| Arte Paleolitoaren gaiak |
![]() |
|
Arte Paleolitoa, bai horma-artea eta bai arte higigarria, animaliei buruzkoa
da batez ere: animaliak dira gehien agertzen den gaia, eta beti, perfilez
marraztuak. Gizaki Paleolitoek ez zituzten paisaiak, landare edo zuhaitzak
marraztu, animaliak baizik. Eta animalien artean gehien agertzen direnak
zaldiak eta bisonteak dira. Gutxiago agertzen dira oreinak, zezenak, mamutak
eta ahuntz edo basahuntzak. Are arraroagoak dira hartzak, elur-oreinak,
lehoiak, errinozeronteak, basurdeak eta uroak (zezen primitibo basatia).
Azkenik, txori eta arrainen adibide gutxi batzuk aurkitu dira. Irudietan
agertzen diren animalietako batzuk, jakina, garai hartako gizakiek ezagutu
zituzten, baina gaur desagertuak daude kobak dauden inguruneetan. Horrez
gainera, koba batzuetan badaude hibridoak diren animaliak edo animalia
fantastiko ezezagunak. Geografikoki, toki batzuetan gehiago ageri dira
animalia batzuk eta beste toki batzuetan beste animalia batzuk, baina
leku guztietan zaldia eta bisontea dira gehiengoa. Bigarren gai nagusia zeinuak edo sinbolo eskematikoak dira. Interpretazio
zailena hauena izanik, arte Paleolitoaren gai enigmatikoena da. Zeinu
batzuk konplexuak dira, beste batzuk trazatu sinplekoak. Geziak, sareak,
etxolak edo eskudoak bezala interpretatu izan dira, baina asko interpretaziorik
gabe daude oraindik. Ikertzaile batzuk ilargi edo eguzki egutegi bezala
interpretatu dituzte. Askotan animali irudien ondoan edo gainean aurkitzen
dira. Aluen irudiak ugariak dira, batzuk emakumearen gorputzarekin batera,
beste batzuk gorputzik gabe, alua bakarrik. Giza irudien artean, ezagunak
dira venus deitu diren tamaina txikiko estatuatxoak. Titi, ipurdi eta
aldaka exageratuak dituzte, eta burua, eskuak eta hankak atentzio gutxirekin
eginak edo egin gabeak. Hormetan ere topatu dira halako emakumeen irudiak.
Oso arraroak dira, aitzitik, gizonen irudiak. Orain arteko teoriek ez
dute esplikatu zergatik dauden gizon irudiak nahita gaizki eginak, itxura
deformeekin, animali irudiek izaten duten errealismo eta naturaltasunik
gabe. Gainera, gizonen irudien kopuru handi batean, ezaugarri humanoak
eta animalienak nahasten dira. Antropomorfoak deitu dira irudi hauek.
Animalien adar edo buztanekin batera, beti dute gizakiarena den ezaugarriren
bat, eta maskara edo animalia-larruekin jantzita agertzen dira. Adibide
ezagunena Les Trois Frères kobako "Aztia" da. Irudi hauek
txaman edo sazerdoteen irudiak bezala interpretatu izan dira. Txamanak
mundu espiritualarekin erlazio berezia daukaten gizon edo emakumeak dira.
Beraiengana jotzen da gaixotasun edo zorigaitz garaietan, komunitatearen
izenean izpirituen aurrean bitartekotza egin dezaten. Ehizarako animalia
gutxi dagoenean eta komunitatearen superbibentzia jokoan dagoenean, txamana
trantzean sartzen da eta bere arima bidaltzen du animaliak gobernatzen
dituen izpirituarengana, animalia gehiago bidal dezan konbentzitzera.
Ikertzaile askorengan zirrara eragin duen gaietako bat eskuen irudiak dira, nolabait lehenengo artista haien benetako arrasto zuzena baitira. Esku positiboak eta negatiboak daude. Esku positiboa eskua pinturaz estali eta horman presionatuz lortzen da. Negatiboak berriz arte Paleolitoan arrunta ez den teknika batez eginak dira: eskua horman jarri eta bere gainera ahoz edo zerbatana batez pintura putz eginez. Eskuen irudiak koba gutxitan daude. Adibide nagusia Gargas-eko koba da. Gargas-en 200 esku irudi baino gehiago daude. Eskuen irudiei buruzko jakin-mina are gehiago pizten duten datu batzuk daude gainera: haitzuloetan aurkitu diren esku gehienak ezkerrak dira, eta asko eta asko, emakumeenak eta haurrenak. Eta gainera, asko ez daude osorik, behatz batzuei zatiak falta zaizkie. Mutilazio horiek esplikatu nahian, teoria ezberdinak plazaratu dira. Garai hartan klima orain baino askoz hotzagoa zenez, gizaki Paleolitoek izozteengatik behatz zatiak galtzen zituztela dio batek. Beste azalpen baten arabera, nahita mozten zituzten behatz zatiak, tribuko norbait hiltzen zenean edo zorigaitz handiko garaietan, izpirituak lasaitzeko errito bat zela medio. Honako ohitura kultura tradizional batzuetan praktika ezaguna da. Baina, hala ere, ez dirudi oso logikoa gizakia ehiztari eta fruta biltzaile zen garai hartan eskuetako behatzak sakrifikatzea. Gainera, harrigarria da eskuen behatz potoloa beti ageri dela osorik. Beste esplikazio posible batek dio eskua margotzerakoan nahita tolesten zituztela behatz batzuk. Zergatik edo zertarako ez dakigu, esan izan da zeinuen lengoaia edo kode bat dela. |
|
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |