Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Evoren sudurra

Evo Morales Xabi Alonsoren kamisetarekin

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bushek irakurtzen badu pentsatuko du kokainaz hitz egin behar dudala. Baina ez da oso usaimen finekoa Bush. Evo ez baita kokaina zalea, nahiz eta sudurreko trenkadatik operatua dagoen. Hori ederki asko dakigu guk, tamalez. Esplikatuko dut zergatik.

Euskal Herritik Boliviara abiatu ginenean, esku batean hegazkin txartela genuen, eta beste eskuan Evoren baietza. Baina hara iristean jabetu ginen Bolivian hitzak zein gutxi balio duen. Han baietz dioenak, agian dio. Eta agian bai da agian ez. Pazientzia handia behar da. Jauregi Presidentzialeko eskailerak oso luze egin zitzaizkigun. 3.500 metroan geunden… Zorabiatuta erortzekotan egon ginen behin baino gehiagotan, eta gora iritsi baginen, suerteagatik baino gehiago izan zen egoskorragatik. Ez dut esango zein giltzarekin zabaldu genuen azken atea, batik bat, ez baitzen giltza bakarra izan, baina esan nezakeena da presidente gaixoari armiarma sare oso bat josi geniola inguruan. Eta kostata baina erori zen.


Jertsearekin lotzen du munduak Evo, baina jertsea baino bereizgarriagoak ditu elastikoa eta buzoa. Elastikoa, futbolekoa du, eta buzoa, lanekoa. Presidente bakarretakoa izango da, bakarra ez bada, bere taldearekin futbolean jokatzen segitzen duena. Eta ez dira askoz presidente gehiago izango lanera goizeko lauetan edo bostetan jaikitzen direnak. Guk, esan genezake, baietz, bi mitoak egiak direla. Ez, ikusi genuelako, elastikoarekin, edo buzoarekin. Ez genuelako ikusi baizik. Paradoxikoa da, baina batzutan, ez ikusiak balio izaten du badenaren froga bezala.


Evorekin elkarrizketa denbora bukatu zitzaigunean, galdera asko falta zitzaizkigun oraindik. Baina lotsa ere falta zaigunez, “Evo, oraindik galdera asko ditut, geldituko gara berriz beste egun batean?” bota nuen tiroa uso esperantzarik gabe. “Bai, jakina, bukatuko dugu. Ea noiz dudan posible…Badakizu, agenda honekin beti erotuta…Ea ba…Etorri astelehenean goizeko bostetan.” GOIZEKO BOSTETAN!?! Uste dut ehiztaria baino gehiago usoa sentitu nintzela orduan.


Hiruak eta erditan jarri genuen iratzargailua fin-fin. Lauak eta erdietan Jauregi Presidentzialean ginen segurtasun guardia osoaren aurretik pasatuta. Baina heldu ziren bostak, bostak eta erdiak, seiak, seiak eta erdiak, eta ez zen heldu Evo. Zazpietako irrati albistegian entzun genuen: “Evo Morales presidente jaunari ebakuntza egin diote. Atzo arratsaldean, “Guerrileros de Independencia” taldearen aurka futbolean ari zela, kolpe latza hartu eta sudurreko trenkada hautsi zuen. Sendagileek bi eguneko atsedena agindu diote.” Anestesia totaletik ere ez zen inor esnatuko guri gelditu zitzaigun tonto aurpegiarekin.

Evo Moralesen argazki bilduma ikusi

Evo Moralesi egindako elkarrizketaren bideoa ikusi


Erantzunak

Bikaina!

mikel 2006-09-15 11:33:53

Zorionak guztiei lan eder hau egiteagatik. Produktu multimedia baten adibiderik ederrena erakusten ari zarete. Ni gutxienez engantxatuta nago eta aitortzen dut urteetan ez nauela euskal prentsan idatzitako ezerrik hainbeste gustatu. Hurrengoa zein? Katalunya?Iran?Venezuela?...

Joxerra Aizpurua 2006-09-15 13:02:42

eskerrak bai batari eta bai besteari. Hurrengorik izango ote den pentsatu baino lehen, uste dut hau ongi bukatzen aski lan izango dela. Baina estimatzen dizut zinez zuzendariari holako ideiak emateagatik.

amets 2006-09-15 22:39:17

Evoren gobernuaren hizkuntza politikaz jakin nahi nuke zerbait. Paperean argitaratutako elkarrizketan ez zenion galdetu. Zantzurik bai nola dabilen ketxueraren eta aymara hizkuntzaren kontua?

Luistxo 2006-09-18 11:50:34

Ketxua eta Aimara hizkuntza ofizialak dira lehendik, baina La Pazen eta Sucren behintzat, pertsona gehienak, eta pertsona ez diren denak, gazteleraz sumatu nituen. Jakin ezean hizkuntza ofizialak direla, gu ez ginakeen ohartuko. Evoren erantzunik ez dugu horren inguruan, baina Gregorio Iriarte eta Manuel Egigurenena bai. Bien artean osatu zuten erantzuna. Zantzu bezala balio lezake, beraz hona hemen: Hidrokarburoak bezala, ezin ote lirateke hizkuntza indigenak ere nazionalizatu? Evo jada horretan ari da. Eskoletan aimara eta ketxua erakustea derrigortzen ari da. Evoren hizkuntza politikak trilinguismoa bilatzen du. Ikasleak jakin behar du gaztelera, bere indigena hizkuntza (ketxua bada ketxua, aimara bada aimara, eta guarania bada guarania), eta kanpoko beste hizkuntza bat.

amets 2006-09-18 13:59:09

Ez nau harritzen hango miseria Evo Jaun Goikotzat hartzen hasia bada (argazkia ikusi dut). Bi froga: 1 zeruetako erreinuan bizi da (3500 metrotan nonbait) eta 2 uraren miraria gauzatu du (herriko ur beltza ur edangarri bihurtuz herriarentzat)? Erreportaje ederra!

Markel 2006-10-09 22:28:11

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan