Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2009

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Ibarretxe eusten

Xabier Letona, ARGIAko zuzendaria

Juan Jose Ibarretxe

Apal joan da kanpaina, honek ez du zerikusirik izan 2001ekoarekin, ez hautagaien arteko tentsioan, ez indarrean eta ezta irainetan ere. Ilegalizazioek ere, beren larritasunean, ez dute orduko girorik berpiztu. Hortik ere atera beharko dira kontuak. Azken egunotan, hala ere, eta batez ere jeltzaleen mesederako, goraka egin du tonuak. Eta horrela jarraituko du igandera arte, itxura guztien arabera, Juan Jose Ibarretxek bere deiadar larriarekin jarraitzen ez badu, EAJk jai izango baitu. Larritasun marka horrek bakarrik salba dezake PSE-PPren gehiengo osotik. Eta hala ere oso gaitz. Hilabeteetako kanpainan Ibarretxek, kirolari trebatuen modura, bere ahalegina ongi modulatu du eta azken txanpan gorantz jarraitzen du, eusten. Lopezek azkarregi ekin zion eta azken egunotan ahitu da. Prentsa komentario askotan partekatzen da ikusmolde hori.

Dagoen lehia kontuan hartuta, hautagaien arteko tentsiorik ez da. Tentsio eta erasoek molde larriagoa dute: Ilegalizazioak, batzokien aurkako erasoak, Lazkaoko atentatua, herriko tabernaren erasoa... Oraindik, gainera, asko dira ondorengo egunetan ETAk egin dezakeen beste atentaturen baten beldur. Madrilek badaki errealitatea desitxuratu eta bere alde jartzen, erakunde armatuak ere badaki bere modura eragiten. Gogoratu Isaias Carrasco, besteak beste.

Eskerrak EAJk Ibarretxe duen, bestela askoz larriago beharko luke. Denbora luzea beharko du beste halako liderrik moldatzeko. Eta ongi egokitu dira, liderra eta alderdia. Denetik jorratu du EAJk, salbu eta azken legealdiko Ibarretxeren gai izarrak: erabaki eskubidea eta kontsulta. Eta bai berak, bai beste alderdi txikiek emaitza itzelak lortzen dituzte, edo badoa etxera. Lopez izan daiteke lehendakari PPren botoekin, baina legealdi osoan lotuta izateko? Apika bai, baina gaitza ere bai. EAJren eta PSEren arteko akordioa da errealistena, baina Ibarretxek ez du lekurik hor. Aldez aurretik posible ez dena ere, hala ere, behin baino gehiagotan haragiztatu dute emaitzek.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan