Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Ernesto

La Pazeko San Pedro kartzelako irudia

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ernesto izena zuen Che Guevarak. Askapen Nazionaleko Armadako gudaria zenean Bolivian harrapatu zuten. Gorpu itzuli zen bere jaioterrira. Diario bat utzi zuen herentzian. Diarioarekin ari naizenez ni ere, Ernestori buruz idatziko dut gaur. Ez da nikietako Ernesto hori, ez du bere begiradak halako indarrik, baina hau ere askatasunaren alde ari da borrokan. Ez duelako Chek bezala itzuli nahi bere herrira, Bartzelonara.

Preso dago La Pazen. Eta preso denek bezala ihes egitea amesten du. Baina San Pedro kartzelan, badago ateak ongi itxita ote dauden begiratzen duen teniente koronel bat. Eta hark ere Ernesto izena du. Izenkide txarra tokatu zitzaion beraz Ernesto gaixoari ihes egiteko. Gaixoa, hala da Ernesto, eta preso batentzat iraingarria izan litekeen gaitza du: HIESa.

Hurbildu, eta eskua eman genionean, beste preso guztiek ihes egin zuten gure ingurutik. “Lagundu, lagundu mesedez” erregutu zigun Ernestok. Lagun bat nahi zuela esan nahi zuen, beste presoek ez baitiote begiratu ere egiten, birusa begietatik sartuko ote zaien beldur. Isolamendu ziega ikusezin baten barrura kondenatu dute. Ez du beste ziegarik, preso kideek ez baitiote uzten ziegarik edukitzen. “Zerri egina nago”, dio. Ez diote uzten dutxatzen ere. Intimitaterik gabe bizi da, bere buruarekin egoteko lekurik gabe. Gogorra da gero, “bakarrik sentitzen naiz, eta ezin dut bakarrik egon. Bi aldetatik igotzen naiz Kalbariora”.

Enbaxadak ere ez du ikusi nahi, eta justiziak ez du ikusten. Estraditatu egin behar lukete, eta gero baldintzapeko askatasuna eman. Baina ez diote medikaziorik ere eramaten. Eta han dago, kartzelako patioan, bere buruarekin hizketan, birusa, isil-isilik, bera jaten ari den bitartean. Hezurretan ikusi genuen guk; “nire organismoak ehun defentsatik behera ditu dagoeneko, eta nire kalkuluen arabera bi hilabete barru batere gabe geldituko naiz.” Hilabete eta erdi pasatu da hori esan zigunetik. Nola egongo ote da, pentsatzen dut batzutan. Eta HIESa zeukan bati entzun nionez hiesduna bere gorputzean preso sentitzen dela, hala irudikatzen dut Ernesto, hezurrezko kartzela baten barnean itxia, bi eskuz bere hezurdurari tinko eusten diola, kanpora begira, defentsarik gabe, baina atezain batekin.

Ernesto Sollaren argazki galeria ikusi


Erantzunak

Benetan bortitza eta gogorra Ernestoren egoera, zuen argazkiak eta hitzak ederki adierazten duten modura. Ea zuen lan hau lagungarria bihurtzen zaion.

karmele 2006-09-21 08:43:54

Hitz politekaz idaztea arte bat da, baina, askotan, hitz politek bizitzaren gordintasuna lausotu egiten dabe. Ez da gaurko artikuluaren kasua.... ze gogorra! Ze gogorra hasiera, ze gogorra irakurtzen dozun bitartean Ernestorengan pentsatzea eta, ze gogorra artikulua irakurtzen hasten zaranetik amaitzen dozunerarte hilabete t\'erdi dagoeneko igaroa dalaz ohartzea. Hitz politekaz idaztea arte bat da, eta hitz politekaz krudeltasun ttipirik ere ez galtzea magia. Animo Ernesto.

Ander 2006-09-21 16:21:05

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan