Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Ehun kilometro oinatz

emakumea oinez

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Andeetako goi mendietan badira Tata Intik bakarrik ezagutzen dituen herrixkak. Bidea ere galdu egiten omen da haien bila abiatzean. Hango zuhaitzek ez dute sekula inkarik ikusi, hain gutxi kolonizatzaileen zaldi zuririk. Mundua ez da iristen han goooraino. Baina gutunak bai. Eta ez ditu haizeak eramaten.


Xeinaren aita laboraria zen, ahuntzei Andeak erakutsiz pasatzen zuen eguzki sasoia. Ama gaixotu zenean zortzi urte baino ez zituen Xeinak. “Heriotza zure bila dabil –diagnostikatu zion herrixkako aztiak- hobe duzu hirian ezkutatzea”. Eta azken bi urteak hurbileneko hiriko ospitalean pasa zituen, ohetik mugitu ere egin gabe. Aitak ahuntzak mendian bakarrik ezin utzirik alaba txikia bidaltzen zuen hirira amari bere amodio mezuak eramatera. Baina ez zituen poltsikoan eramaten, ez eta galtza barrenetan ere. Etxeko atarian errezitatzen zizkion aitak amodiozko hitzak alabatxoari, eta neska txikiak gogoan garraiatzen zituen, hiru eguneko bidean. Hitzekin jolastuz engainatzen zuen denbora. Oinez-oinez zihoala, aitaren hitzak ximur igurtzika ibiltzen zituen buruan, eta poesia bihurturik eramaten zituen amaren belarrira. Itzulerako bidean, berdina egiten zuen amaren gutunekin. Eta urruntasun minean, poesiazko maitasun batean bizi izan ziren, azken bi urteetan, aita eta ama. 


Xeinak hirurogei urte bete ditu aurten. “Andeetako postaria” bezala ezagutzen dute. Hiriko posta bulegora jaisten da hamabostean behin. Ospitalearen ondoan dago. Gutunazalen batek “Munduak ahaztutako herrixkak” idatzia badakar, hura poltsikoan hartu, eta oinez abiatzen da, mantso, lau eguneko bidean, han gooooraino. Triste dabil aspaldion “Andeetako postaria”, gutunazal itxiekin ez dauka jolas egiterik. Baina badoa, hala ere, inkak eta kolonizatzaileak iritsi ez ziren herrixketara mundua eramatera.


Erantzunak

Eskerrik asko egunero txunditzearren!Argazki izugarri eta testu paregabeek ezingo dute zuek han bizitakoa osorik islatu baina ni behintzat \"engantxatuta\" naukazue. Gaurkoa irakurri eta ikusita, astea indarrez eta ilusioz hasiko dut bihar.

lexu 2006-09-24 22:34:41

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan