Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Azalaren kolorea

Emakume indigena eskean

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Animaliek kamuflatzeko erabiltzen dute, eta pertsonak salatu egiten ditu. Azalaren koloreak. Olagarroa arroka bilakarazten du, eta marokoarra itsaso. Azalaren koloreak.

Eta zuk itsasoa zeharkatu baldin baduzu, bueltan zatozenean, ez duzu esan beharrik non izan zaren. Azala kolorez aldatu zaizu, eta berak bakarrik hitz egiten du: “Jesus neska, kubatarrentzat ere utziko zenuen ba eguzki pixka bat!”, edo, “hori da hori Patagonia kolorea!. Elurra soinean dakarkizu!”. Jantzi erantzian dabil azala zure gorputzean, eta joandako lekura egin egingo zaizu. Kameleoia zara zu.


La Pazen ez dut kameleoirik ikusi, eta handik itzuli naizenean, ez du inork nire soinean La Paz ikusi. Baina azaleko kontua da hori. Mamia beste nonbait dago. Bolivian ikasi dut, herri batera egin nahi duenak, azala dela azkena aldatu behar duena.


Pausoa egiten da La Pazera aurrena. Hankak lurreraino iristen baitira han ere, baina oxigenoa ez da iristen bururaino. Arnasa ematen oso zuhurra da Boliviako atmosfera. Bestela hori ere lapurtua zuketen honezkero kolonizatzaileek. Eta hauspoari buelta ezin emanik, pausoa geldotu duzu. Gelditu egin zara. Ikusi egin baituzu, miseria, espaloian eserita. Balantzaka ari da. Alkoholak bidera botatzen du, baina bideak ere ez du beretzat hartu nahi. Eskale zahar bat da. Lehen aldian begira gelditu zara, bigarren aldian erakutsi egin dizute, eta hirugarren aldian ez duzu ikusi. Egin zaizu begia La Pazera.


Baina begia oso eginik ere argazki hura ikustean pausoa gelditu zitzaidan. Emakume indigena bat zen, eskean ari. Limosna eskea azal koloreen arteko keinu jokoa da La Pazen: beltzak aurpegia, zuriak bizkarra, beltzak eskua, zuriak hanka. Irudi hartan biek berdina zuten azalaren kolorea, luzatutako eskuak, eta atzendutako begitarteak. Daukanak ematen ez duenean, ez daukana tentatu behar. Ederra da argazkia, gogorra, mina, baina badu gauza bat txarra. Gelditu egin zela momentu hartan, ez zuen handik aurrera gertatu zena ikusi. Nik bai.


Eskalea lurrean eseri zen, bi eskuak zerura batu, eta arren eta arren, emateko zerbait. Baina indigenak ez zion txanponik luzatu. Hasieran. Bukaeran ere ez. Zorte txarra, erori egin zitzaion, poltsikotik behera amildu, bi bolivianoko bat. Eta txanpona dantzan ibili zen galtzada-harri artean. Eskaleak azkar erantsi zion eskua, bestea ez zen makurtu ere egin altxatzera, galdutzat jo zuen. Gure etxeko sagarrondoaz oroitu nintzen. Zuhaitz inozoak, gure lurra non bukatzen den pentsatu ez, eta auzokoaren terrenora luzatzen ditu besoak gure sagar eta guzi. Aitak garbi esplikatu zidan sagar haiek norenak diren: airean dauden artean, gureak. Baina behin lurrera erori ezkero auzokoarenak bihurtzen omen dira.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan