| Kronologia: lehenik, koka gaitezen... |
![]() |
|
Charles Darwin-i esker egun badakigu kreazioa ez zela bapatekoa izan:
gizakia ez zela duela hainbat urte ezerezetik sortu, ezta mago baten kapelatik,
urte askotan zehar sinetsi izan zen bezala. Aitzitik, beheragoko maila
batetik eboluzionatuz sortu zen, eta egungo morfologia eta psikismoa garapen-prozesu
luze baten emaitza da. Tximinoa ez zen egun batetik bestera gizaki bilakatuta
esnatu. Historiaurreko zientziak eta honekin lotura duten gainontzekoek, gure
arbasoen morfologiaz eta bizimoduaz ideia nahiko zehatza irudikatu ahal
izan digute. Ideia nahiko zehatza egiaz, baina ez behin-betikoa: balizko
aurkikuntza berri batek goitik behera alda litzake gaurko teoriak. Dena
dela, zer dakigu egun gure iraganaz? Geologiak adierazten digu 4 edo 5 mila milioi urteko bizitza duen gure
planetan, bizia modu primarioan sortu zela lehenengo. Gutxi gora behera
duela 500 bat milioi urte ornodunak lurrean zabaldu ziren. Lehenengo primateak
duela 70 milioi urte agertu ziren eta gizakiaren agerpena "berriki"
gertatu da: duela 2-3 milioi urte, aro kuaternarioan. Homo habilis gizakitik homo erectus-era, eta hemendik Europa osoan zehar
zabaldu zen Neanderthal gizakira, pentsatzeko gai izan zen lehen homo
sapiens berbera. Azken glaziazioaren lehen erdian, Neanderthal gizakiaren
goreneko unearekin bat datorren erdi-paleolito garaian (150.000-35.000
urte k.a.), indusketa arkeologikoek gizaki hauen nolabaiteko sentimendu
erlijiosoa erakutsi dute. Hildakoen ehorzketei garrantzia ematen diote,
baita garezurraren kultua dirudienari ere. Baina artearen lehen adierazpenak aurkitu ahal izateko, azken glaziazioaren
amaierara "bakarrik" jo behar dugu atzera, goi paleolito gisa
ezagutzea adostu den garaira. Garai honen datak finkatzeak eztabaida luzeak
ekarri baditu ere, orohar k.a. 35.000-8.000 urte artean izan zela onartzen
da. Garai honetan Neanderthal gizakiak Cromagnon edo homo sapiens sapiens-i
bide ematen dio: egungo gizakiaren erabateko antza duen lehenengoa. Azken glaziazioaren amaierak eragin zituen klima aldaketak medio, goi
paleolito garaiaren amaieran, kulturaren bilakaera mantso baina etengabea
dator, mesolitoa edo epipaleolito gisa ezagutzen den garaiari bide emanaz
(8.000-5.000 urte k.a.). Garai honetara arte, adierazpen artistiko Paleolitoak
batasun geografiko eta kronologiko bat osatzen zuten, baina hemendik aurrera,
Europan zehar kultura gune ezberdinak garatu ziren, bakoitza bere nortasunarekin,
arte mota oso desberdinak sortuz. Horien artean, aipagarria da Levante-ko
horma-artea. Neolitoaren etorrerarekin bat, gutxi gora behera, k.a. 5.000-3.000 urte, etapa berri bat irekiko da: kultura ezberdinen ugaltze eta sakabanatzearekin batera, bi eredu ekonomiko berri garatzen dira, nekazaritza eta abeltzaintza. Aro honen garapenarekin bat, lehen hiru kultura historikoak agertuko dira, Egipto, Mesopotamia eta Grezia. Geroago, metalen aroan, Europako prehistoriaren azken hiru garaiak etorriko dira ondotik, k.a. 3.000 urtea eta Erromako inperioa bitartean: eNeolito edo kalkolitikoa, brontze aroa eta burdin aroa. |
|
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |