Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Mutil koskor bat

Boliviako neska txikiak autobusean

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bolivia izango da munduko herri bakarra mutil koskor bat duena presidente. Hala da Evo, mutiko bat oraindik, un muchacho, indigenentzat. Eta alferrik du gainera gizon plantan ibiltzea, alferrik herria ongi gobernatzea, alferrik bizarrari bere bidea egiten uztea, Andeetako komunitate indigenetan mutil zaharra ez da sekula gizon izatera iristen. Ezta ehun urte baldin baditu ere. Ezta Errepublikako presidentea bada ere.

Komunitateetako izpirituak dio neska mutilak ezkontzerakoan bihurtzen direla pertsona. Eta ezkontzea aski ez, haurrak ekarri behar dira gero. Zenbat eta haur gehiago ekarri, orduan eta pertsonago, eta orduan eta errespetatuago auzoan. Autobus gidari batek esplikatu zidan hori, eta azaldu nion gure hizkuntzan haur bat ekartzeari erditzea esaten zaiola. Eta kuriosoa dela, erditzeak handitzen baitu pertsona. “Bizitza ez da matematika, hermano” atera zitzaidan ba al dakit nondik. “Nola izango da ba? –hark- Pentsa, bi pertsona behar dira bakar bat egiteko, eta hala ere gero eta gehiago omen gara munduan. Nork ulertzen du hori hermanito?”.


Hainbeste hermano ezta Arantzazun ere garairik onenetan. Senidez josia sentitu nintzen hogei egunean. Eta autobusean ezagutu nuen El Altoko neska txiki hura ere etxekoa balitz bezala hurbildu zitzaidan galdezka: “zuek zenbat anai arreba zarete?”. Hark hartu zuen desilusioa hiru ginela esan nionean. “Hiru nomas? Zein tristea ez? Gure komunitatean esaten da, anai-arrebak kontatzeko bi esku behar direnean, orduan hasten dela bat familia izaten”. Alegia, gurean, familia izatekotan, denok bikiak beharko genukeen. “Eta zuek, zenbat zarete?” alde egin zidan kuriositateak. “Gu hamaika. Ni hamargarrena naiz”. Hamaikagarrena lo zegoen, ondoan, hankak bistan, amaren altzoan. Baina lo ez zegoena, gizon txiki belarri xabal bat, gure elkarrizketari adi, aurreko aulkian. Konexioa ez zezan alferrik ordaindu, tentatu egin nuen: “Eta, zer hermano? Zuk ba al duzu familiarik etxean?” “Bai –erantzun zidan harro- justu-justu, baina badut, lehengo astean jaio zitzaigun bosgarrena.” “Baina ez al dira sei behar familia osatzeko?” harritu nintzaion. “Ez hermano, ez diozu ongi ulertu. Esan dizu seme alabak kontatzeko bi eskuren beharra duzunean, orduan hasten dela familia izaten”. Eta lehen bezalaxe gelditu nintzen ni. Baina ulertu nuen dena, gizon txiki hura, hurrengo geltokian, autobusetik jaitsi zenean. “Adios hermano” luzatu nion bostekoa. Laukoa eman zidan berak.


Erantzunak

Aupa bikote! Gitxitan bisitatzen dot Sareko Argia; askozaz interesgarriagoa gertatzen jata, azterketa garaian, liburutegira noanean, Josi Basterretxearen KIO edo Iñaki Zabaletaren Teknologia (Ametsek behintzat jakingo dau zertaz ari nazan jeje) baino, Argiaren ale guztiei gainbegirada sakon eta temati bat egitea. Hala ere sorpresa jatorra izan da honelako bidai erreportai bat ezagutzea \"sarekoan\". Ederra benetan; interesgarria, irakurterreza baina gogoeta eragiten dauana. Pena da bidai orok amaiera bat euki behar izana... Zorionak eta eskerrik asko egiten zauzien lanagatik. PD: Hauxe da kazetaritza idatzia nire ustez. Telebista-irratiak daukien batbatekotasunari aurre egiteko, prentsa idatziak sakontasuna behar dau landu. Ez daitela konexioa eten! :D

Ander Egiluz Beramendi 2006-09-19 12:21:41

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan