Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa
  • Hasiera >
  • argazkiak: begi batek kontatua

argazkiak: begi batek kontatua

Ipuina konta daiteke ahoz, konta daiteke eskuz, edo konta daiteke begiz. Bolivian gizon bat ibili zen, begiak eskutan, isil-isilik, oinez doazen istorioak gelditu nahian. Eta behin gelditutakoan, elkartu egin ditu, elkarren anparoan hizketan hasten direlako, ipuin bat kontatzen. Gauero ipuin bat entzunez lo hartzen duten haurrek bezala, goizero esnatuko da begitxoa ipuin berri bat kontatzera. Egunez egun, ipuinez ipuin, hamar osatu arte. Hamar ipuin begiz kontatuak, hamar ipuin begiz entzutekoak.

Photo © TXOMIN TXUEKA

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Begi batek kontatua

Hamabi apostolu ziren Jesukristorenak, baina Oteizak hamahiru egin zituen. Txomin Txuekak, Oteizaren jarraitzaile itsua denez, Jorgek bezala egin du. Boliviako istorioa josteko, hamabi pertsonaiaren lekuan, hamahiru sartu ditu. Hogeita sei begi. Hogeita sei egi. Eta denak, begi batek kontatuak.

argazki bilduma ikusi
Felipe Quispe

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Aimara baten begirada

Felipe Quispe aimara da eta begiradak salatzen du asko ikusia dela. Ibili zen Guatemalan, Mexikon, El Salvadorren. Bizi izan zen klandestinitatean, kartzelan, mendian. Jardun du laborantzan, politikan, borroka armatuan. Hamaika ibili, hamaika bizi, eta hamaika jardun. Hamabi argazkitan kontatzen da dena.

argazki bilduma ikusi
Ernesto Solla

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Kartzela soinean

IHESa zeukan bati entzun nion bere gorputzean preso sentitzen zela, zangoak eta eskuak barnetik lotuak balitu bezala. Hezurrezko kartzela batean bizitzeak gogorra izan behar du, baina ez da samurragoa izango burdinazko kartzela batean bizitzea. Zer izango ote da orduan kartzela barruan IHESarekin bizitzea? Ernesto Sollak badaki. Kartzela barnean bizi da, barne kartzela batean. Eta argazki batean argazkia bera azaltzen denean bezala da hori. Argazki barnean dago argazkia, eta barnean argazkia, eta barnean argazkia, eta barnean argaz… Eta ez da inoiz bukatzen. Kartzelarekin ere berdin da.

argazki bilduma ikusi
La Pazeko San Pedro kartzelako irudia

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ale, sar zaitezte barrura

Uste dut ez genuela biderik errazena aukeratu kartzelan sartzeko. Ministerioz ministerio ibili ginen, bati galdetu, besteari erantzun, paper borrokan. Baina azkenean, iritsi zen hainbeste esperotako faxa, eta erregimen penitentziarioak baimena eman zigun La Pazeko San Pedro kartzela barrura sartzeko. Gerturatu ginen ate handira, eta burdin artetik jarri ginen begira, isilik, han barruko munduari. Koronelak zabaldu zigun atea: “ale, sar zaitezte barrura!”.

argazki bilduma ikusi
Gaston Ugalde

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Koka hostoa eskuz mastekatzen duen gizona

Koka hostoa hartzen du eskutan, eta buelta eta buelta erabiltzen du, hatzen artean zabaldu eta zapaldu, esku ahurren harpean mastekatu eta mastekatu, eta artea magia bat denez, koka hostoetatik aurpegi bat ateratzen da: hara, Simon de Bolivar! Hara, Che Guevara! Hara, Tupac Katari! Koka hostozko koadro horiek denak Hego Amerikako presidenteen jauregietan bizi dira, Evo Moralesek eskuz esku opariturik. Eta koadroen behe ezker hegian, izen bat ageri da marraztua: Gaston Ugalde.

argazki bilduma ikusi
Ucureñako nekazal erreformaren urteurren ekitaldia

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ucureñako lurrean idatziak

Kristobal Kolonen karabelek itsasoa ebakitzen zuten, eta Francisco Pizarroren ezpatek lurra. Baina itsasoko arrastoa berez itotzen da; lurraren zauriari odola dario. Eta odolak ere izkiriatzen bai baitaki, ebaki eta ebaki, LATIFUNDIO egon da idatzia Bolivian laurehun urtez. 1953a zen, berrogeita hamahirua. Laborari indigenek goldea atera zuten Ucureñan, eta hizki zaharrak lur azpira kondenatu zituzten, haien lekuan, hitz berriak ernez: NEKAZAL ERREFORMA. Berrogeita hamahiru urte geroago, Evo Morales herrixka horretara joan da laborari indigenek idatzi zutena irakurtzera. Baina ez dakigu ongi ulertu ote duen. Batzuk baietz diote.

Argazki hauek Ucureñako nekazal erreformako urteurren ekitaldian hartuak dira, 2006ko abuztuaren 2an.

argazki bilduma ikusi
Gasaren gerrako argazkia

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Gernika bat Bolivian

Picasso hila zegoen 2003ko urrian. Baina herri xehea are gehiago xehatzen segitzen zuten tankeek eta helikopteroek. Ez ziren alemanak, are gutxiago gorriak, Gonzalo Sanchez De Lozada “Goni” Boliviako presidenteak bidalitakoak ziren. Eta ez zituen bidali txiletarren aurka, are gutxiago perutarren aurka. Presidentea bere herriaren aurka ari zen gerran. Herritarrek ez baitzuten nahi beraien gasa kanpora saltzerik. El Alto osoa zutitu zen militarren aurrean, baina hirurogei lurrean etzanda gelditu ziren, hilotz. Geroztik, lurpean bizi dira, gasa babesten, Picassoren ondoan.

argazki bilduma ikusi
Evo Morales

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Goizeko bostetan jaikitzen den presidentea

Evo Moralesen amaren ametsa bere semeak profesional batzuk izatea omen zen. Profesional on batzuk, eta ez laborari sufrituak, goizeko bostetan lanak esnatzen zituen gizagaixo haiek. Gutxien-gutxienez, jaiki zitezela goizeko zortzietan lanera, atseden pixka bat hartuta. Hori esaten zion Evori amak. Eta Evok amaren hitza bete du, politikari profesional bihurtu da, presidente. Baina amari entzungor egitea ere maite, eta Evo goizeko bostetan sartzen da egunero gobernuko atetik. Guk ez genuen sinisten, baina berak konfirmatu zigun: “galdera gehiago dauzkazula? Lasai, bukatuko dugu, etorri astelehenean goizeko bostetan palazio presidentzialera.”

argazki bilduma ikusi
Gregorio Iriarte

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Gregorio, zer da dialektika?

Galdetzen zioten bere ikasle aimarek maisu handiari. Ekonomialaria, soziologoa, idazlea, unibertsitateko irakaslea... Bolivian erreferentzia garrantzitsua; Evok Asanblada Konstituziogileko irekiera ekitaldira bost pertsona gonbidatu behar bazituen, bost horietan lehena bera. Baina ikasleen galderaren aurrean korapilatuta, hitzak buruan pilatuta, nola esplikatuko “dialektika” zer den. “Begira –hasi zen Gregorio- zuentzat zenbat dira bat eta bat?” “Bi! –denek batean- zenbat izango dira ba?” “Ba ez, bat eta bat ez dira bi, bat eta bat hiru dira! Horra dialektika.” Eta ez zuen inork ezer ulertu. Argazkien dialektikan ere, bat eta bat ez dira bi, bat eta bat ez dira hamaika, bat eta bat hamabi dira. Ezta Gregorio?

argazki bilduma ikusi
Tupak Catari buruzagi indigena

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bolivia Qollasuyura bidean

Tupac Katari indigena buruak, bi hitzekin hartu omen zuen azken arnasa: “itzuliko naiz, eta milioika izango gara.” Eta badira milioika, milioika emakume eta milioika gizonezko, milioika ume, lurraren koloreko azala dutenak. Eta ez da azal hutsa, Bolivia barrutik ari da aldatzen. Ez da Bolivia ere, Qollasuyu da, Tawantinsuyuko erregioa, behinola aimarena eta ketxuena zen herri hura. Hala zen atzo, eta hala izango da, bihar, edo etzi.

argazki bilduma ikusi

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan