Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

Han goitik ez da itsasorik ikusten

La Pazeko aitona

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Suitzatik ere ez da ikusten, baina ez da berdina. Boliviak galdu egin zuen itsasorako irteera Pazifikoko Gerran, Txilek kendu zion, lehendik gutxi zeukala-eta. Eta galdutakoa beti sentitzen da are norberago. Hankamotza ere falta duen zangoarekin oroitzen da beti. Eta Bolivia hankamotz gelditu zen gerran.


Denek landatuko zuten zuhaitzen bat, eta haurren bat ere ia denek ekarriko zuten mundura. Baina Bolivian liburua idaztera iritsi denak ere ez du itsasorik ikusi. Badirudi, lapurtu ez ezik, bistatik kendu ere egin zietela. Pentsa, hiriburu administratiboa ere, La Paz, itsas mailatik 3500 metrora dago. Urruti badaezpada, murgilaldia egiteko tentaziorik izan ez dezan.

“Nolakoa da itsasoa?” galdetu zidan La Pazeko aitona batek. Eta itsaso erdian noraezean galduta dagoen marinela sentitu nintzen, hitzen zabaltasunean preso. Gainera, ezagutzen nuen ikasleei itsasoa deskribatzeko agindu zien Baigorriko andereñoaren paradoxa. Idazlanik politena Bankako mutiko batek osatu zion, sekula itsasorik ikusi ez zuen bakarrak. Beraz, ez nintzen olatu handirik hartzera ausartu, eta mareen gorabehera esplikatu nion. Ilargiak ibiltzen duela itsasoa, orain gora, orain behera. “Joño –egin zuen begi keinua- orduan laster etorriko da berriz hona gora”.

Baina ez dira boliviarrak hain analfabetoak itsaso kontutan. Marina ere badute, eta Titikaka lakuan egiten ditu bere entrenamenduak. Baina marina gutxitxo, eta Bolivia izango da herri bakarra, itsasorik izan ez, eta itsasoko ministroa edukitzera iritsi zena. Hego Amerikako herrien arteko topaketa batean, Argentinako ordezkariak adarra jo nahi izan zion Boliviakoari: “aizu, nola uler liteke, zuek, itsasorik eduki ez, eta itsasoko ministroa edukitzea?”. Baina boliviarra, abila: “aizu, zailagoa da ulertzen zuek nola daukazuen justizia ministroa!”


Erantzunak

zein harrigarria izan behar du hango lurralde haietako airea harnastea. itsasorik ez eta garaiera ikaragarriak. donostiarra naiz, itsasoa ikusten dut egunero, egunero, benetan. lehengo batean Madrilen egon nintzen aste bat. azkeneko egunean itotze moduko sentsazio bat neukan eztarrian eta tripan, itsaso mina neukan. Zelakoa da Boliviako sentsazioa? hombre, laku zabala izanik, itotzeko beldurrik ez, ezta? (badakit konpara ezin daitekeela Bolivia bezalako herrira bidaia etMadrilera aste bateko irteera...

bidane 2006-09-14 12:38:09

aupa bidane, ez dut gogoan nik itsaso minik sentitu nuenik, etxe min pixka bat bai, inguru mina ere bai, itsaso minik ez dut gogoan. Baina lehen aldiz zahar batek esan zidanean itsasorik ez zuela sekula ikusi, nahiz eta logika osoa zuen pixkat pentsatuz gero, harrituta gelditu nintzen, oso arraroa egin zitzaidan. Baina azkar ohartu nintzen arraroak gu ginela han, ia inork ez baitu itsasorik ikusi. Eta normala. Urrun daukate (han distantzia gutxi behar du urrun izaten hasteko) eta urrutietara joateko aukera oso gutxik du. Dena den, kuriositatea gelditu zitzaidan, eta Txominekin eztabaidatzen egon ginen bueltakoan. Boliviarrez ari gara, baina nik esango nuke Euskal Herrian ere izango dela bat baino gehiago itsasorik aurrez aurre sekula ikusi ez duena. Ni baiezkotan nago. Hain baiezkotan ere, nire kuriositatea da Kostako probintzietan (Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaian) izango ote den norbait inoiz itsasorik ikusi ez duena. Baietz egingo nuke apustu. Eta frogatzen badute ere ezetz, lasai nago, itsuek arrazoi emango didate eta.

amets 2006-09-14 18:02:57

Gogoan dut udalekuetako gure maisu nafarra, ilea gorri-gorri eguzkiak erreta zuena, behin Donostiara joan eta hondartzan lo hartu zuelako. Ederra benetan espediziotik ekarri duzuena. Eskerrik asko.

antxon 2006-09-15 16:59:56

nerea 2006-11-05 21:10:29

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan