Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

El Rayo

El Rayo taxista

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ez da Boliviaraino iritsi hamabi puntuko karneta. Baina taxi bakoitzean igotzen ginenean hamabi puntuk hari zenbat iraungo ote zioten kalkulatzera jolasten ginen. Ez dut uste inork kilometroa osatu zuenik. Eta izan ziren lehenengo stopera ere iritsi ez zirenak. Baina marka guztiak hautsi zituena, gaztetxo bat, nik atea itxi baino lehen aireratu zena: “Kaixo compañeros, niri El Rayo deitzen didate”.


Hamar senideetan gazteena omen zen, eta aita kamioilaria Andeetan. Hirugarren semea hasi omen zen gosea ezagutzen, eta hamargarrenak, lagun mina zuen. “Taxista izatea zen nire txikitako ametsa, eta zortzi urterekin hartu nuen lehen kotxea. Hamar urterako banekien txokatzen”. Orduan jarri zioten El Rayo ezizena, eta geroztik amak beti esaten dio kontuz ibiltzeko, tximistarekin batera ibiltzen dela trumoia.


Hamabost urterekin hasi zen taxista lanetan, eta hogei urte betetzerako La Pazeko espaloi ertz guztietako hautsak harrotuak zituen. Hirugarren semaforoa pasa genuenean konbentzitzen hasia nintzen daltonikoa zela, baina, “ikusten duzue kiosko gorri hori? Bai, txiki gorri hori? Hamasei urterekin jo eta barruraino sartu nintzen, kar-kar-kar… Hartu zuen galanta!” Ez zen daltonikoa ez. Baina gorrian pasatzen denak berdean gelditu behar izaten du. Uniforme berdetan. “Gelditu, ez naute sekula gelditu, baina geldirik harrapatu bai.” “Eta orduan?” “Orduan 5. artikulua. Eman bost boliviano eskura eta ospa azkar”. Eskupekoetatik bizi dira poliziak, soldata ez zaie otsail bukaeraraino ere iristen. Eta behar handia dutenean, 5. artikulua, 10. artikulua bihurtzen da. “Karneta ez al dizute inoiz kendu?”, konfiantza hartzen hasia nintzen. “Karneta kendu?! Nola kenduko didate, ez daukat-eta!”


Helmuga marran bandera zuri beltza gora eta behera astindu zutenean, El Rayok, atzerantz jiratu zuen burua: “Iritsi gara lagunak, sartu eskuak patrikan”. “ Zein artikulu tokatzen da?” “Bosgarren artikulua”. “Oso ondo, hartu hamarreko billetea. Bost boliviano gorde zuretzat, eta eman beste bostak hor ertzean zain daukazun poliziari”.


Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan