Eskuina eta ezkerra borrokan bizi dira beti. Ezkerrak ukabila erakutsiko dio eskuinari, eta eskuinak erdiko behatza ezkerrari. Naturak ere, elkarri bostekorik ez emateko moduan egin zituen. Saiatu nahi baduzue, alferrik da, ezin dute elkar egoki hartu. Baina nago, eskuinak eta ezkerrak, elkarren beharra dutela bizitzeko. Bat bestea gabe ez litzatekeelako ezker, eta bestea bata gabe ez litzatekeelako eskuin.
Hitza eskuinarena da beti. Nik ere ez nuen ezkerrez idazten ikasi, eta eskuineko behatzetatik erortzen zaizkit eleak, eta beste hizki guztiak. Baina hitz soila, orri zuriaren gainean, triste gelditzen da, besamotz sentitzen da. Beste esku baten beharra du, paperari eusteko bederen, egoki idatzi ahal izan dezan. Argazki bat nahi du. Eta nonbaitetik, klik eta klik, azaldu da esku ezkerra, Boliviako politikan bezala, eskuinak emandako hitzak betetzera. Hitz hutseko orri biluzia irudiz janztera. Irudimena ezkerrarena izan da beti.
Gasaren Gerrak hankamotz utzi zuen Luis Alfredo. Berak erakutsi zigun guri hanka bakarraren gainean ez dagoela bidean ibiltzerik. Makuluak behar direla. Baina makuluak hartzen dituenak, bi hanka irabaziagatik, bi esku galtzen dituela. Esku bakarraren gainean ere ezin da ibili, ez zutik eta ez buruz behera, alferrik saiatzea da. Eta eskuin besamotz bat naiz ni. Baina espedizio osoan zehar ezkerreko eskuak lagundu nau, eta ez dut izan makuluen beharrik. Bi eskuen gainean ibili gara oinez.
jdflkj sflkj jkg fl gj
lili 2007-02-15 12:04:30© 2005 ARGIA.eus