Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Iraganak oinak berotzen ez (apunte ezkor batzuk sortzen segitzeko)

Iñigo Aranbarri

– Etxekoak urruti, disziplina zurruna... alferrik ditik haur batek munduko eguzki guztiak.

Bilbo Aurrezki Kutxak eraikiarazi zion Bastidari etxea diru sarrera apalenetako familietako haurrentzat. Iragan mendeko 20ko hamarkadan gaude, eta Bilboko udaleko ogasun arduradun eta Bilbo Aurrezki Kutxako zuzendari izango zen Eliseo Mingoyak denbora da ideia kaskoan bueltaka darabilela. Azkenean, Sir Ramon de la Sotari erositako lurretan harrotu zen etxea, Bilbo Handiko obreroen seme-alaba eriak itsasertzean alaitu, senda, sendo zitezen. Erruki ekintza bat mozkinak ematen segitzen zuen industrializazioaren biktimekiko.

1925ean inauguratu zen azkenean. Harrezkero, Bizkaiko haur asko pasa da Sukarrietako kolonietatik.

– Ez zenuen beste aukerarik. Villarcayo bestela. Edo Briñas... Zotz eginda erabakitzen zela esaten ziguten.

Zinez, ez da beste aukerarik. Ederregia da tokia begirik ez ezartzeko bertan.

–    Kontatzen dudanean Guggenheim batean pasa nituela nire udarik tristeenak!

Seguru dago gizona museoa egin, egingo dutena.

–    Diputazioak badio...
           
Esan du bai, eta nola esan belarri parea izatera. Munduan bakarrak izango gara bi Guggenheim hain gertu dituena.
           
Bizkaiko Foru Aldundia bakarrik dago, baina, Bizkaia beste soineko xuriz jantzi nahi tema horretan. Eusko Jaurlaritzak ez dio babesik emango. Garai berrien beste eszenifikazio bat. Politikarien adierazpenek mataza korapilatsua osatzen dutela diost kolonietako ume tristeak. Lehendik artez ez datozen argudioei krisiak zera bat eransten diela. Karpetan dakartzadan egunkari txatalak zabaltzen ditugu umearen orgatxo gainean. Ez dabil oker, datutzak edozein erotzeko modukoak dira.
          
Ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilbao Guggenheim museoko arduradunek «Bilboko Guggenheim museoa handitu aurreko lanak egiteko» agiria sinatu zuten. Urrian, Urdaibaiko museoaren bideragarritasun planaren datuak eman zituzten: 148.000 bisitari izango omen ditu urtean; museoa eraikitzen bakarrik, 384 milioi euroko aberastasuna eragingo duela. Beste era batera zoratzeko: 169 milioi euroko barne produktu gordina sortuko omen du Urdaibaiko museoak. Edo garbiago azaltzeko: 3536 lanpostu berri izango omen dira.
         
Algara batean lehertu da ume tristea.

– 3536 langile museoan!
           
– Langile ez, lanpostu jartzen du hemen –zuzendu diot, gaiztoz-. Errepide berriak, eraikinak… bideko galipota ez duk berez jartzen harri txintxorren gainean.
          
Borondatea zenbaterakoa duen erakusteko azaldu diot Bizkaiko Diputazioa mahai gainean zenbat jartzeko prest dagoen, ehun milioi euro. Noiz eta iazko kultura aurrekontuari %39ko koska kenduko dionean. 
   
Diruari berehala atera zaizkio lagunak, baina. Bizkaiko EAko exekutibak Busturialdean industria suspertzeko eskatu ditu ehun milioiak. Gernikako alkateak, sos sustatzaileak eta museoa Gernikan egitea. Ezker abertzaleak, berriz, jeltzaleen kudeaketa iluna eta inposatzailea salatu du. Oskar Matutesek nahiago izan du naturgune babestuari ekarriko dion erasoaz eta kulturan babestutako lukurreriaz ohartarazi.

– Eta, egingo dela uste duzu?
   
Aztiaren hegazti hezur asmatzaileak etxean utzita heldu naizela diotsot, baina ez dudala erraza ikusten. Ez kasurik egiteko, dena den. Txarra naizela horretan ere.

– Begira Bilbokoa…
   
Oraingoan, Kultur Kezkarik gabe, Blanca Urgellen ezetzarekin gozatu beharko du ostera ere galtzaile agertzeko beldurrez burua gordetzea erabaki duen euskal intelligentsiak. Hala azaldu dio hark New Yorken orduko Krens ipupomamu beldurgarria ordezkatu duen Armstrong jaunari, Jaurlaritzak ez duela Urdaibaikoa babestuko, nahiago duela Bilbokoaren hitzarmen berritu beharrekoa hobeto lotu.
   
Presaka da laguna, behialako haur ilun hura. Korrika dabilen umeari deitu, karrotxoan daukana leporaino tapatu eta sorbaldakoa emanda agurtu nau abenduko eguzki hotzetan.
   
– Bilbainada ederra!
   
Joan zaizkio, antza, orduko tristura beltzak. Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbao baino bakarrago nago Bastidaren eraikinaren aurrean. Orduan ohartu naiz ez dugula museoaz hitz egin, esan nahi dut zer behar dauden, museoa zertarako izango den eta hori guztia utzi dugula solasalditik landa. “Etengabeko sorkuntza gunea” izango dela agindu dute Aldunditik, “laborategiari  estuki lotutako museoa”. PPk euskal arkitekturari eskainitako tokia izan dadila eskatu zuen uztailean. Hori da gutxienekoa, ordea. Bilbokoa egiteko agindu zirenak ez direnean bete, zertara dator orain txikikeriez kezkatzea? Ez al da horrenbeste kritika jaso zuen titaniozko ontzia herri moderno honen ikur bihurtu? Ez al dira orduko kritiko handienak edertasun estetiko eta politiko honen aurrean belaunikatu? Ez dugu denok onartu, diskurtso alternatiborik ezean, kulturak hoteletan 2,9 gauko turismoa esan nahi duela? Orduan?
   
Orduan beteko dela, egindakoan.
   
Kutxekin dabilen herria da gurea, zapatekin barik.
   
USO HANKAK ARTALE ARTEAN

Orduko haurrari Sukarrietako uda goibelak nola, halaxe datozkit niri ere, nola ez dakidala sortzaileak usotu barik gangartu egiten ziren garai hura. ETB3n Amets Arzallus kazetariak Ez dok amairuz egindako Zai Zoi Bele saio luzea ikusten ari naizela, kantariak eta poetak ez ezik bizi-bizi agertu zaizkit gainerako guztiak ere: Larruquert-Basterretxea Ama Lur-ekin, Oteiza bere apostoluekin Arantzazutik bide bazterrera purgatoriotuta, eta mailuak zizelari dei eginda… Txillida, amnistia, euskal kosta ez nuklearra eta euskal unibertsitatea, artea paparreko bihurturik.
   
Oherakoan, Saramagoren prentsa artikuluen bilduma zabaldu dut, eta hara: “Ez da ona iraganari begira egotea. Iragana ingelesek 



–kontuizu zer jende zuhur, eguzki urriko eta are poztasun urriagokoa den–  ahotan darabilten eskeletoen armairua da. Baina tarteka memoriak, azaltzen ere asmatzen ez dakigun bideetatik, irudiak, koloreak, hitzak eta formak dakartza bizi garen orain honetara”.
   
Gauzak zer diren, loa heldu bitartean egungo faraoi handiek hartu didate amets lausoa, bata dela edo bestea dela, kontratupean hartutako artistekin nazkatuta, akituta, muturka. Dudarik gabe, beste garai eta armairu batzuetan bizi zaizkigu orduko eskeletoak. Amorebieta-Etxanoko udalak irabazi egin du Andres Nagelen eskultura dela-eta Bizkaiko entzutegian zuen auzia, hartara, tokiz alda dezake hura hala iritziz gero. Bilboko udalak eta Isozaki Atean aritutako bi enpresek, berriz, 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote Santiago Calatrava arkitektoari honen zubia baimenik gabe moldatzeagatik. Okerrago izatea bazuen Azkunarentzat: Calatravak 250.000 euro eskatzen zituen.
   
Bi albiste txatal baino ez dira, izango da gehiago. Izan ere, ez gaude iragan edertu hartan (ari naiz neure buruari ziria sartu nahian. Nestor Basterretxea ARGIAn: “Jasanezina izan zitzaidan Arantzazuko fraideek nik egindako muralak ezabatzea. Jasanezina zait gaur egun oraindik ere!”). Aldea ikusi nahi dut, alferrik baina. Orduan bezala orain, artista kontratatu egiten da, nahiz eta honek eginarazten duen obra zibilak mendrenik ere ez hobetu jendearen eguneroko bizimodua.
   
Haur parkea itotzen duen eskultura pisua hemen.
   
Zoru labainkorra duen zubi zuria hor.

Aulkirik gabeko aireportu zerurakoa han.

– Guk ipurdia dugula!

– Ba guk Calatrava bat!
   
Folklorismoaren ordaina izatea lortu du arte garaikideak gurean.
   
Museoak bezalaxe, artistak izenagatik kontratatzen dira, nahiz eta oinordetza gaiztoan jaso; nahiz eta haurrak gabon opariekin nola, atoan aspertu; nahiz eta gero ez jakin zer egin haien lanarekin. Hagintariak ez du zertan arteaz jakin, akabo ba.
Gainera, iragan edertuko sortzaileek aspaldi utzi zioten eder izateari.

“Frankismoan oihu egin beharra zegoen”.
   
Plazak, bidegurutzeak, frontoiak, logotipo instituzionalak, parlamentuak… Bazter oro nazkatu arte bete dira autonomiaren zulokote guztiak harako artista egurtu, baztertu eta era berean futbol jokalariak bezainbeste loriatutako haien obrez. Argentinan bageunde, artista peronistak lirateke.
   
Eta han bezala hemen, zein inportantea den politikagintzan dabiltzan lagunak izatea.
   
Eta artea?

– A zer galdera, txikito…
   
Loeroan, ametsaren barrunbeetan nabil hiri hotz batean. Brontzezko printzearen irudiaren oinetan, usoak dabiltza hark emandako apurrak jaten. Gorki parkea izan daitekeenean, eskulturen zabortegi batean korrika harrapatu nau egunsentiak. Bi atzamar gozo begi bildua txirla bezala ireki nahian.
  
– Lo zaude, aita?
   
Saramagoren liburua behegainetik jaso dudalarik, Laboaren Txoriak txori entzun uste diot ahopean. Harritu egin naiz, hiru urte baino ez ditu. Nik ez diot inoiz erakutsi, mea culpa, ez diot egundo disko hori jarri. Ea zer ari den kantuan.

– Zuk badakizu?
   
Hasi orduko bera da aho bete hortzekin geratu dena, aitak ez baitu Go!azen ikusten. Baina ikusiko du. Eta ikasiko, malgré lui, apaiz beltzez eta hauen sotanekin bandera piratarik egingo ez duten nerabez betetako saio horren bidez transmititzen zaiela egun umeenei gure kantagintza modernoaren ondarea. Kantariei grazia handirik egin behar ez diela, pentsatzen dut. Sarri-Sarri nabarmen letragatik baztertu eta jatorrizko Toots Hibbert-en Chatty-Chatty-ren bertsioa entzutea, gutxienez bitxia egingo zitzaion Fermin Muguruzari.
   
Baina egindako bidean baino ez dabil, kantuei dagokienean, Go!azen. Bere garaian, ETBren Euskal Kanturik Onenak saioak sortzaileei baimenik eskatu gabe telebistaratu, diskoratu, plazaratu eta “sozializatu” zituen, bertsionatuta, gure iragan gertuko hit-parade haiek. Hitza eta airea ez ukitzera, legeak ez zituen horretara behartzen.

– Ezta kortesiaz ere?

Laguna dut musikaria. Bere kantu bat erabili zuten ordukoan.

– Ezta gizalegez ere.

Esan zuen Sartrek, iragana bera ere eralda egin daiteke.

ESKUTIK HELDU GABEKO PAUSUAK

Zer onura dakar, baina, iraganera begira ibiltzeak?
   
Gauzak bestela dira orain. Iraganaren minaz ibiltzea haizearen atzetik ibiltzea da, joan dena ez da egundo itzuliko, edozein delarik ere honen irudia, ez ikurrinez sututako frontoi beteak ez estudio egunak ordaintzen zituzten diskoetxeak.
   
– Nola ba, diskorik saltzen ez bada?
   
Hahor azkenaldiko diskurtsoa, espainiar artisten lanturuak puztua: Internet da orain etsaia, P2Pa, Emule, Ares eta Drake kapitainaren ontziteria guztia. Pirateria, artisten gosea; hitz zantarrak guztiak. Samurtu gaitezen, etikari egindako deiak dakartza prentsak. Bitxia ere bada, nork eta bestek egindakotik etekin ekonomikoa atera duenak jotzen du negarra ozenen.
   
Baina Internetek musika zabaltzeko bidea ere ekarri du. Eta hala, autonomiaren irratietan mututuek, diskoetxe komertzialetatik baztertuek, euskal dendetako erakusleiho eta apaletatik erauziek iragan denboretako terminologia berreskuratu dute, bihotz zimikoka hasita, sortzailearen askatasunarekin lotu izan diren berbak.

“Autoekoizpena!”
   
Hau ez dator bakarrik baina. Baliabide teknikoek sano erraztu dute bidea, autoprodukzioek bestela (taldearen babesa dutenak maiz: Bonberenea, Bidehuts…), egungo dinamika, egungo logika komertzialekin afoniko geratuko liratekeen kantari eta taldeak plazaratzea ahalbideratu dute. Ez bakarrik. Bada gerizpe handiagorako aukera izan eta benetan sinetsita autoprodukzioaren hautua egin duenik.
   
Nolanahi ere, bada zerbait lehen bezala ez dabilena. Ruper Ordorikaren hitzak dira: “Autoprodukzioa ez da irtenbidea. Ez dakit berriz ere singleak egingo ditugun, disko motzak... Baina horrek, egile naizen partetik, badu oso parte onuragarria. Edozeinek egin dezake disko bat bere ganbaran, eta badu beste bat kaltegarria: edozer izan liteke disko bat”.
   
Beroarena kenduta, musikariaren lana ez dela disko saltzailearena egitea esan nahi duela uste dut Ordorikak, egindako lana merkatuan jarri eta promozionatzea ez dela egilearen eginbeharretan sartzen, nahikoa duela honek diskoa duin sortzearekin. Eta kezka: kantatzearena langintza gero eta zailagoa dela, edonoren esku dagoelako, azken beltzean, disko bat egitea.
Kontua da betiko bidea (diskoetxeak grabatu, ekoiztu eta saltze bidean jartzearena) ikaragarri estutu dela, eskuderiako artisten nomina sano murriztu, eta azkenik kontratua sinatzea lortuz gero, musikarientzako baldintzak gero eta drakoniarragoak bihurtu direla. Ahaztu gabe produkziotik salmentarainoko katea bera ia enpresa bakar baten esku geratu dela. Horregatik, grabatzeko aukera ez ezik, egindako lanaren bidea hobeto zaintzekoa ere ematen dio autoekoizpenak egileari. Lanaren neurriko askatasuna, alegia. Horrek diskoa kontzertu ostean saltzera behartzen badu ere. Promozioa, norberaren esku. Eta jakina, ahaztu liburu-dendetako erakusleihoak.

Iragana atzean utzi eta iragan-aitzinera joan gara arlo baten baino gehiagotan. Ez gara gainerako langileen oso bestelakoak honetan. Faraoien garaia kritikatzen zen sasoia, itzal da dagoeneko. Ez aspaldi, gustua zen gure kantuak entzutea, “Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzat haundiok?” Hitza Bertolt Brecht-ena zen. Horra materialismo dialektikoa, Laboaren samurtasunez gozatua. Orduan ez zitekeen, politikoki onartezina zen, etikoki salagarria. Gerora zalapartarik aterako ez zuen esperantzaz eman zizkion Eusko Jaurlaritzak musikari bakar bati 702.000 euro proiektu iraingarri bat aurrera ateratzeko.

Gauzak erabat aldatu dira. Iragan denborak ez dira itzuliko.

“Inbiria galanta zuena!”

Beharrezkoak ez liratekeen argudiobideek indar franko xahutzera behartzen dute edonor egun. Diskoetxeen aukerek, gobernuen subentzioek horma ezartzen ari dira, batzuk alde batean bezala ari dira besteak bestaldean geratzen. 
Musikaren mundua ez da mutur bat baino. Orporik orpo dator eta doakio literaturarena. Laster ikusiko dugu liburua haren ataka bertsuan. Durangoko azokan, izar egin dute liburu-e. Hemen ere beharrezkoa da aurretikako negarra, krisiaren atzaparra belztea, gero eta gutxiago irakurtzen dela jotzea. Eskerrak teknika datorren negozioa salbatzera liburu elektronikoarekin.
Galdera ezinbestekoa da, baina: nola liteke 10 edo 12 euro kobratzea ordenagailura ekartzen den liburuko, transakzioan ez badago ez inprenta gasturik, ez biltegi eta kamioirik, ez denda eta ez dendaririk? Irabaziak, non daude, zein larretan?
   
Horretan nabilela, txirrina. Postaria da. Bebarrura jaitsi naiz, buzoiaren sabeletik gutuna askatzera. Ustez idazleon eskubide erreprografikoak zaintzeko dagoen Cedro espainiar elkartekoa da, kontratu bat duela barruan nire datu guztiekin. Sinatzea besterik ez du behar. Eta igorri. Horretarako sartu didate zorro txikiago bat, lehenbailehen igor diezaiedan deus ordaindu gabe.
   
Zer dioen kontratuak? Bada… analogikoan egindako kopienaz gain (fotokopiak), nire lanen inguruan digitalean sor daitezkeen kobrantzen kudeaketa beren esku uzteko baimena da nik ematea nahi dutena (bai, liburuen SGAE moduko bat…). Ez al daki Cedrok nireak ez ezik euskal idazle gehienen lan asko eta asko idazleek eurek borondatez utzi eta digitalizaturik eta doan eskaintzen zaizkiola dagoeneko euskal irakurleari?  

– A zer galdera, gaztea…

Zer egin behar dute, konparazio batera Susa eta Armiarma webguneak salatu eta Mirandegatik sosak eskatu? Gauza itsusiagoak ere badira aztarka hasita. Zergatik kobratzen du elkarte dontsuak nire lan batengatik, esaterako, neuk ere hala erabakita liburu hori ez bada inoiz saldu, doan ematen bada beste bat argitaletxearen webdendan erostean?

– Baina sos horiek ez datozkizu gaizki, ezta? 

OIN BI NEGURAKO

 “Hemen da negua azkenean” iragarri du irratiko emakume ahotsak. Astelehena da eta hedabide guztiek ez dute nabarmendu Maialen Lujanbiok hamalau mila lagunen aurrean BECen lortu duena.
   
Hemen da, bai, gainean dugun buldozerra da kulturaren logika hau. Deus ez da lehen zena. Pello Aldazabal, Euskal Zinemategiko zuzendaria, ura baino aratzago: “Euskal zinema hemen egindakoa da”. Hizkuntzak definitutako kultura esparruarena, galdutako borroka da dagoeneko. Javier Clementeri elkarrizketa sympa-gaiztoa Berria-ko azken orrialdean. “Bertsolari finala gaur zure herrian”, botatzen dio haria kazetariak. Eta Barakaldoko entrenatzaileak: “Bai, badakit. Ulertzen ez dudalako ez naiz joaten ni, baina gustatzen zaizkit. Nik uste dut zarauztarrak irabaziko duela, Izagirrek”.
   
Bada euskaldunon argazki hoberik?
   
Hogei urte igaro dira kasik Joxerra Utretxek Nani Balestriniren Ikusezinak nobela euskal irakurleari ezagutarazi zionetik. Ordukoan beste batzuk ziren ikusezinak. Orain nago, urteak ere pasa dira autonomismoak bere logika ezarri duenetik, egin beharko genukeela beste saiorik gertatzen zaiguna definitzeko.
   
Begiaren neurriko egia da: euskaraz ekoiztutako gehienak ikusezin izaten segitzen du bizilagunentzat. Eta elkarrekin bizi behar, burutik egin gabe ahal dela. Ez nuke horren diskurtso populistarik antolatu beharko, ahaztuak nituen exajerazioak… Euskadi literatura sarietarako emanaldia heldu zen arte. Orduan piztu zaizkit sugar zaharrak. A. Osinaldek salatu zuen ekitaldia Zuzeu.com-en: “Kontua da saritu bakoitzeko egin beharreko minutu pare bateko bideoak, lotsamangarriak izan zirela. Esate baterako, Antton Olano Itzulpen saridunari eginikoan, Nafarroako herri txiki bateko etxeak eta teilatuak ageri ziren laino artetik irtenda bezala, eta entzuteko zer? Lau teilatu gainean, kantuaren zati bat jakina. Okerragoa, hala ere, Haur eta Gazte Literatura saria irabazitako Ruben Ruizi egindakoa: erreka inguru bukoliko batean, arbolapean eseri eta liburua irakurtzen… Auzo lotsa sentitzeko modukoa. Hala ere ez zen hori izan gaueko okerrena. Hori euskarazko testuak irakurri zituen Olatz Candinaren eskutik etorri zen: hura izan zen testuak alferrik galtzea, autoreei kalte egitea eta entzuleei mespretxua erakustea”.
   
Barkamena eskatzekoa egin gabe, berehala aireratu ziren ekitaldia antolatu zuten enpresen izenak, haizatu arduradunenak eta hara non irakurlea hauetako baten, Alex Oviedoren blogera iritsi den. Han leitutakoak, Txirritaren txurreruaren hartan bezalaxe, “esatekuak ez dia”, lasai irakurri eta erdal idazlearen ahokada bakoitzean gozatzekoak baino. Kontsolamendu eskasa euskaldunarena: Osinalderen purrustada digitala argitara eman eta ordu gutxira, falta zen Nuestra cultura izeneko artikulua Escritoresvascos. org-etik.
   
Etengabeko negura gaude kondenatuta, eta hobe dugu horrekin bizitzen ikasi. Sinetsi nion Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako zuzendari den Ramon Etxezarretari Euskadi literatura sarietako irabazleen izenak jakitera eman zituenean esan zuenean duindu nahi zuela euskarako saria, banekien zintzoz ari zela. Jakin beharko nukeen sinestea ez dela aski. Administrazioak sortzen dituen egiturei zakarra bezala hazten zaizkio jan-txakurrak, makina gaitzegia da, eta borondate ona ez dirudi nahikoa denik norbait gurpil artean katigatzen duenean haren hagin lana gelditzeko.
   
Dena den, ez da hau administrazioaren kolore kontua, arian-arian sortzen utzi den dinamikena baizik (dinamika soziala esango dugu?). Alferrik dira Obama estiloak, Szymborskak eta Uribeak. Txapuza gure dohainik nabarmenenetarik bat da, harrokeria motzak zeharo edertzen duena. Beharko nuke negu beltz honetan bestela pentsatu, baina luizia da sortzaileari zein kontsumitzaileari gainera datorkiona. Ikusezina sentiaraztearena ez bada faraoien amets eroen artean bizitzearen sindromea da nire gibel-erraiak karramarrotzen dituena. Kultura politika harropastuaren mende, monopolio komertzialaren negar eta lausengu artean sortu, plazaratu, sozializatu beharrak, amorrarazi egiten nau. Edo bihotz eroriz utzi, egunaren arabera.
   
Iraganak ez du, baina, gure zauririk sendatuko. Eta orainaren etxea altzari, habe, zoru itsusiz osatzen ari zaigu.

Ez da orerik okerrena lanerako.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan