikertzen, sakontzen, promozionatzen, sarituriko kulturaren tximistak iluminatu ditzala espero bailuten. Klase interesak dira lehen. Elkartasun hari klasista horien ebakitzeko deus ezin da obra. Ez dute hauek Antton Lukuk irekitzen duen kulturarekiko debadioetan parte hartuko. Anartean Euskal kultura? lanean bermatzen diren arranguren itzaletik hausnarrean jarrai dezakegu: zein da euskarazko ekoizpenaren lekua euskal kultura izendaturiko zurrunbiloaren baitan? Hornigarria ala oraino ere, bere hutsaltasun pobrean jendeegana hel daitekeena?
   
Praktikari dagokionez erantzun apurrak baditugu jadanik. Olerki irakurraldi musikatuak eskaintzen ditugunean ikusleak baditugu beti, ez milakakoak ez, maiz uste ez genituenak, baherik gabe gure eleak hurrupatzen dituztenak, segur naiz teatro mailan berdin ditakeela edo musikan. Ez gintuzke diru eskasiak kolpatu edo sakonean zauritu behar, baizik eta noizbait agitzen baldin bada, entzule zein ikusle faltak. Gatuzain eta Maiatz argitaletxeek iragan azaroan Hazparnen Euskaraz idaztea desertuan idaztea dea? tematika jorratu zuten. Askorentzat arrapostua baiezkoa zen. Baina ez gara horretan. Bistan dena, zuzen eta egoki litekeela sos puxinka bat eskuratzen bagenu gure proiektuen aitzina eramateko. Ezen decider politiko-ekonomikoek erabakia dute zer toki eman euskarazko kulturari: herria saltzeko sor-markaren osatzeko plus txikiarena. Gaueko musika xuxurlatu bat bailitzan. Haurtzarora garamatzana, nostalgiaz lehertzen eta are gehiago eros dezaguntzat ohartu gabean infantilizatzen gaituena.
   
Ez da perspektiba alegera naski.
   
Kulturak, den pikarraienak, jendetzen bagintu?

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan