Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

bideoak

Zapata garbitzaileak

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Zapata garbitzaileak

Badira batzuk, bizitzak hala beharturik, oinez ibiltzen hasi baino lehen korrika egiten ikasten dutenak. Eta badira beste batzuk, halabeharrez, oinetan zapatarik jantzi baino lehen, zapatak garbitzen ikasten dutenak. Halakoz josia dago La Paz, eta edozein kale kantoitan aurkituko dituzu, zure zain, txanpon baten truke, zapatari distira emateko.

Bideoa ikusi
Artista bera arte

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Artista bera arte

Evo Moralesen kokazko opariak bere eskuetatik ateratzen direlako egin da ezaguna Gaston Ugalde. Eta eskuez lagunduta hitz egiten duenean ere, badirudi, hitz bakoitza tailatzen aritzen dela, hemendik xorroxten, handik luxatzen, hitz bakoitzari bere forma eman nahian, bere lekua, elkarren urraduran, arte hotsa izan dezaten. Osoan da Gaston arte; bere lanez, bere hitzez, eta bere formaz. Artearen pertsonifikazioa dirudi.

Bideoa ikusi
Wanted

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Wanted

Ernesto Solla Martin. 35 urte, Bartzelonan jaioa. Bizar narras bat du eta ile horia. Argala. Oso argala. HIESa du. Ez du heriotzarik bizkar gainean, baina laster bat izan lezake. Berea. 2006ko uztailaren 29an ikusi zuten azken aldiz, La Pazeko San Pedro kartzelan, ziega gabeen sekzioan, bere gaitzarentzat medikaziorik gabe. Niki beltz zikin bat zeraman soinean, eta zulatutako galtza bakero batzuk. Bila joan, eta Espainiara estraditatzen duenari ez zaio diru saririk emango. Masaileko eder bat baizik, lehenago egin ez izanagatik.

Bideoa ikusi
Felipe Quispe, hitzak eta ekintzak

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Felipe Quispe, hitzak eta ekintzak

Felipe Quispek bere bereak ditu Tupac Katariren azken hitzak: “Itzuliko naiz eta milioika izango gara.” Milioika ez ziren izango agian, baina itzuli ziren, armak hartuta, eta EGTK, Tupac Katari Armada Gerrillaria osatu zuten. Felipe Quispe, El Mallku, zen hango ideologoa, eta beti ekileetan suharrena. Harrapatu egin zuten, baina ez zioten Tupac Katariri bezala burua moztu. Mingainik ere ez eta lasai hitz egiten du kataristen borrokaz, Euskal-Herriko borroka armatuaz, eta baita Evo Moralesi buruz ere.

Bideoa ikusi
Gasaren Gerrak alargun utziak

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

2003ko urria, itzuli gabeko orria

Bolivia osoa herriari gelditzen zitzaion azken baliabide naturala defendatzera atera zen: Gasa. El Alton, ukabiletatik ateratzen zen herri baten garrasia: “Fusil, metralla, El Alto no se calla!”. Baina hitzari fusilez, metrailaz; tiroz erantzun zitzaion. Eta halaxe piztu zen Gasaren Gerra 2003ko urrian. Oraindik ez da itzali. Batzuentzat behintzat; zangoa falta dutenentzat, senarra falta dutenentzat, etxeko alaba txikia falta dutenentzat; gerra ez da bukatu. Eta ez da bukatuko Gonzalo Sanchez de Lozada “Goni” presidente ohi madarikatua AEBetatik Boliviara estraditatu, eta justiziarik baldin bada, justiziak epaitzen duen arte.

erantzunBideoa ikusi erantzunBideoa ikusi erantzunBideoa ikusi erantzunBideoa ikusi

Gasaren Gerrari buruzko erreportajea irakurri

Evorekin hitz jolasean

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Evorekin hitz jolasean

Evorekin ari zarenean solasean, iruditzen zaizu, bizitza ari zaizula hitz egiten. Entzuten jartzen zara adi, eta gogorra da bizitza, bizitza iluna da, sufritzea da bizitza. Baina bizitzak badaki jolas egiten ere, bizitzari, tartean-tartean, irribarre bat ateratzen zaio. Evori ere bai.

Bideoa ikusi
Ez dut moztuko bizarra

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ez dut moztuko bizarra

Karmelo Galdos 1955ean jaio zen Oreretan. Frontoiko semea pilotaria izaten da, eta elizatik hogei metrora jaio zena, apaiza izan behar nahitaez. 1981an apeztu zen, eta bere herrian bi meza eman baino lehen jo zuen Boliviara. Jainkoa leku guztietan omen dago, eta Karmelo ia-ia denetan egon da, Boliviari dagokionez. Orain La Pazeko frantziskotarren burua da. Elizan ez ezik gobernuan ere lagunak baditu, bereziki Alvaro Garcia Linera, presidenteordea. Eta Bolivia aske ikusi arte, ez omen du moztuko bizarra.

Bideoa ikusi
Bi misiolari euskaldun-indigena

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bi misiolari euskaldun-indigena

Gregorio Iriarte olazagutiarra eta Manuel Egiguren goiaztarra duela mende erdi bat baino gehiago joan ziren Hego Ameriketara misiolari. Indigenak konbertitzeko asmoan joan, eta indigenek konbertitu zituzten beraiek azkenean. Denbora eta lanaren poderioz bere semetzat hartuak ditu Boliviak. Gregorio idazle eta soziologo bezala, eta Manuel obispo bezala, biak ala biak, Bolivian oso erreferentzia ezagunak dira egun, eta Evo Morales oso hurbiletik ezagutzen dute. El Altoko aireportuan egin genuen topo biekin, eta goizeko ordu bietan egin genien elkarrizketa. Inguruko aulkietan, edo berdin lurrean, erdi lotan zeudenak ere erdi esnatzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka, eta elkarrizketa bukatu zenerako sekulako korrua osatua zegoen Gregorio eta Manuelen inguruan.

Bideoa ikusi

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan