Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

12:36, apirilak 30

Apokalipsia orain?

Joxerra Garzia

Joxerra Garzia

Sozialistek –popularren akuilupean– Euskal Oro suntsituko dutelako izu-ustea zabaltzen ari diren hainbat euskal fariseori gustura esango nieke honako hau, Eneko Olasagastik aurrea hartu izan ez balit (Argia-2179, 19. or.): “Badira txiringito majoa antolatu dutenak azken hiru hamarkadetan, eta horiek beharbada izango dute zergatik kezkatu. Biziraupenerako lekutxo bat eraikitzen saiatu garenok ez dut uste”.

Kezkatu ez ezik, kexatu ere galanki egin dira batzuk: Legebiltzarreko lehendakari euskaraz ez dakien bat izendatu dutelako, esate baterako. Nik neuk –esan beharrik ba ote dut?– euskararen kontrako ez ezik aniztasunaren eta demokraziaren beraren kontrako atentatutzat jotzen dut kargu publiko baterako elebakar bat izendatzea.

Jakin nahi nuke, ordea, non –eta, batez ere, zertan– ziren Arantza Quirogarenarekin apokalipsia iragartzen diguten horiek Euskal Irrati-Telebistako buru Gorordo, Ortuondo edota Ortuzar bera izendatu zituztenean.

Galdera, bistan da, erretorikoa da, ondotxo baitakit non zeuden: txiringitoan, majo asko. Primeran etorriko zaie osteratxo bat Biziraupenerako Lurraldean barrena; besterik ez bada, hankak luzatu eta garunak zabaltzeko, behar baino luzaroagoan egon baitira –beren baitan– bilduta, txiringa jotzen.

erantzun
13:23, apirilak 26

Europar Batasuna kohesio politikoaren atakan

Urko Apaolaza

Europa

Pentsaezina zen egoera hau duela lau urte. Orduan, abstentzioaren mamutxoak entretenitzen zituen eurokratak, ez hondamendi izugarri honek. Baina Itun Konstituzionala pikutara joan zen (bidali zuten herritarrek) eta haren ordezkoak, Lisboako Itunak, ez dirudi bidezidor zuzena hartu duenik. Ekonomia krisia estatuen aurpegirik zuriena erakusten ari da, eta hori guztia gutxi balitz, ipotx euroeszeptikoak burlaka ari zaizkie erraldoi negartiei. Zer pasatzen zaio Europar Batasunari?

erantzun guztia irakurri
17:12, apirilak 12

Aspaldiko

Joxemari Ostolaza

Joxemari Ostolaza

Aukeraren zain zeuden, eta iritsi zaie tenorea. Euskal zelaia zuten begiz joa eta ezker abertzalea aitzaki. Eginekin egin zuten aproba. Kazeta itxi, irratiak berdin, eta ustezko arduradunak preso eraman zituzten. Ez zuten prezio berezirik ordaindu behar izan eta harrotu egin zitzaizkigun. Ondoren Euskaldunon Egunkaria. Eginekoekin bezalaxe, itxi eta gogoak agindu eran atxilotu zituzten zirenak, izandakoak eta hura sortzen ahaleginetan ibilitako zenbait. Torturatu zituzten herri honetako atxilotu gehienen eran. Manifestazio erraldoi batek ez zituen kikildu eta bere hartan jarraitu zuten gibelka egin gabe. PPren garaiak. Aznarren dema. PSOE etorri zen. Bazirudien Zapaterok aire berriak ekarriko zizkigula. Bazirudien Aznarekin alderatuta lasaigarria izango zitzaigula. Oker genbiltzan. Ez zuen lotsa izpirik izan Nafarroan eskuindarrenekin gobernatzeko eta euskal usaina zuen ororen aurka estrategia suntsitzailea martxan ezartzeko. Laborategia. Emaitzak ikusirik, EAEra esportatzea erabaki du. Lehen zantzuak agerian dira. Gaztelera defenditu behar omen du nonahi, EAEn zapalduta dagoen gaztelera. Irakaskuntzatik hasi behar omen du. Erne jaun-andereak, doan ateratzen bazaio, erretzaileen antzera ibiliko gaitu euskaldunak, aurki euskaraz pribatuan soilik egiteko aukeran emango baikaitu.

erantzun
16:06, martxoak 29

Ongi etorri klubera

Aingeru Epaltza, idazlea

Aingeru Epaltza

Alberto Elosegi

Boto bakoitzaren garrantzia apalesten dutenek izan zuten zer ikasia: Araban, papertxo bakarrak eman zion PSEri azken diputatua, EAri bere bigarrena kenduta. Dena den, hori huskeria da hauteskundeetara etxeko lanak eginda eta norbere ahalmenen mugak jakinda aurkeztu beharraz azken bozketek utzi diguten oroigarriaren aldean. EAren apustu bakartiak bera hondora eraman ez ezik Erkidegoaren etorkizun hurbila ere bihurrarazi du. Egizue alderdi horrek eta EAJk ateratako botoen baturaren proiekzioa.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
17:06, martxoak 22

Ziurgabetasuna euskararen mundu zabalean

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Patxi Lopez lehendakaritzara heltzekotan zegoela ikusi ondoren jende askok galdetu dit “eta zer gertatuko da zuekin, ARGIArekin edo euskal prentsarekin oro har?”. Dirulaguntzez ari dira guztiak, tonu kezkatiz gainera. Nik ez dakidala, pentsatzen dudala orain arte bezala arituko garela. Eta hala uste dut benetan, baina zalantza tartea ere hor da zabal zabalik. Euskal kulturaren eremuan PSE-EE ez dela gogor arituko diote hormek, eta profilaz aritzean, transbertsalitatearen diskurtsoan dabilen pertsona independenteari buruz entzuten da sailburutarako.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
17:03, martxoak 22

Haratago

Mikel Irizar

Mikel Irizar

Dani Blanco

Egoera oso irekia dago martxoko 9. honetan. Zenbaitek egintzat jotzen duen arren PSE-PP ituna, nik ez nuke hazienda jokatuko. Izan daiteke Patxi lehendakari, nola ez, baina zaila du Ajuria Eneara daraman bidea, eta oraindik hilabete falta da gutxienez. Gauza asko gerta daiteke tartean.

Patxi bai. Matematikak lehendakaritza eman dio, eta puxtarri horrek doble balio du. Zapatero ahul dago Galizia galdu ondoren eta garaipen bat behar du. Patxirengan agindu erraiek agintzen dute neuronen gainetik, eta herra dio Ibarretxeri: gorputzak eskatzen dio haren tokia hartzea. Ibarretxek bereganatu ditu abertzale mordo baten botoak baina ez da gai gehiengorik biltzeko; aldiz Patxik nahikoa du aurkeztea gehiengoa lortzeko. Edo?

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
16:59, martxoak 22

Alderdiak iritzi publikoa irabazteko lehian ari dira

Mikel Asurmendi

Mariano Ferrer eta Alberto Surio

Dani Blanco

Mariano Ferrer eta Alberto Surio kazetari donostiarrak elkarrizketatu ditugu martxoaren 10ean. EAEko jokaleku politikoan hiru dira subjektu nagusiak: EAJ, PSE eta PP. EAJk beste alderdiekin elkarrizketa txanda amaitu ostean solastatu gara, PSEren txandak emango duenaren aiduru.

Aste bat luze iragan da hauteskundeak izan zirenetik. Nola ikusten duzu EAEko jokaleku politikoa?

Mariano Ferrer: Lehen asteko mugimenduen interpretazioa hiru koadrotan bilduko nuke: lehenean Gobernu aldaketa posible da eta etortzekotan PSEren aldetik etorriko da. Alabaina, EAJrekin buruz buru beharko du lehiatu, emaitzek ez diotelako eman espero zuena. Bigarren koadroa: PSE ez dago eroso, gobernatzeko egokitu dakiokeen sozioa PP delako. PSE saiatuko da gobernatzen bakarka, baina PPk ez dio doaneko aukerarik emango. Hirugarrenean PP ageri da, Galiziako garaipena tarteko, adoretsu dago. PPk EAEko bere posizioa baliatu lezake PSOE nahasteko diskurtso espainolistan. Hau da, PSEri egin liezaiokeen planteamendua PSOErentzat onartezina izatea, PSOEren atxikimendua Espainiako konstituzionaltasunarekiko EAEn ez dela benetakoa agerian uzteko.

Alberto Surio
: Jokaleku politikoa aurreikusia zen hauteskundeen aurretik, baina alderdien arteko maniobra margen zabalagoarekin. PSEk alderdi konstituzionalisten gehiengo osoa espero zuen. Aspaldi iragarri zenez, PSOEri ez zitzaion egoera laket, ez zen eroso horregatik. PSOEko ministro batek Damero maldito izendatu zuen egoera. Alegia, bigarren indar batek PPrekin gehiengo osoa lortzeak eragozpenak ekarriko zituen Espainiako politikan, faktore aldakorrak sartuz. Gainera, PSGren eta BNGren porrotek Galizian egoera politikoa aldarazi dute eta horrek PSE behartu du garaipen bat aldarrikatzera, hots, Lehendakaritza eskuratzea eta Gobernuan izatea.

Irakurri elkarrizketa osoa ARGIA astekarian

erantzun
16:46, martxoak 22

Aupa gu eta gutarrak!

Xipri Arbelbide

Xipri Arbelbide

Dani Blanco

Aupa gu eta gutarrak! Bai, irabazi dugu! Ez urrezko domina baina diamantezkoa! Zinez munduko hoberenak gara. Beste nehon, nehoiz, nehork lortu ez duena lortu dugu. Gehiengoa daukagularik, abertzale ez direnei eman diegu boterea, izan daitekeen artista hoberenak ederki zizelkatu urrezko platera batetan.

Hirukoa egiten zuten alderdiek, Aralarrekin, 531.000 boto bildu dute. Espainolak urruti dabiltza 481.000ekin. 626.000 ukanen genituen D3M jokoan sartu izan balitz, baina nahiago izan du jokotik kanpo gelditu, ezinez eta erran, joko demokratikoa baizik ez zuela onartzen. Hegoaldea Espainiaren meneko ez balitz bezala eta Iparraldea Frantziaren. Haiek finkatu bideetarik pasatu behar dugu on bazaigu ala ez. Zergatik egin hola ez balitz bezala?

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
11:11, martxoak 13

PSE-PP uztarria, soberanismoaren aukera berri bat

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Antonio Basagoiti

Diego Crespo / PP

Aldaketa badator bai, hori da denak adierazten duena, nahiz eta gobernu osaketa kontuetan azken unera arte ez dagoen dena gauzatutzat jotzerik. Baina bai, PSE-EEren Ajuria Enearekiko grina oso agerikoa da eta normala gainera alderdi politiko batentzat, areago 30 urtetako egarri itogarria asetzeko aukera duenean.

Sistemaren ezaugarriak kontuan hartuta, zilegitasunaz gauza gutxi dago esateko, 38 eserleku bereganatzeko aukera duenak eskura du lehendakaritza eta listo. Defizit demokratikoa hori baino askoz larriagoa da, eta hainbeste azpimarratu den D3Mren legez kanporatzetik dator. Damoklesen ezpata hori etengabe izango du bere gain Legebiltzar berriak, beste erakunde askok duten moduan. Baina erakunde horiek jardunean ari dira –hori ere ez luke ahaztu behar legez kanporatutako ezker abertzaleak– baita bera nagusi den horiek ere.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
15:07, martxoak 10

Ibarretxe oposizio buru?

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Xabier Letona

Bukatu da EAJren txanda eta PSE-EEk ekingo dio orain bereari. Patxi Lopezek azkar egin nahi du bidea eta Ajuria Enera laster iritsi. Horretan saiatuko ei da PPrekin, eta ez dirudi popularren aurrean gauza askotan amore ematekotan direnik, ez behintzat Arabako Diputazioa eta gisakoekin. Egunerokoan, ordea, derrigor nabaritu beharko da haien sostengua, bestela jai du. PPren konfiantza hori da: “Orain bai, tori, baina itxaron, beharko nauzu eta”. Inozoa litzateke legealdiari begira eskuartean duen gozokia lurrera erortzen uztea. Eta, jakina, Lopezek izango du bere beharra. Trago txar bat baino gehiago pasatu beharko dute PSE-EEn ikusmolde baskistena dutenek.

erantzun guztia irakurri
16:29, martxoak 6

PSE-EEk 25. diputatua lortu du

Posta bidez igorritako botoek 25. eserlekua eman diote PSE-EEri, EAren kalterako. Araban lortu du Patxi Lopezen alderdiak aulkia EAri kentzea. Hala, lehendakari izateko, PPren babesarekin nahikoa izango luke Lopezek, bi alderdien artean 38 aulki eskuratu baitituzte. EA eserleku bakarrarekin geratu da.

erantzun
16:40, martxoak 5

Alderdien bilakaera aldrebesak politika korapilatsua baietsi du

Mikel Asurmendi

D3M

Luis Jauregialtzo / Argazki Press

Alderdi politikoen boto bilakaerari segimendu egin diogu. Emaitzen eta boto kopuruen bilakaera korapilatsuak izaten dira eskuarki. EAJk eta EAk sortu zuten koalizioaren korapiloa laxatu da oraingoan. Alabaina, boto bilakaeraren joerak nahasgarria izaten jarraitzen du. Bilakaera, funtsean, euskal politikagintza aldrebesaren ondorioa da, edo alderantziz, alderdien bilakaera nahasiak areago aldrebesten edo korapilatzen du politikagintza. Jaurlaritza berria osatzeko, hari mataza korapilatsua laxatzen lan handia dute orain alderdiek.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian.

erantzun
16:35, martxoak 5

Lopez lehena Ajuria Enerako azken txanpan

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Patxi Lopez

Jon Hernaez / Argazki Press

Legez kanporatutako ezker abertzaleari PSOEren gobernuak Eusko Legebiltzarrerako atea itxi izan ez balio, egunotan bizi den kiniela giroak bestelako aukerak izango lituzke bere laukitxoetan. Atera den argazkia urratua da, ez da egiazkoa eta, beraz, legealdi osoak nozitu beharko ditu horren ondorioak.

Ez da txantxetako indarra Legebiltzarretik kanpo geratu dena, azken negoziazio prozesuaren erpinetakoa zen. Edozelako konponbiderako orduan giltzarri zena, hala da gaur egun ere, argazki instituzionaletik kanpo utzita ere. Errealitatean abertzaleak nagusi atera dira berriz EAEn, azken 30 urteetan bezala.

Irakurri erreportaje osoa ARGIA astekarian

erantzun
11:36, martxoak 3

Irabazita galdu?

Juan Martin Elexpuru

Juan Martin Elexpuru

EAJk irabazi ditu hauteskundeak. Ibarretxek, hobeto esanda, beragatik izan ez balitz askok aspaldi bilduta izango baitzituen bere bulegotako trasteak. Azken hauteskunde lokaletan jipoia jaso zuen alderdiak, eta harrezkero ere kontsultaren txapuzak eta ustelkeria kasuek ez dute asko hobetu bere irudia. Baina “kanpotarrak agindu bihar joskuek ala etxian? Ez, mekauen dio!” erreakzioak eta lider sendo batek salbatu du beste behin ere.

erantzun guztia irakurri
16:48, martxoak 2

Xabier Gurrutxaga: "Baldintza hobeetan dago Lopez lehendakari ateratzeko, Ibarretxe baino"

Xabier Gurrutxaga

Xabier Gurrutxaga abokatua da

Zein da jasotako emaitzen zure irakurketa?

EAJ amestutako emaitzetara iritsi da. 30 aulki lortuta erabat asetu dituzte espektatibak. Nabari da baduela oinarri sozial sendo bat, une larrietan deituta beti erantzuten duena. Ordea, EAJren gorakada bat dator EA eta EBren beherakadarekin. PSEk iragarritako igoera izan du, baina esango nuke benetan espero zuten baino gutxiago lortu dutela, ultzera txikiren bat egingo zien EAJren emaitzak. Horrela ulertzen dut Lopezek “ez diot hautagaitzari uko egiten” esatea. Nabarmen irabazten duenak, “aurkeztuko naiz” esaten du. PPk uste baino emaitza hobeak izan ditu, esango nuke Basagoiti airoso atera dela.
Alderdi txikietara etorrita, Aralarren emaitzak dira azpimarragarriak. Ezenarrok esan zuen bezala, “ezker abertzale berri” gisa gora doa. Artikulatu gabe dagoen ezker abertzaleak ETA du gorpuzteko arazo, eta Aralarrera bildu dira D3Mko boto asko, baita EAkoak ere. Nafarroan NaBairekin gertatu zena, EAEn hauteskunde hauetan eman da. EAren emaitzak benetan dira larriak, hirutik batera jaistea ez baita 30etik bi galtzea. Hartutako erabakien ondorioak jasotzen ari da. Elektoralki ez dut ulertzen nola erabaki dezakeen bakarka joatea horrek desagertzeko zorian jarri duenean. Ezker abertzale ilegalizatuak 50.000 boto gutxiago jaso ditu 2005ean baino. Esango nuke emaitza hau ez dela puntuala, ezker abertzaleak konsziente izan behar du hau beherako joera bat dela, etengabeko jarioa. Otegik hainbestetan aipatutako gogoeta egin behar du. Baina nabarmendu behar dira hauteskunde kanpaina egiteko izan dituzten baldintza txarrak. Baldintza horietan 100.000 boto eskuratzea ez da txantxetakoa.

erantzun guztia irakurri
16:45, martxoak 2

Auzolanaren ordua da

Sabin Intxaurraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia

Sabin Intxaurraga

Ezker abertzale konbentzionalaren marka guztien legez kanporatzearen ondorioz, martxoaren 1eko hauteskundeei buruz esan behar den lehen gauza da ez direla izan hauteskunde demokratikoak eta beraz aukeratutako Legebiltzarrak ez duela ordezkatuko EAEko biztanleen zati garrantzitsu baten iritzia, ezta abertzale euskaldunen eta espainolen arteko benetako indar korrelazioa ere. Emaitzak ikusita argi dago Alderdien Legearen aplikazioak alderdi espainolistei gehiengo estua, baino gehiengo absolutua eman diela, lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrean eta beraz aukera handiak daudela Patxi Lopez lehendakari hautatua izan dadin.

erantzun guztia irakurri
11:40, martxoak 2

Lopez lehendakari, PSEren bakarkako gobernuan

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Bototan EAJ garaile, pentsatutakoa baino askoz samurrago gainera. Baina Ajuria Eneko lasterketa ez da amaitu eta hor ondoen kokatua Patxi Lopez geratu da. Errealitatea desitxuratu ondoren, hori bai; beste behin ere zehaztu eta azpimarratu behar den datua da, hain zuzen ere horrexek jartzen baitu Lopez lehendakari izateko aukera handienarekin. Legealdi osoan kontuan hartu beharreko datua izango da.

Eta bai, aukera historikoa gauzatzear egon liteke. Bloke konstituzionalistak lehenbizikoz har dezake EAEko lehendakaritza eta aukerazkoena hori baliatzea da, horrek legealdi osoan burukomin franko ekarriko badio ere. Hobe burukominak agintearen beroan betiko oposizio hotzean baino. Eta Lopez lehendakari bai, baina zer gobernu motarekin? Oraindik argitu beharko da Araban lehian dagoen eserlekua EAk hala PSE-EEk eramaten duen, hau da Lopezek PPren sostengua bakarrik nahikoa izango duen edo UPyDrena ere ezinbesteko duen. Izatekotan, alabaina, PSEk bakarrik gobernatzea izango da logikoena, etorkizunera begira oso formula arriskutsua da Basagoitiren besotik gobernatzea, eta suizida harekin koalizio gobernua osatzea. Lopezek atzo gauean frontismoaren amaiera iragarri izanak, gainera, bere asmoak ildo horretatik bidera ditzakeela iradokitzen du.

erantzun guztia irakurri
11:34, martxoak 2

Mirentxu Purroy: "Txinatarrak dira, Tibet onartzea ukatzen dutenak"

Mirentxu Purroy

Mirentxu Purroy kazetaria da.

Nola bizi izan duzu hauteskunde gaua?
Harriduraz bizi izan dut, eskandalagarria da. Zazpi eserlekuren ilegalizaziorekin bete egin da beraiek nahi zuten lasterbide juridikoa, hori izan dute modu bakarra boterea hartu ahal izateko. Zingira politiko bat da. PSOEk eta PPk, Espainiako Estatuan hiltzeraino elkar gorrotatzen dute, baina hemen Patxi Lopezen arrakasta eta gloria aldarrikatzen dute, PPrekin gobernatzeko moduan egongo bailitzateke. Txinatarrak dira, Tibet onartzea ukatzen dutenak. Txinatarrek tibetarren gehiengoa onartzea ukatzen duten bezala, Estatu Espainiarrean ukatzen dute Euskadin abertzaleen gehiengoa dagoenik, ilegalizaturiko zazpi eserlekurekin gehiengo osoa eta askoz gehiago izango lukeen arren. EAJren garaipena handia izan da, baina nik uste dut estalketa bat dagoela.

erantzun guztia irakurri
10:45, martxoak 2

Paula Kasares: "PSE-PP-UPyD formula posible da, Nafarroan ikusi dugu"

Paula Kasares

Paula Kasares, NaBai-ko parlamentaria.

Emaitzak ikusita, zein da zure balorazio orokorra?

Mugimendu batzuk ikusten dira: PSEk eta Aralarrek gora egin dute nabarmen eta, bertze aldean, EA eta EB jaitsi egin dira. Birkokatze horren ondorioz, ikusten da hiruko gobernuak ez duela orain balio. Zalantza handia zabaltzen da hor. Aipatu, igoera-jaitsiera mugimendu horietatik harago, baloratu behar dena da nola gorpuzten diren gehiengoak. Aunitzetan eserleku aldaketak ez du eraginik, baina oraingoan iduri du bai izanen duela ondorio garbia, hasteko, ez delako formulatzen ahal orain arteko gobernua.

erantzun guztia irakurri
10:26, martxoak 2

Mertxe Colina: "Lizarra Garazikook lekua uzten ari gara pixkanaka espainolistei"

Mertxe Colina

Mertxe Colina ABko batzorde eragileko kidea da.

Hauteskundeak antidemokratikoak izan dira. Legez kanpo geratu den ezker abertzaleagatik %10ak ezin izan du bozka eman behar bezala. Nahiz eta alderdi guztiek hauteskunde gauean azpimarratu zazpi aulki horiek luketen balioa, kanpainan ez da aski salatu. Hauteskunde gauean entzun zen normaltasun osoz egin zirela hauteskundeak. Biziki larria atzematen dut hori, surrealista ez esateko. Legebiltzarreko puzzlean zatiak falta dira, eta koadro horri zatiak falta bazaizkio ezin da zintzilikatu, bestela eror liteke.

erantzun guztia irakurri
09:45, martxoak 2

Ramon Etxezarreta: "Ustekabeko proposamen bat baino gehiago ikusiko dugula iruditzen zait"

Ramon Etxezarreta

Ramon Etxezarreta PSE-EEko Donostiako Udaleko zinegotzia da.

Mundu guztia PSEk egingo duenaren zain dago. Zein bide hartuko du?

Lehenik eta behin EAJri ekimena hartzen utzi, ekimen gaitasunik gabe gelditzen den arte. Hori gertatuko balitz PSEk bere txandari helduko lioke.

Baina zenbakiek eman, ematen dute.
Nik uste dut hori baliarazten saiatuko dela PSE. Gobernua edozein delarik ere, gehiengo absolutu abertzalerik gabeko legebiltzarra da oraingo hau; alderdi sozialistaren pisu politikoa askoz ere handiagoa da, eta hori baliarazi beharko du modu batera edo bestera.

erantzun guztia irakurri
09:03, martxoak 2

Sinesmenaren mugak

Mikel Aramendi, analista politikoa

Mikel Aramendi

Sinesmenak probabilitatearekin duen lotura zuzena adierazteko tomistek erabiltzen zuten istorioa, Akinoko Tomas eta idi hegalariarena, erabat ahantzita jaulkiko zuen Erkorekak bere zerri hegalariaren ateraldia kanpainaren erdian. Pena da hain aurrekari bertsua gogoan ez izana, berehala ohartu behar zuelako bestela Patxi Lopezek lehendakari izateko zituen aukeren ugaritasunaz. Hautestontzietan erdipurdiko emaitza erdietsi arren, posible ez ezik probablea ere izaten jarraitzen duen hipotesi horretaz, alegia. Batez ere protagonista nagusiak, nola PSEkoak hala Madrilgo PSOEkoak, ez badira, Erkoreraren moduan, sinesmenen mugez argiro ohartzen.

erantzun guztia irakurri
16:55, otsailak 27

Telefono

Joxemari Ostolaza

Joxemari Ostolaza

Dei zenbait jaso ditut aste honetan. Joan deneko dozena urte deitzaileen berririk ez, eta orain izan dut aukera beraiekin hitz hotz batzuk gurutzatzeko telefonoz. Ez didate nire osasunaz edota nire bizimoduaz arduraturik daudelako telefonatu, ez, denek ere galdera bera egin didate, EAEko hauteskundeetara aurkezten naizen jakin nahi zuten. Gipuzkoako Aralar alderdiaren zerrendan ikusi dute nire izena eta lehen abizena, aitarena alegia. Bigarren abizena, amaren Lertxundi ezagutu izan bazuten ez zidaten deitu ere egingo. Lehen deitzaileari argitu diot bere iluna sano-sano, besteei ez bezala, hauei hitz egiten utzi diet eta telefonoa itzali dut esplikaziorik eman gabe, ni ez nindutela Aralarreko hautagaia esan gabe. Badakit horietako baten nahasiak bide egin duela, ni ongi ezagutzen nauen bati txutxumutxutzat kontatu baitio telefonoz, honen argitasunik izan gabe, ulertu baitu nire adarjotzea. Nire lagun hau argia izaki, eta telecinco kulturaduna bere katuxukaldean utzi du. Merezita. Gehien haserretu nauena, pare baten tonua izan da, zorduna banindute bezalakoa. Argi geratu zaidana zera da, ez dute ARGIA irakurtzen.

erantzun
11:11, otsailak 26

Ibarretxe eusten

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Juan Jose Ibarretxe

Apal joan da kanpaina, honek ez du zerikusirik izan 2001ekoarekin, ez hautagaien arteko tentsioan, ez indarrean eta ezta irainetan ere. Ilegalizazioek ere, beren larritasunean, ez dute orduko girorik berpiztu. Hortik ere atera beharko dira kontuak. Azken egunotan, hala ere, eta batez ere jeltzaleen mesederako, goraka egin du tonuak. Eta horrela jarraituko du igandera arte, itxura guztien arabera, Juan Jose Ibarretxek bere deiadar larriarekin jarraitzen ez badu, EAJk jai izango baitu. Larritasun marka horrek bakarrik salba dezake PSE-PPren gehiengo osotik. Eta hala ere oso gaitz. Hilabeteetako kanpainan Ibarretxek, kirolari trebatuen modura, bere ahalegina ongi modulatu du eta azken txanpan gorantz jarraitzen du, eusten. Lopezek azkarregi ekin zion eta azken egunotan ahitu da. Prentsa komentario askotan partekatzen da ikusmolde hori.

erantzun guztia irakurri
15:36, otsailak 25

Datorren legegintzaldiaren erronkak. Giza eskubideak

Andres Krakenberger, Amnesty International-eko kidea

Andres Krakenberger

  • NBE. Giza eskubideen urraketa larria jasan duten pertsonek helegiteak jarri eta kaltearen konponketak izateko eskubideei buruzko arau ugari onartu ditu Nazio Batuen Erakundeak; Eusko Jaurlaritzak horiekin bat datozen politikak bideratu beharko lituzke; ETAren, segurtasun indarren edo talde inkontrolatuen biktimei begira.
  • Formazioa. Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzak giza eskubideen eremuan duen formazioa berraztertu beharko luke. Aginte karguetan direnen formazio kurtsoetan, gaurkotze eta birziklatze formazioan edota promozio prozesuetan giza eskubideek presentzia handiagoa izan beharko lukete.

erantzun guztia irakurri
12:54, otsailak 25

Komunikabideek nola landu dute hauteskunde kanpaina?

Elisabeth Pombo

Elecciones Vascas 2009

Lehen aldia da hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean komunikabideek informazioa nola landu duten aztertu dela. EHUk martxan jarritako behatokiak eguneroko jarraipena egin du Elecciones Vascas 2009 webgunean eta Facebook eta Twitter bidez ere bai. Behatokiak Berria, Deia, El Correo, El Diario Vasco, El Mundo, El País eta Gara egunkariak eta honako hiru hautagaiak aztertu ditu: Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Antonio Basagoiti, "aukeratutako hautagaiei komunikabideek eskainitako espazioa gainontzeko hautagaiena baino dezente handiagoa izan baita".

erantzun guztia irakurri
10:09, otsailak 24

Datorren legegintzaldiaren erronkak. Ingurumena

David Hoyos, EHUko ingurumen ekonomialaria

David Hoyos

Orain arte inoiz bizi gabeko krisiaren aurrean dago gizateria. Natur baliabideak agortzen ari dira (petrolioa batez ere), eta gure planetak ingurumen degradazio (berotze orokorra, bioaniztasunaren galera…) latza bizi du. Horrek ezinbestean eskatzen du natur baliabideen erabilera naturak berak dituen mugetara egokitzea. Gizarte jasangarriagoa abiatzeko honakoak dira nire ustez Lakuako hurrengo gobernuak lehenetsi beharko lituzkeen norabideak:

erantzun guztia irakurri
09:51, otsailak 24

Datorren legegintzaldiaren erronkak. Elkarbizitza

Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea

Paul Rios

  • ETAren indarkeriaren amaiera eta erabateko errespetua mehatxupean dauden giza eskubide guztiei.
  • ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketa prozesu baten garapena presoen egoerari eta armen entregari irtenbidea emateko, afera politikoak alderdi politikoen arteko eztabaida foro baten esku utziz.
  • Akordio bat definitzea bazterkeriarik gabeko bizikidetza pluralaren alde, zeinetan euskal gizartearen gehiengoak bere burua identifikatuta ikusi ahalko duen.
  • Ezker Abertzaleak ere parte hartu ahal izatea aipatu akordio horren jorratzean. Alderdien Legea indargabetzea eta gizarte sektore horren eskubide politikoak berreskuratzea eskatzen du erronka honek.
  • Herri partaidetzaren sustapen irmoa. Ezinbesteko baldintza da demokrazian sakontzeko eta bakearen eta normalizazioaren alde gizartearen bultzada mantentzeko.

erantzun
15:08, otsailak 23

Zertan utziko dute hauteskundeek bide soberanista?

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Ikurriña

Ikerketa soziologiko gehienek azpimarratzen dute azken 30 urteetan ez dagoela aldaketa handirik Euskal Herriko mapa politikoan, batez ere abertzale eta ez abertzaleen artean. Errealitate horren ispilatze instituzionala hankaz gora geratuko da igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta jakina da bizitzako edozein esparrutan errealitatea desitxuratzen denean, horrek biziki oztopatzen duela konponbide egokien bideratzea. Ez gorde arazoak, azaleratu, hausnartu, eztabaidatu, askatasunez hitz egin, komunikazioa jorratu... horiek dira gatazken ebazpenerako doktrinen oinarrizko arauak guraso eta nerabeen artean, lantegian, eskolan, nazioartean... Gurean ez, PP-PSOEren logikan, legez kanporatzeak terroristen lagunak isolatuko ditu, kontraesanak sortuko dizkie eta azkenean lehertuko dira.

Irakurri artikulu osoa ARGIA astekarian

erantzun
14:57, otsailak 20

Ibarretxe-Lopez nagusi, ezker abertzalea alboratu ondoren

Xabier Letona

Juan Jose Ibarretxe

Kanpaina ofizialeko lehen astea motel joan da, hala diote gehienek. Ibarretxe-Lopez da bikote nagusia, eta EAJ-PSE koalizioa gobernurako apustuetan lehenetsia. Ezker abertzale nagusiari berriz itxi zaizkio ateak.

Irakurri erreportaje osoa ARGIA astekarian

erantzun
13:34, otsailak 20

EAJ-PSE balizko gobernua: Ibarretxe nola gainditu?

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Hauteskunde kanpainaren azken txanpa abiatuta –kanpaina ofiziala–, etengabe emango den biolentzia giroaren agerle izan ziren D3Mren Bilboko manifestazio debekatua eta ondorengo istiluak. Legez kanporatutako ezker abertzalea, ilegalizazioaren aurka eremu guztietan arituko dela erakusten ari da eta denak adierazten du biolentzia giro horrek goraka egingo duela azken egun hauetan. Gainerakoan, aurreikusi bezala, lehia batez ere EAJren eta PSEren artekoa da, emaitza estuak iragartzen dira eta inkestek EAJri nagusitasuna ematen badiote ere, nahiko argi ageri da gobernua eratzeko orain arteko formulak ez direla baliagarriak izango. Formula berrietan dago koska, eta egunetik egunera EAJren eta PSEren arteko koalizioa da indarra hartzen ari dena. Balizko molde horrek Ibarretxe lehendakaria nola gaindituko duen, hori da bolo-bolo dabilena.

erantzun
15:14, otsailak 19

Norbere buruaz

Joxemari Ostolaza

Joxemari Ostolaza

Barre egitea. Esaldi borobila ustezko artisten ahotan. Maiz entzun eta irakurtzen dugun hau, norberaren ezaugarria bailitzan erabiltzen du besteengan irudi bereizgarria adierazi nahi izaten duenak. Taktikoa. Objekzioa, aurretik. Entzuleak interpelatu ez zaitzan, haren balizko galderari aurre hartzean datza. Egokia oso. Ebidentzia azalaraztea da. Txakur-ahotsa duena, bokalizatze ariketak zuzendu behar baldin baditu, hobe du “txakur-ahots honekin…” batez hastea. Patxi Lopezek ez du halako taktikarik ezagutzen nonbait. Energia Berriztagarrien Ikerkuntza Zentroa iragarri du bere programan. Iberdrolarekin egin omen du tratua. Miren Azkaratek, Eusko Jaurlaritzaren izenean erantzun dio. Duela bi urte martxan da, Iberdrola sozio. Ni ere jakitun nintzen, nahiz ez dakidan egia den, nahiz ez dudan ezagutzen. Baina bere garaian publikoa egin zutela banekien. Banekien politikara emanak zernahi esateko gauza zirela, ez gintuztela normaltzak hartzen. Hala ere, Patxi Lopezenak barregura sortu dit. Haurtzaroan gure eskolako baten “bada nire aitonak tankeak ditu” hura gogoratu zidan, hain barregarria jaso nuen. Erridikuloa. Lehendakari izateko egokia. Hautatua beharbada.

erantzun
13:27, otsailak 15

Eusko Legebiltzar ez demokratikoa hautatuko da

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

D3M

Askatasuna eta D3M hauteskunde lehiatik kanpo utzi ondoren, Alderdien Legeak bata bestearen atzetik egotzi ditu hauteskunde lehietatik ezker abertzaleko alderdi edo hautes zerrendak. Oraingoan, eta lehenbiziz ia 30 urtetan, Eusko Legebiltzarrak ez du izango ezker abertzale nagusiaren ordezkaritza politikorik. Nafarroako Legebiltzarrean 2007ko foru hauteskundeetan utzi zuten ordezkaritzarik gabe eta berdin beste udal ugaritan ere. Bizitza instituzionala ez da geratu erakunde horietan, politikariek –haiei dagokien eremuetan bederen– herritarren bizitza kudeatzen jarraitu dute, eta kanporatutakoen aldian behineko protestengatik ez balitz, denak normal jarraitzen duela irudiko luke.

Eusko Legebiltzar ez demokratikoa hautatuko da artikulu osoa irakurri ARGIA astekarian

erantzun
13:36, otsailak 13

Adostua

Joxemari Ostolaza

Joxemari Ostolaza

Zuten. Paktatua. Ezker abertzale baztertuak tratua egina zuen PSOErekin, lehen zerrendaren ostean bigarren bat aurkeztu eta aukera izanen zuen hauteskundeetan parte hartzeko. Lehen zerrendaz bere jendea tentsioan mantendu eta bigarrenaz lasaitu. PSOEk ere, horrela orekatuko zituen bere barne nahasiak eta PP jokoz kanpo utziko zuen. Jukutria honekin espainol jendartearen euskal ezker abertzalearen aurkako harra asetuko zuen eta garaile aterako zen enbarazutik. Erkoreka jaunari entzun nizkion analisi hauek zortzi bat mikrofonoren aitzinean. Publikatuta dago. Bikain. Urkulluk ere baieztatu zituen hitz horiek bereak bailiran. Ez dirudi hortik deus beteko denik eta lehen aldikoz ezker abertzale bortxatuak ez du ordezkaritzarik izango Gasteizko Parlamentuan. Euskaldunon Egunkariaren sorreraren aurka jardun zutenek, honen itxieran barkamenak eskatu gabe bortxakeri haren aurka mintzatu zirenek, orduan bezalaxe hitza jan eta Alderdien Legearen aurka jarraituko dute publikoki, lehiaketa tranpadun hauen ondoriotan plisti-plastan jarraituz inongo plantorik egin gabe. Ez dut besterik espero, EArekin eta Aralarrekin ez bezala, hauengandik elkartasunezko ekintzaren baten zain bainago.

erantzun

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan