Teknikak: nola egiten zituzten?
Artearen sorrera
Kronologia
Paleolitoko artea
Franko-Kantabrikoa
Arte Paleolitoaren gaiak
Teknikak
Interpretazioa
Haitzuloz haitzulo
Hondamena
Informazioa non

Paleolito garaiko pinturak, grabatuak, erliebeak eta eskulturak aurkitu dira. Beltza eta gorria dira pinturan gehien erabili diren koloreak, baita okrea ere. Ez da aurkitu urdin edo berderik. Kolore ezberdinak tonu ezberdinetako lur edo mineralak nahastuz lortzen ziren, animalia koipearekin nahastuta eta noizbait beste elementu organikoren bat gehituta, intsektuak normalean. Pintura pintzelaz aplikatzen zen, baita tanpoiak, espatulak edo behatzak erabiliz ere. Grabatua tresna zorrotz batekin egiten zen, eta buztina zegoen lekuetan behatzekin. Askotan irudiak ertzeko trazarekin bakarrik eginak daude, eta zenbaitetan irudiaren barrua beteta ere bai, kolore bakarraz, bi kolorez edo gehiagoz beteta, edo puntuz beteta, irudiari bolumena eman nahian.

Arte Paleolitoan ez dago neurri handiko eskulturarik, aipatutako venusak eta animalia irudiak dituzten tresna eta objektuak bakarrik aurkitu dira. Erliebeak ere gutxi dira. Batzuetan, artistak arrokaren forma natural bereziren bat aprobetxatu zuen eta gero hori erretokatu, horrela eskultura bat sortuz. Buztinez egindako irudi gutxi batzuk aurkitu dira. Le Tuc d'Audoubert haitzuloan aurkitutako bi bisonte ederrak dira honen adibide.

Teknika ezberdinen konbinazioak ere egin dira. Grabatu batzuk pintura arrastoak dituzte. Kasu askotan irudi margotu edo grabatuak beste irudi zaharragoen gainean eginak daude. Tamaina oso desberdinetan egindako animaliak egoten dira batera, normalean, itxuraz behintzat, animalia guztiak desordenatuta eta nahastuta. Errepresentazio Paleolitoak ez dira antolatzen gaurko parametroen arabera: irudi batzuk bertikalean eginak daude, edo okertuta.


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403