Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Egurrezko zubia

Hotel Latino

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Egurrezko zubi baten gainean nator egun batetik bestera; kartzelatik hotelera. Zubia zalantzaka hasi zait bide erdian, eta beherantz begiratu dut. Begiak eroriko ote zaizkidan beldur, atzera egin dit buruak, amildegi baten gainean nabilela ohartu naiz. Bertigoaren kontra hitzak baino ez ditut, eta hitzen gainean hanka jarriz, pausoz pauso, iritsi naiz hotelera: Hotel Latinora.

Hura zen kanpamendu nagusia. 3500 metroko altueran zegoen, autobus geltokiaren ondoan, eta CO2ra ere azkar moldatu ginen. Gela berezia jarri ziguten, berogailurik gabea, gero gailurreko hotzak hobeto jasan ahal izateko. “Non da zuen gasa?”, galdetu zion turista mendizale batek harrerakoari, eta labur erantzun zion neska gazteak: “Zuen herrian omen zebilen atzo”. Igogailua ere oxigenorik gabe gelditu zitzaigun, propio, eta eskaileretan findu ahal izan genuen gure prestakuntza. Aukera izan banu sherpa batzuk eskatuko nituen gustura. Gure kapritxoak halakoxeak dira. Gaizki heziak gaude, eta ez dabilenean airoso gorputza kexatu egiten zaio buruari. Buruak lanak izaten ditu gorputza konbentzitzen, pausoak eta begia bezala, berak ere egin egin behar duela La Pazera. Baina gero, bizkarrean karga bat erantsiz, eta 7000 metroko mendiak igotzera aterako gara. Horra gure izate gordina. Gure kasua ere ez zen hain ezberdina. Gutxienez bagenuen leiho zabal bat gelan, eta handik begira jarrita kontsolatzen nintzen. Ez, leihopean, burua estalirik, haur zapata garbitzaileak ikusten nituelako. Ez, ez. Leihotik Illimani handiaren tontor elurtua ikusten nuen aurrez aurre, eta haren miran gozatzen ziren nire begiak. Hari begira mentalizatu ginen gailur saiakera bakoitzerako.



Hau da ene ontasun gutxia:

Ogizatea zer den ez dakienarena

Tanta bat ur zenbat den ez dakiena

Erdi eta erdi hausten da munduaren borobila.

Loak bereizten gaitu: guk hotelean egiten dugu lo, eta zuek kartzela batean. Bi izar

LATINO ikusten dira ziegako leihotik.



Egurrezko zubian ibili naizen bitartean pentsatu dut mundua bitan zatitua dagoela. Batzuk hotelean bizi gara eta beste guztiak kartzela barruan. Amildegi bat ikusi dut bien erdian. Niri, zubi erdian nagonean, galdetzen badidate ea zein aldetara jo nahi dudan, erantzungo nuke, ez dudala izan nahi ez batekoa ez bestekoa. Buruak horixe diost. Baina ez dakit zergatik, hanka malapartatu hauek beti hotelerantz abiatzen dira.


Erantzunak

Batzuk hortaz konturatzeko, beste batzuk gartzelan bizitzen jarraitu behar, munduaren ezinezko oreka

Euzki 2007-01-17 12:51:41

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan