Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Ibarretxe oposizio buru?

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Xabier Letona

Bukatu da EAJren txanda eta PSE-EEk ekingo dio orain bereari. Patxi Lopezek azkar egin nahi du bidea eta Ajuria Enera laster iritsi. Horretan saiatuko ei da PPrekin, eta ez dirudi popularren aurrean gauza askotan amore ematekotan direnik, ez behintzat Arabako Diputazioa eta gisakoekin. Egunerokoan, ordea, derrigor nabaritu beharko da haien sostengua, bestela jai du. PPren konfiantza hori da: “Orain bai, tori, baina itxaron, beharko nauzu eta”. Inozoa litzateke legealdiari begira eskuartean duen gozokia lurrera erortzen uztea. Eta, jakina, Lopezek izango du bere beharra. Trago txar bat baino gehiago pasatu beharko dute PSE-EEn ikusmolde baskistena dutenek.

Baina popularren sostenguaz gain, Lopezek jeltzaleena ere bilatuko du, eta lortu ere bai sarri. Landu duen zentralitate diskurtsoari kolpe latza emango dio orain PSE-EEk, eta bere Itaca gobernutik berriz zentralitate hori bilatzea izango da. Krisiari aurre egiteko, nola esan ezetz jeltzaleek, Lopezek ‘zentzuzko’ zerbait jarriko duenean mahaiaren gainean? Edo hizkuntza politikan, nola ezezkorik luzatu Lopezek mahaiaren gainean Euskararen Aholku Batzordean, jeltzale eta sozialistak ardatz, adostutako printzipioei? Edo biktimen politikaren inguruan, edo kutxen batasunari begira... Izango da zertan esan ezetz, seguru, baina ez da samurra jeltzaleen talde parlamentarioa denari ezezkoa luzatzen irudikatzea. Areago gero diputazioak ere gobernatu behar direnean, edo Bilboko Udala, edo...

Irudikagaitzagoa da Juan Jose Ibarretxe oposizio buru lanetan, areago 1998tik lehendakari denean. Eta areago hurrengo hauteskundeetarako EAJren hautagaia izango ez denean. Bai, gehientsuenek interpretatu dute bera funtsezkoa izan dela EAJren garaipenerako, eta hala izan da, zalantza barik, baina asko dira EAJk ondo lotu duela pentsatzen dutenak. Hauteskunde gaueko Iñigo Urkulluren agerpen nagusitasuna aski adierazgarria izan zen. Beraz, badu zentzurik pentsatzea, azkenean EAJ oposiziora badoa, Ibarretxek denbora bat iraungo duela oposizio buru gisa, baina kargu hori gero beste norbaitek ordezkatuko duela. Izenen dantza hor ibili da hauteskunde kanpainan eta oihartzun horiek ez dira oraindik itzali: Andoni Ortuzar, Jose Luis Bilbao, Izaskun Bilbao...

Lehendakaritza laburra iragartzen zaio Patxi Lopezi, bi urtekoa, eta gehienez hirukoa; krisiak Zapatero aurrez aurre eramaten ez badu, 2012an Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeak izango liratekeelako, eta 2011rako PPren eta PSOEren lehiak irentsiko duelako EAEko bien arteko ituna. Ordurako eginda izango diren udal eta foru hauteskundeak osorik gainditzea lortuz gero behinik-behin.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan