Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Hankaz gora

zapata garbitzailea

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Indigenen begiak jaiki direnotan zapatistaz betea agertu da La Paz. Tira, nik deitzen nien zapatista, ez nien galdetu ea Marcosen jarraitzaileak ote ziren. Baina zapatista ezizendatu nituen, kale kantoian eserita, zapata arrantzan egoten zirelako. Ea zein lokarri harrapatuko, zein zapata ekarriko, txanpon baten truke, distira emateko. Eta txiste merke hori pixka bat garestitze aldera, zapatista deitzen nien, burua estalirik zeramatelako. Begirada bakarrik zuten agerian, zapata zikinak nork zituen ikusteko behintzat. Gainontzean, zapata garbitzaile denak kapusaidunak ziren. Eta La Paz osoan zegoen zabaldua Armada Zapatista.


Azken aldiz hanka taxi batera altxa genuenean, “El Altoko aireportura” agindu genion txoferrari. Betazalen artean begiak agerian bainituen nik ere, azkar jabetu nintzen taxiaren bereziaz. Gidariaren markagailua eskuinean zuen. Txoferra ezkerrean zioan, bolantea sustraietatik atera, eta kopilotuarenean txertaturik. Mutu gelditu nintzen, baina, “zer ordutan hartzen duzue hegazkina? -jaitsi ninduen gidariak nire lainotik-. “Bederatzietan –hartu nuen lur-, garaiz gabiltza”. “Bai –segitu zuen- baina komeni izaten da lehenago joatea, hegazkinak atzerapenen bat baldin badu edo.” “A”. Bigarren gantxo hark KO utzi ninduen. Bolantea aldez aldatutako auto batean gindoazen, bihar pasako diren kondorrak ikusteko, atzo joan behar zen aireportu batera. Buruz behera ibiltzen hastekotan nengoen, baina txoferrak ere antzeman zidan burura odola erortzen ari zitzaidala, eta bolanteari heldu zion lehenik: “auto zahartuak Ingalaterratik merke ekartzen ditugu. Eskuindarrak izateko programatuak dira, baina hemen bolanteak eta pedalak aldez aldatzen dizkiegu.” “A”. Bigarren bolanteko auto hartan ulertu nuen, La Pazen, zergatik ibiltzen diren txofer bakarti asko gauetan argirik piztu gabe, eta konpainiadun txoferrak, aldiz, argiak pizturik.


Munduaren aldrebesak gaia jarririk, El Altorako bidean, aldrebes zeuden gauza guzien bila hasi zitzaizkidan begiak. Bezperan ezagututako zapata garbitzaile zapata zikina ikusi nuen lehenik, espaloian eseria. Hamar urterekin umezurtz gelditu zenetik Hilerrian bizi da. Hilerri auzoan. Ez zuen bezerorik itxuran, eta oinez zebilen jendeari begira zegoen. Haur txiki bat pasa zitzaion aurretik. Oinutsik. Eta zapata garbitzaileak, kalkulu falta, xaboirik ez izan kaxan.


Erantzunak

Paradoxa da hango miseriak gure begi erosoen aurrera ekarri eta hau idaztea: biba zuek!

Markel 2006-10-09 23:10:28

Zorionak erreportai osoagatik, eta eskerrak Bolibiako egungo egoerara gerturatzeagatik. Izugarri eskertu ditut bai argazki baita bideoak ere, eta nola ez Ametsen hitz jokoak. Badirudi gu geu ibili garela han barrena bueltaka ... El Rayo, zapata garbitzailea, Evo, Tupac Katari, gasaren gerrakoak, guztiak ezagutu izan bagenitu bezala. Aipamen berezia egin nahiko nuke Ernesto Sollaren inguruan. Ba al duzue haren berririk ? Milesker

Gotzon 2006-10-11 21:36:59

dfdf

jdj 2006-10-25 12:43:59

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan